Bananak arriskuan

2003/01/22 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Onddo batzuek eragindako bi gaixotasunek arriskuan jarri dute bananen ekoizpena.

Arazo larria da. Mycosphaerella fijiensis eta Fusarium sp. onddoek eragiten dituzten gaixotasunei ezin diete aurre egin bananondoek. Ez dute onddoekiko erresistentziarik, eta gaixo daude.

Landare horiek galtzen badira, bananen ekoizpena galdu egingo da, eta horrek eragin handia izango du Erdialdeko Amerikako, Afrikako eta Asiako herri askotan. Han, banana funtsezko elikagaia da pertsona askorentzat; bananak galtzeak sekulako krisialdia eta gosetea sortuko lituzke lurralde haietan.

Arazo zaila da konpontzeko, munduan bananondoaren barietate oso gutxi landatzen direlako. Fruta-arbola gehienak bezala, genotipo batetik klonatuta ugaltzen dituzte nekazariek. Zuhaitz asko hazteko prozedura eraginkorra da; hala eta guztiz ere, espeziearen dibertsitatea hain txikia izanda, gaixotzen badira, ez dago barietate erresistenteak salbatzeko itxaropen handirik.

Landareak osasuntsuak zirenean ere, egoera ez zen naturala. Munduko bananen erdiak, adibidez, Cavendish barietateko aleak dira. Saltzen diren bananak antzuak izateaz gain, triploideak ere badira (kromosoma bakoitzaren hiru kopia dituzte genoman). Naturan, bananek haziak dituzte eta, noski, diploideak dira. Oso eraldatutako produktua da, beraz. Zer egin daiteke banana sendatzeko?

Batzuen iritziz, ingeniaritza genetikoa da konponbidea: bananondoei erresistentzia eragiten duten geneak sartzen bazaizkie, agian galdu baino lehen senda litezke. Dena dela, erabaki horrek polemika handia dakar, produktu transgenikoak bilakatuko liratekeelako.

Nolanahi ere, zientzialariak bananondoaren genoma deskodetzen ari dira, konponbide gehiago aurkitu ahal izateko.