Bikingoen DNAren kontakizuna
2020/09/24 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Ikerketa genetiko handi batek ideia hori indartu du aste honetan Nature aldizkarian argitaratu dutenaren arabera. Ikerketa genetiko erraldoia da, VIII. mendetik XI. mendera bitarteko bikingoen aztarnetatik egina. Aztarna asko Eskandinavian bertan hartutakoak dira, baina ez han bakarrik. Beste toki askotako aztarnak ere aztertu dituzte. Izan ere, Bikingoen zabalkundea mende haietan sekulakoa izan zen; Britainia Handia eta Irlandatik hasita, Europa osoan zabaldu eta instalatu baitziren. Normandia, horregatik deitzen da Normandia; Nordmen (iparraldeko jendea) han instalatu zelako.
Euskal Herrian ere izan ziren luzaroan, gure iparraldeko kostan Baionatik Hondarribiraino adibidez. Eta Baltiko osoan; Errusiaraino, Atlantikoan eta Meditarraneoan Itsaso Beltzeraino eta Danubiotik gora. Eta noski, Islandia, Groenlandia eta Ipar Amerikaraino ere iritsi ziren. Ikerketa honek hezurrak hartu ditu leku horietatik guztietatik, eta haietatik erauzitako DNAk aztertu du. Ipar Amerikan, aldiz, ez dute hezurrik aurkitu.
Eta emaitzak interesgarriak dira. Orokorrean, historialariek kontatu digutenarekin bat datoz eta ez da ezustekorik izan. Xehetasunetan ordea, (detaile txikietan alegia,) emaitzak harrigarriak izan dira. Batetik, ez dago nahasketa handirik Eskandinavian bertan: Suediakoak eta Danimarkakoak, adibidez, ez daude oso nahastuta haien artean. Gertukoak zirenak, beraz, ez ziren asko nahastu. Bestetik, beste kontu bitxi bat topatu dute: kulturalki bikingoenak diren aztarna askok (alegia, bikingoen hilobiratze tipikoenak, eta horrelakoek) ez dute Eskandinaviako jatorririk. Norvegian bertan hilobiratutako gorputz batzuk, adibidez, saamiak dira, Siberia aldeko etnia batekoak. Beste batzuk Irlanda edo Eskoziakoak ziren. Alegia, Bikingoa izatea beraz, ez zen etnia jakin bateko edo etnien multzo bateko kidea izatea, eta Nature aldizkariko albisteetan, titular polita eman dute hori adierazteko: “Bikingo” izatea ogibide bat zen, eta ez herentziako kontu bat, DNAren ikerketa erraldoi baten arabera.
Aspalditik esan dute hori historialariek: Bikingoa ez da Eskandinavia eta Danimarkan jaio dena, baizik eta itsasoko espedizio erasokorretan parte hartzen duena. Interesgarria.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia