}

B hepatitisaren aurkako txerto berria

1988/12/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hepatitisa gibeleko erasana da; hantura-zeinuak ezaugarritzen duen erasana hain zuzen. Gaur egun usuena Hepatitis BIRALA da, baina badira hepatitis bakterianoak ere.

Germenak odol-korrontean zehar iristen dira gibelera eta hau handituz hasten da, zornetzen, abzesua sortu arte. Prozesuak aurrera segitzen badu, gibela haustera irits daiteke, infekzioa beste organoetara barreiatuz (peritoneoa, pleura, birikak).

Hepatitis birala

Eta honen barruan, bereziki hepatitis akutua.

Edozein adinetan ager daitekeen arren, bereziki gaztaroan eta haurtzaroan agertzen da.

Bi mota nagusi daude; antzekoak ikuspegi klinikotik, baina oso desberdinak epidemiologiaren aldetik.

Hepatitis infekziosoa

Bapatean agertzen da, epidemi gisa (eskola, koartel, etab.etan). Inkubazio-aldia motza da (2-6 aste). Birusa liseri bidez sartzen da (jaki kutsatuak ahoratzeagatik).

Hepatitis serikoa

Beren odolean birusa daramaten pertsonen (pertsona eramaileen) odolarekin edo beste likidoren batekin harremanetan egon direnek hartzen dute: inokulazioz batez ere (transfusioak, xiringak, etab.). Inkubazio-aldia luzeagoa da (2-6 hilabete).

Bi birus-mota desberdinek sortuak direla uste da; A eta B birusak hurrenez hurren. Beraz A hepatitisaz eta B hepatitisaz hitz egingo dugu aurrerantzean. Beste birus bat ere bada: Delta birusa, ugaltzeko B birusaren presentzia behar duena. Honek Delta hepatitisa sortuko luke.

Azkenik ez-A ez-B hepatitisa aipatuko dut. Terminologia honek gure ezjakintasuna besterik ez du erakusten; birusen izaerari buruzko ezjakintasuna alegia. Ez-A ez-B hepatitis hauen arrisku nagusia zera da: kronikotasunera eboluzionatzeko duten erraztasuna (kasuen %50).



Hepatitis kronikoa

Normalean urtebete baino gehiago irauten duen gibeleko prozesu inflamatorioa, kroniko hitzaz izendatzen da. Iraupenarekin batera, zirrosiak dakartzan gibeleko egituren aldaketa ere hartu behar da kontutan. Hepatitis kronikoa honelakoa izan daiteke:

  • Iraunkorra. Gibela ez da gehiegi erasaten. Pronostikoa ona da. Kasurik gehienetan prozesu luze baten ondotik (urtetakoa ere bai agian), lesioek atzera egiten dute (nolabaiteko sendaketa).
  • Agresiboa edo erasokorra. Eboluzioa grabeagoa da eta kasu askotan zirrosian bukatzen da arazoa.

Hepatitis kronikoaren arrazoiak ez dira oso ongi ezagutzen. Batzuetan hepatitis biral akutu baten ondorioak izan daitezke. Beste batzuetan, ordea, hasieratik dira kronikoak.

H. kronikoak gehienbat emakumezkoetan agertzen dira (pertsona gazteetan gainera). Hasiera isilekoa du, nekea (astenia), apetitu-galera, mehartzea eta agian larruazalak eta mukosak horitu egiten dira. Sintomak hobetu daitezke, baina baita okerragotu ere.

Gibela handitua dago eta barea ere bai.

Laborategiko emaitzak: transaminasak gehituak (era agresiboan bereziki), G globulina ere bai, GJA ere gehitua eta bilirrubina odolean (normala baino altuagoa).

Hepatitisaren tratamendua

Hepatitis-motak baldintzatua dago, noski.

Normalean atsedenaldia gomendatzen da (ohean, hasieran behintzat); jan-neurri normokalorikoa, baina garai batean baino askoz ere libreagoa; bitaminak; gibel-babesleak.

Ez dago, berez, inolako tratamendu berezirik, inmunoestimulatzaileak salbu (zianidanolak, adib., bere baliagarritasuna frogatu du entseiu kontrolatuetan).

Dena den, badira hiru arau:

  • Kortikoiderik ez eman inoiz.
  • Kontrol analitikoak (protronbina, TOG, TPG) eta klinikoak astero egitea, hepatitisaren eboluzioa kontrolatu ahal izateko. Kasu berezietan ospitaleratzea beharrezkoa izan daiteke.
  • Hirugarren eta seigarren hilabeteetan egindako berrikuspenen bidez prozesua sendatu den ala ez egiaztatu behar da. Horretarako transaminasak determinatuko dira eta baita B birusaren antigenoak ere (HBs eta HBe Antigenoak bereziki), kronikotasunerako eboluzioa oharkabean pasa ez dakigun.

Hepatitisaren prebentzioa

A hepatitisaren kasuan neurri profilaktiko orokorrak dira (uren kontrola, depurazioa eta arazketa, eta gordinik jango diren jakien kontrol sanitarioa, mariskoena adibidez). Badira beste neurri prebentibo espezifikoagoak ere (inmunizazioa bereziki) inmunoglobulina standard-en bidez, birusaren esposizioaren aurretik edota ondorengo bi asteetan. Neurri honek %80-90eko babesa ziurtatzen du.

Tratamendu gisa, A birusaren aurka ez dago gaur egun inolako botika eraginkorrik. Inmunoglobulinek ez dute eraginik infekzioa jadanik deklaratu denean. Hala ere, A hepatitisean ez da inoiz forma kronikorik deskribatu.

B hepatitisaren kasua, ordea, oso bestelakoa da.

Birusa bera potentzialki onkogenoa da gizakiarentzat, eta B birusa gibeleko tumoreen etiopatogenian zuzenki inplikatua dago. B hepatitisak zirrosia hasieran, eta gibeleko tumore primitiboa sor dezake kasu askotan.

Eta zein da birusaren erreserbario edo gordailua? Gizakia nagusiki. Infekzioa askotan asintomatikoa denez (oharkabean pasatzen denez), eramaileak ez dira detektatzen kasu askotan, eta kutsapena odolaren edo odol-eratorrien bidez gertatzen da.

Ikus ditzagun, ondoren, transmisio-bide nagusiak:

  • IATROGENOA. Arriskua maximoa da erizain, mediku, dentista eta laborategiko teknikoen kasuan. Hemodialisiko unitateek (gaixoek eta sanitateko pertsonalak) arrisku berezia dute. Horregatik, hepatitis birala eritasun profesional bezala izendatua izan da aipatu talde guztietan.
  • SEXUALA. Itxuraz ohekide-kopuruarekin lotua dago. Honek esplikatuko luke homosexualen edota prostituten arrisku handiagoa.
  • FAMILI BARNEKOA. Transmisio-bide honen mekanismoak ez dira oraindik zehatz mehatz ezagutzen.
  • HAURDUNALDIA. Amagandik fetuaganako transmisioa derrigorrezkoa da ama birusaren eramaile kronikoa denean edota haurdunaldiaren azken hiruhilabetean infektatu denean. Horrela infektaturiko jaioberria birus-emaile kroniko bihurtuko da. Malformaziorik ez da inoiz deskribatu.

Mundu osoan 280 milioitik gora dira (azken estimazioen arabera) B birusa bere odolean daramatenak, edo bestela esanda eramaile kroniko asintomatikoak. OMEren zenbait estatistikek diotenez, B birusaren eramaileak populazio osoaren %20ra iristen dira zenbait area endemikotan (eta Asiako edo Saharaz beheko Afrikako leku jakinetan prebalentzia %80 inguruan dabil).

Pertsonal sanitarioari dagokionez, ingurune ospitalarioan egindako azterketa desberdinek prebalentzi eta kutsapen-zifra kezkagarriak eskaintzen dizkigute: urgentzi saletako erizainak (%30) odol-bankuetako pertsonala (%26), laborategiko teknikoak (%24), benabarnetako transfusioak egiten dituzten pertsonak (%22), kirurgilariak (%11) eta ardura trinkoetako erizainak (%10).

Aurrez ikusi dugun panorama horren aurrean, zer egin? Argi dago, gaur egun, eritasuna desagerteraztera eraman gaitzakeen bide bakarra prebentzioa dela. Eta hemen aipatu beharra dago B hepatitisaren aurkako txertoa.

Gaur egun bi txerto-mota desberdin dauzkagu. Duela urte batzuetatik hona plasmatik ateratako txertoa erabiltzeko moduan dago, baina batetik fabrikatzeko garestia izateak, eta bestetik bere segurtasunari buruz agertu diren zalantzak (gehienetan arrazoirik gabekoak) asko mugatu dute txerto honen erabilera.

Dena den, gaur egun merkatuan badaude beste txerto batzuk: genetikoki landuak, "BELAUNALDI BERRIKOAK", baina baita "SORKUNTZA BERRIKOAK" dei genitzakeenak ere. Giza plasmarik gabe eratuak daudenez gero, ez dago odol-emaitzarengatiko infekzio gurutzatuen arrisku teorikorik. Injinerutza genetikoak, bestalde, txertoak nahi adina eta prezio egokian eskuratzeko ahalbidea ematen du.

Injinerutza genetikoak aurrerapen handiak egin ditu oso arlo desberdinetan. Eta duela zazpi bat urte hasi ziren txerto berria lortzeko saioak, baina birusaren genomatik ateratako genea bakterio batengan ugaltzeko saio guztiak alferrikakoak suertatu ziren. Azkenean, produkzio-tresna bezala legamia bat hartu zen (garagar edo ogiaren legamiaren antzekoa) hazteko eta antigenoa behin eta berriz ugaltzeko gai izan zen.

Kopuruz behar adina ugaldu denean, antigenoa legamiaren zeluletatik atera eta teknika berezien arabera garbitu edo purifikatu egiten da. Gure artean salgai jarri den txertoa (ENGERIX-B izenekoa) etxe komertzial edo laborategi jakin batek prestatu du.

Txerto hau oso eraginkorra da, lortzen den inmunitate-maila oso altua delarik (%100 inguru, aholkaturiko hiru dosiak hartu eta hilabete barru). Zein da, bada, administrazio-pauta? Hiru dosi hartzea gomendatzen da: lehenengoa, hilabetera eta sei hilabetera. Injinerutza genetikoz lortutako txertoa klinikoki segurua da, ongi jasaten da (bai pertsona helduek eta baita ume edo jaioberriek ere). Dena den, txerto honek ez lituzke hepatitisa duten edo eduki dezaketen pertsonei ematen zaizkien bestelako ardura edo laguntzak baztertu behar.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia