}

Bioetika: nola definitu eta konpondu arazoak

2003/11/13 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Bioetikari buruzko mahai-ingurua egin zen atzo, Zientzia eta Teknologiaren 2. astearen barruan. Lau hizlarik hartu zuten parte eta EHUko filosofia irakasle Andoni Ibarrak moderatu zuen ekitaldia. Oro har, bioetikak sortzen dituen kezka eta eztabaidak nola konpondu izan dute hizpide; modu batean edo bestean gizarteak parte hartu beharra azpimarratu dute. Parte-hartzaileak:
  • Leire Eskajedo andrea, Zuzenbideari eta Giza Genomari buruzko Unibertsitatearteko Katedrakoa (EHU-Deustu).
  • Marcelo Palacios jauna, SIBI Nazioarteko Bioetika Elkarteko Batzorde Zientifikoko lehendakaria.
  • Carlos Alonso jauna, Severo Ochoa Biologia Molekurreko Zentrokoa.
  • Enrique Iáñez jauna, Granadako Unibertsitateko Bioteknologia Institutukoa.

Lehenik 10 minutuko saioa egin du bakoitzak eta, ondoren, eztabaidarako denbora utzi da. Carlos Alonsok eman du bere ikuspuntua lehendabizi, eta definizio egokia jo du bioetika-arazoei ekiteko abiapuntu ezinbestekotzat; horrela eginez gero, konpontze-bidean lan-erdia egina legokeela uste du.

Definizio horretarako, baina, hainbat punturen beharra ikusten du: i) arazoaren identifikazio egokia, hots eztabaida-arloa identifikatzea (medikuntza prediktiboa, sendatzekoa, bioteknologiak eragindako ipar/hego banaketa teknologiko zein kulturala…). ii) identifikatutako arazoaren karakterizazio egokia, non eta noiz gertatu den kontuan hartuta. Definizioaren ondoren, ordea, arazoa konpontzea dator eta, horretarako, 3 modu aipatu ditu: i) egoera edo modu objektibista (aztertu eta ebatzi), baina modu hori aldatu egin dela dio, egia edo egoera absolutu eta objektiborik ezean; ii) Arrazionalki aztertuta, baina hemen ere bakoitzak arrazionalizatzeko modu desberdina dugu; eta iii) egia bilatu eta garatuta, bere iritziz ez baitu balio eztabaida batera estrategia jakinak eramateak.

Leire Eskajedo izan da bere ikuspuntua ematen bigarrena. Hain zuzen ere, gehigarri bat erantsi dio izenburuari: "Zuzenbidearen ikuspuntutik". Bere esanean, zuzenbidea izugarri formalizatua dago, eta horrek abantailak eta arriskuak ditu. Zuzenbideak gure bizitzako ia arlo guztiak arautzen ditu, eta horrek askotan faltsua den segurtasun-ustea ematen dio jendeari. Eta bioteknologian ere segurtasun-sentipen hori bera eskatzen du gizarteak. Bioteknologiak sortzen dituen gatazkak bost taldetan banatu ditu: pertsonen intimitatea, giza DNAren manipulazioa, ikerketarako askatasuna, patente bioteknologikoak eta osasunean eta ingurumenean duen eragina. Horiek guztiak arautzeko zuzenbideak ez duela ezer asmatu dio eta eztabaida pluralaren beharra ikusten du. Hala ere, indarrean dauden arauak egon badaudela dio –nazioartean, Europa mailan…–. Azkenik, Leire eskajedoren iritziz, zuzenbidea bioteknologian eraginkorra izan dadin, hiru puntu hartu behar dira kontuan: i) muga nazionalak gainditzea gaur egungo globalizazio-maila ikusita, ii) bioteknologiaren gehiegizko erabilera eragoztea, baina ikerketa oztopatu gabe eta iii) gure sistema sozial eta juridikoko baloreak gurutzatzea: norbanakoen eskubideak, ingurumena eta ikerketarako eskubidea.

Enrique Iáñez-ek, aurrekoek esandakoaren garrantzia eta sakontasuna goraipatu ondoren, bioteknologiaren etikan bi arlo lotu nahi izan ditu: eztabaida soziala eta ikerketarako askatasuna. Bere ustez, bioteknologia probak egoteko gune egokia da gizarteak teknologiaren gain eragiteari dagokionez. Arazoak ebazteko gizarteak nola eragin behar duen finkatu behar dela aldarrikatu du: adituen batzordeen bidez soilik, eztabaida irekiekin… Ondoren, bioteknologiak sortzen dizkion hainbat kezkatatik bi aipatu ditu: giza izaeran izan dezakeen eragina izaera artifizialki aldatzeko gai izan gaitezkeen neurrian, eta enbrioien ikerketaren inguruan, bereziki eugenesiaz.

Azkenik, Manolo Palacios-ek eman du bere ikuspuntua. Bioteknologiaren aurrerapenez eta arriskuez hitz egin du luze eta zabal, baina, azkenean, bere ustez bioetikak izan behar lituzkeen printzipioetan bildu du esandakoa: i) autokritika printzipioa ezinbestekoa dela dio; ii) horren jarraipen gisa heterokritikaren beharra, iii) errealitate objektiboa ezagutu eta onartu beharra; iv) eragileen edo induktoreen (mediku, enpresari, politiko…) erantzukizuna hartzaileekiko; eta v) intimitatearen errespetua. Hori guztia enpresa bakarra humanitatea delakoan. Eta, hori bai, gizartea berak ulertzeko moduan informatuta eta norbanakoa aintzakotzat hartuta.

Interbentzio horien ondoren pare bat galdera egin dituzte entzuleek eta horien inguruko gogoetak egin dituzte: erlijio eta sinismenen eragina bioteknologian, multinazionalen eragina ikerketa bioteknologikoan, gizartea egoki eta ito gabe informatu beharraz… Pil-pilean dauden eta kezka sortzen duten gai interesgarriak, inolaz ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia