Azkeneko bost urteetan % 76 ugaritu da EAEko zientzia-ekoizpena
2011/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
EAEko ikerketa zientifikoaren egoerari buruzko lehen txostena argitaratu du Ikerbasquek
EAEko zientzia- eta ikerketa-jardunaren bilakaerari eta egungo egoerari buruzko lehen txostenaren emaitzak aurkeztu ditu Ikerbasquek, Euskal Zientzia Fundazioak. 2002tik 2009ra arteko aldia aztertu dute, eta, hemendik aurrera, txostena urtero berrituko dutela adierazi dute.
Azterketan ikusi dute, adibidez, EAEn % 76 ugaritu dela ekoizpen zientifikoa 2003. eta 2008. urteen artean. Espainiako ekoizpena, aldiz, % 49 hazi da, eta, mundu osokoa, % 34. Espainia barruan, dena den, zazpigarren autonomia-erkidegoa da EAE ikerketa-jardunari dagokionez, eta bosgarrena asmakuntza-jardunari dagokionez; aurretik Nafarroa, Aragoi, Madril eta Errioxa ditu, eta Katalunia atzetik.
Txostenak, bestalde, adierazi du EAEko ikerketa-jardun handiena zientzia klasikoetan egiten dela. Hala ere, ikusi ahal izan dutenez, azken urteotan diziplina berrietara hedatu dira oinarrizko zientziak, biomedikuntzara eta informazio-teknologietara, kasu, eta giza eta gizarte zientziei buruzko interesak ere gora egin du. Fisika eta matematika ere eraldatu direla ikusi dute, eta ingeniaritzari lotutako espezialitate instrumental bilakatu direla, hala nola materialen zientzia, konputazioa, elektrizitatea eta elektronika edo ingeniaritza kimikoa.
Askotariko adierazleak aztertu dituzte txostena egiteko, hala nola zenbat ikertzaile dagoen unibertsitateko eta lanean dagoen populazioarekiko, zenbateko zientzia-ekoizpena egon den, zer ikusgarritasun izan duten ikerketek nazioarteko argitalpenetan, zenbat patente erregistratu diren, oinarri teknologikoa duten enpresak sortu diren eta zenbat ikerketa-beka eta -kontratu sortu diren.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia