Kaxalotearen jaiotza iruditan

Kaxalote baten jaiotza grabatu dute Dominikako kosta parean (Karibea), talde basati baten baitan. Hamaika kaxaloteren artean jaio zen kumea eta, jaio eta berehala, kaxalote-taldeak jaioberria uretatik atera eta taldeko emeek hartu zuten bizkar gainean, kaxalote txikia bere kabuz igeri egiteko gai izan arte.

Katxalote-talde bateko emeak, katxalote jaioberria uretatik kanpo eusten, bere kabuz igeri egiten hasi arte (Physeter macrocephalus). Arg.: CETI proiektua.


Kaxalote baten jaiotza aurretik ere ikusi izan dute zientzialariek, baina inoiz ez halako xehetasunez. Itsasoa eremu zaila da ikerketarako, baina zientzialariek argi ikusi zuten kaxalote jaioberria bi orduz eduki zutela emeek bizkar gainean, eta gero kaxalote-taldea banatzen hasi zela, kumea amarekin utzita. Handik aurrera, ondoan izan zituen jaioberriak, une oro, katxalote ahizpa eta izeba ere.

Erditze-bitartean katxaloteen kodak entzun ziren, alegia kaxaloteek berezkoak dituzten bokalizazioak. Koda hauek kaxalote-taldeei identitate soziala eman ohi diete. Alabaina, erditzearen une garrantzitsuenean bokalizazioak aldatzen zituztela ikusi zuten, koda motelagoak eta luzeagoak eginda, eta gizakion “a” eta “i” bokalizazioen antzeko soinu bereziak sortuta. Erditzean taldearen kohesio soziala indartzen dutela iradoki dute zientzialariek.

CETI proiektua

Beste zetazeo batzuetan ere ikusi izan da jaioberriaren altxamendu koordinatu hori: orkak (Orcinus orca), orka faltsuak (Pseudorca crassidens) eta belugak (Delphinapterus leucas). Inoiz ez da halako xehetasunez jaso, ordea. Litekeena da jokabide honek jaioberriak ez itotzea izatea helburu, eta espezie gehiago egiten dutela ikusita, espezie horien guztien arbaso komunak jada ohitura hori bazuela iradoki dute; alegia, duela 34 milioi urte baino gehiago.

Katxaloteetan, unitate familiar matrilineal egonkorrak aritzen dira elkarlanean, besteak beste janaria bilatzen. Baina zaintza komunitario honek berebiziko garrantzia hartzen du une kritikoetan, eta jaiotza da horietako bat. Talde osoa koordinatuta egoteak ahalbidetzen du arriskurik gabe jaiotzea eta, areago, katxaloteen gizarteetan behatzen diren egitura sozial konplexuak sortzea. Scientific Reports aldizkarian argitaratu dute erditzea.

Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute

Biokimikan doktorea. Elhuyar Zientziako erredaktorea.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali