}

Biriken funtzioaren diagnostikoa ordenadore bidez

1991/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ibermatika-k birika-funtzioaren diagnostiko automatikorako sistema instalatu du Asturiaseko Ospitale Nagusian.

Sistema hau ospitale-kopuru handi batean aplika daiteke, zentruak duen azpiegitura elektromediko osoa aprobetxatzen delarik.

Torax-eko imajina bakar batetik abiatuz, orain arte gaixoarentzat proba luze eta gogorrak eskatzen zituzten egoerak zehaz daitezke, aipatu ospitaleko biriketako aditu batek dioenez. Sistema hau oraindik proba-fasean badago ere, Valentzian ospatuko den Nazioarteko XX. Erradiologi Kongresuan aurkeztuko da.

Ordenadore batek eta ikusmen artifizialerako eta irudien tratamendu digitalerako sistema batek osatzen dute teknologia berri honen euskarri fisikoa. Ibermatikako arduradunek instalazio osoaren kostua hamabost milioi ingurukoa izango dela esaten dute.

Gaixoen birika-funtzioa analizatzeko prozesua, X izpizko aparatuek edota molekulen erresonantzia magnetikoek sortzen dituzten imajinak jaso eta modu digitalean gordetzen dituen irudi-harrapatzaile batekin hasten da. Bereizmen handiko pantaila eta teklatua dituen monitore batean, imajinak, grafikoak eta mezu alfanumerikoak aldi berean ikusi ahal izango dira, eta azkenean, bereizmen handiko inprimagailuak inprimatuko du biriken miaketaren emaitza.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia