Banatzailea eta komertzializatzailea: argindarraren bi aurpegiak

Argia joan da. Nori deitu behar diozu? Askok ez dakite, eta ez da harritzekoa: argindarraren atzean bi enpresa daude, eta askotan antzeko izenak dituzte. Nahasmenak saihesteko, hona hemen bakoitzaren eginkizunen arteko alderaketa.

1. irudia: Estatu mailan dauden enpresa banatzaile nagusiak.


Sistema elektriko osoa kate baten antzekoa da, eta lau fase nagusitan banatzen da: sorkuntza, garraioa, banaketa eta komertzializazioa1. Urrats bakoitzak funtzio jakin bat du, eta ez da guztia merkatu librean egiten: bi jarduera lehia-erregimenean egiten dira, eta beste biak monopolio naturalak dira.

  1. Sorkuntza (merkatu librea): Lehen urratsean, elektrizitatea hainbat iturritatik sortzen da: zentral termikoak, hidroelektrikoak, eolikoak, fotovoltaikoak edo nuklearrak. Ekoizle horiek merkatu librean lehiatzen dira, hau da, edozein enpresa izan daiteke energia-sortzailea.
  2. Garraioa (monopolioa): Bigarren fasean, elektrizitatea tentsio oso altuan garraiatzen da efizientzia hobetu nahian, normalean sorkuntza eta kontsumoa puntu desberdinetan gertatzen direlako. Espainian garraio-sarearen operadore bakarra Red Eléctrica de España (REE) da, eta bere eginkizuna energia zentraletatik banaketa-sare nagusietara eramatea da. Garraioa jarduera arautua da, sare bakarra dagoelako estatu mailan eta ezin delako bikoiztu eraginkortasuna bermatzeko.
  3. Banaketa (monopolio erregionala): Banatzaileek garraio-saretik jasotzen dute elektrizitatea, eta tentsio baxuagoan banatzen dute etxeetara eta enpresetara. Banaketa monopolio naturala da; izan ere, hornidura-puntu bakoitza banatzaile baten sarera konektatuta dago, eta kontsumitzaileak ezin du banatzaile hori aukeratu.
  4. Komertzializazioa (merkatu librea): Azken urrats hau, berriro ere, merkatu librean egiten da. Hau da, kontsumitzaileak libreki aukeratu dezake zein enpresarekin kontratua sinatu.

MLBNk (Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionala) sektore elektrikoaren funtzionamendua, gardentasuna eta lehia gainbegiratzen ditu, beste administrazio eta erakunde batzuekin batera.

Testu-koadroa1


Zergatik da garrantzitsua bereiztea?

Kontsumitzaileentzat hornidura elektrikoan bi eragile nagusi daude: banatzailea eta komertzializatzailea. Biak elkarren osagarriak dira, baina bakoitzak bere eginkizuna du2. Hala ere, askotan kontsumitzaileok nahastu egiten ditugu. Desberdintasun horiek ondo ezagutzeak balio du erreklamazioak bideratzeko, faktura hobeto ulertzeko eta tarifa egokiena aukeratzeko.

Banaketa

2. irudia: Energia elektrikoaren bidea.


Banatzailea: sarearen arduraduna

Banatzailearen helburua argindarra fisikoki etxeetara helduko dela bermatzea da. Horretarako, azpiegitura elektrikoa kudeatzen du (kableak, transformadoreak, kontagailuak, etab.), eta mantentze-lanak egiten ditu. Horrez gain, instalazioetako matxurak konpontzen ditu, hornidura-etenak kudeatzen ditu, kontagailuen neurketak egiten ditu eta datuak komertzializatzaileari bidaltzen dizkio.

Banatzailea ezin da aukeratu: lurralde bakoitzak banatzaile jakin bat esleituta du. Espainian ohikoak dira, besteak beste: i-DE (Iberdrola), e-Distribución (Endesa), UFD (Naturgy), E-Redes eta Viesgo (EDP); banatzaile bakoitzak bere jardun-eremua du. 1. irudian, estatu mailan aurkitu daitezkeen bost banatzaile nagusiak ageri dira, bakoitzak dituen gune nagusiak nabarmenduta. Edonola ere, badira estatu mailan zonalde txiki batzuetan zerbitzua ematen duten beste enpresa independente batzuk. Enpresa horiek bi elkarte nagusitan bilduta daude: ASEME (Asociación de Empresas Eléctricas) eta CIDE (Asociación de Distribuidores CIDE).

Euskal Autonomia Erkidegoan i-DE (Iberdrola) da banatzaile nagusia. Hala ere, herri eta gune txiki batzuetan tokiko beste enpresa batzuek ere egiten dute banaketa-lana3: Araban, Aramaioko Argindar Banatzailea S.A.; Bizkaian, Distribuidora de Electricidad Larrañaga S.L.; eta Gipuzkoan, Tolosako Tolargi S.L., adibidez.

Testu-koadroa2


Komertzializatzailea: zure hornitzailea

Komertzializatzailea argindarra saltzen duen enpresa da, eta erabiltzaileok harekin sinatzen dugu kontratua. Kontsumitzaileek merkatu libreko tarifa bat edo, baldintzak betez gero, tarifa arautua aukeratu dezakete (PVPC - Precio Voluntario para el Pequeño Consumidor edo kontsumitzaile txikiarentzako borondatezko prezioa). PVPCa erreferentziazko komertzializatzaileek soilik eskaintzen dute. Azken kasu honetan, energiaren prezioa desberdina izango da kontsumitutako momentua zein den kontuan izanda, eta kontsumitzaileok prezio hori onartu beharko dugu. Merkatu librean, aldiz, egun osoan zehar energiaren prezio berdina izatea edo ordu-tarte desberdinetan prezio desberdinak izatea adostu genezake.

Komertzializatzaileak fakturazioa eta tarifen kudeaketa egiten ditu. Gainera, kontsumitzaileei arreta ematen die, fakturari edo baldintzei buruzko zalantzak argitzeko, eta kontratu-aldaketak kudeatzen ditu: titularra, potentzia edo tarifa aldatzeko eskaerak. Azkenik, aholkularitza ematen du, kontsumoari egokitutako tarifa eta baldintzak proposatuz.

Estatu mailan 400 komertzializatzaile baino gehiago daude. Dena dela, argindar-sektorea bost talde nagusiren esku dago neurri handi batean3,4,5. Horietako bakoitzak baditu banaketa-enpresak eta komertzializatzaileak, nahiz eta legez bi jarduera horiek bereizi behar diren. Hau da, legeak agintzen du banaketa erregulatua izatea eta komertzializazioa libreki egitea, eta, horregatik, pertsona juridiko desberdinek kudeatu behar dituzte, talde korporatibo berekoak izan arren.

Gainera, talde handi hauek bi komertzializatzaile desberdin izaten dituzte: alde batetik, merkatu libreko tarifak eskaintzen dituztenak, eta, bestetik, merkatu erregulatuan (PVPC) eskaintzen dituztenak. Horregatik, talde handi horiek beren komertzializatzaileei izen desberdinak jartzen dizkiete, banatzailetik bereizteko. Hala ere, antzeko izenek nahasmena sor dezakete: erabiltzaile askok uste izaten dute banatzaileari eta ez komertzializatzaileari kontratatzen diotela.

Bien eginkizunak taula honetan laburbildu dira:

Taula1


Testu-koadroa3


Biak bereizten ikastea

Argindarraren sektorea ulertzea funtsezkoa da kontsumitzaileok informazio gehiagorekin eta lasaitasun handiagoz jarduteko. Banatzailearen eta komertzializatzailearen eginkizunak bereizten ditugunean, argiago ikusten dugu norengana jo behar dugun arazo tekniko baten aurrean, eta non dugun aukeratzeko eta alderatzeko askatasuna. Ezagutza horrek egunerokoan laguntzen du, faktura ulertzen, tarifak konparatzen eta gure beharretara hobekien egokitzen den aukera hautatzen. Azken finean, informazioa izatea da energia-horniduraren kudeaketan kontsumitzaile aktibo eta kontziente izateko gakoa.

Erreferentziak

[1] Endesa. El funcionamiento del sistema eléctrico. url: https://www.endesa.com/es/la-cara-e/red-electrica/funcionamiento-sistema-electrico-generacion-transmision-distribucion.

[2] Lorena Fernández Villalvilla. Diferencias entre comercializadora y distribuidora de luz. i-DE, Grupo Iberdrola. url: https://www.i-de.es/novedades/detalle/comercializadoras-distribuidoras-luz-diferencias.

[3] Comisión Nacional de los Mercados y la Competencia. Listado de distribuidoras de electricidad. url: https://sede.cnmc.gob.es/listado/censo/1.

[4] Comisión Nacional de los Mercados y la Competencia. Listado de comercializadoras de electricidad. url: https://sede.cnmc.gob.es/listado/censo/2.

[5] Comisión Nacional de los Mercados y la Competencia. Listado de comercializadoras de referencia de electricidad. url: https://sede.cnmc.gob.es/listado/censo/16.

Asier Dávila Peña

E4GRID ikerketa-taldea. Gasteizko Ingeniaritza Eskola.

Ander De Marcos Arocena

E4GRID ikerketa-taldea. Eibarko Ingeniaritza Eskola.

Sara Alonso Salazar

E4GRID ikerketa-taldea. Gasteizko Ingeniaritza Eskola.

Jose Manuel Gonzalez Perez

E4GRID ikerketa-taldea. Gasteizko Ingeniaritza Eskola.

Markel Fernandez Zubizarreta

E4GRID ikerketa-taldea. Gasteizko Ingeniaritza Eskola.

Alain Sánchez Ruiz

E4GRID ikerketa-taldea. Gasteizko Ingeniaritza Eskola.