}

Autoimmunitatea eta E2F2 genea

2002/03/01 Andonegi Beristain, Garazi - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Immunity aldizkarian kaleratu berri den ikerketa batek oihartzun handia izan du zientziaren munduan. Ana Zubiagak zuzendutako EHUko ikertzaile-taldea da entzute horren erantzule. Talde horrek E2F2 genearen ikerketatik abiatuz, gaixotasun autoimmuneen inguruko aurkikuntza garrantzitsua egin du.

Ikerketa E2F2 genea eta bere familia aztertzeko asmoarekin hasi zen. Gene-familia hori zelulak ugaltzearen erantzule dela uste da eta nola lan egiten duen aztertu nahi zuten. Familia horretan 6 gene ezberdin daude, baina adituek oraindik ez dakite zergatik diren sei, zergatik dauden organo ezberdinetan, nola adierazten diren hazkunde-faseetan etab.

Lan horretan E2F1 genearekin hasi zuen ikerketa Anak. E2F1 geneak tumoreak ekiditen duen eragina aztertu ondoren, E2F2aren funtzioa ikertzera pasa zen. Familia berekoa izanik antzeko funtzioa izatea espero bazen ere, emaitza harrigarria lortu dute. Aurkikuntzen arabera, E2F2 gaixotasun autoimmuneen gakoa izan daiteke.

Gaitz autoimmuneak

Artritisa.

Gaitz autoimmuneak gorputzaren sistema immunearen funtzionamendu okerrak dira. Gure sistema immunea oso garatua dago eta kanpoko birus edo bakterioen aurka babesten gaitu. Funtzio hori betetzeko sistema immunea gai da arrotza den zelula eta gorputzarena berarena bereizteko. Aldiz, gaixotasun autoimmunea dutenetan, sistemak ez du bereizketa hori egiten, eta defentsa-sistema martxan jartzen du. Momentu horretan, gorputzaren organo eta ehunen aurka antigorputzak sortzen dira eta, ondorioz, organoetan kalteak eragiten dira. Horrelako gaixotasunen artean daude artritisa, lupusa eta esklerosi anizkoitza esaterako.

Ikertzaileek arratoiekin egin duten esperimentuan ikusi dute E2F2 geneak eragin nabarmena duela gaixotasun autoimmuneetan.

Knock out teknika

Ikerketa ingeniaritza genetikoaren Knock out teknikan oinarritua dago. Teknika horren arabera, gene baten funtzioa zein den jakiteko, gene hori gabe zer gertatzen den ikertu behar da.

Lupusa.

Teknika hori erabiltzeko zelula amak nahitaezko osagaiak dira. Zelula ama horietan ikertu nahi den genea desaktibatzen da, hau da, zelula ama mutatu bat sortzen da. Ondoren, zelula ama mutatu hori enbrioi batean sartzen da eta enbrioiaren garapenak mutazioa bere barne hartzen du.

Ana Zubiagak eta bere taldeak E2F2 genea desaktibatu zuten arratoietan, haren funtzioa ikertzeko. Ikertzaileek ikusi zutena zera da: E2F2 genea desaktibatua zuten arratoietan linfozitoak azkarrago ugaltzen zirela, eta hori izan daitekeela arratoiek gaitz autoimmunea izatearen arrazoia. Beraz, E2F2 genearen funtzioa zelulen ugaltzea kontrolatzea da, hain zuzen ere autoimmunitatea kontrolatzea.

Orain, ikerketak, arratoietan ez ezik, gizakietan ere izan dezakeen aplikazioa aztertuko dute. Horretarako gaixotasun autoimmuneak dituzten gizakien eta osasuntsu daudenen E2F2 genearen arteko ezberdintasunak ikusi nahi dituzte. Ezberdintasun nabariak badaude E2F2 genearen inguruko ikerketa indartu eta gaixotasun horiei aurre egiteko bidea zabalduko da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia