Microfluidics Cluster EHU ikerketa-taldeak paperean oinarritutako gailu mikrofluidiko bat garatu du eskopolamina (burundanga izenez ezaguna) eta harekin lotutako konposatuak detektatzeko.
Tresna diskretua, eramangarria, erabilerraza eta kostu txikikoa da, eta begi hutsez ikusteko moduko emaitza bat ematen du 10 bat minutuan. Metodo hori aurrerapauso nabarmena da sumisio kimiko bidezko erasoetan erabiltzen diren agenteak modu praktikoan detektatzeko, laborategira joan beharrik izan gabe.
Aparatuak gailu mikrofluidiko autopropultsatu bat du, eta paperezko euskarri bat. Euskarri horretan gertatzen den erreakzioak kolore-aldaketa bat eragiten du, emaitza positiboa edo negatiboa den. Izan ere, eskopolaminak ez du ez kolorerik, ez usainik eta ezta zaporerik ere, eta, beraz, antzemanezina da irensten denean.
Egileek azaldu dute teknologia mikrofluidikoaren funtsa dela laborategi batean eskala handiagoan egiten diren prozesuak miniaturizatzea edo sinplifikatzea, eta, gailu horri esker, sumisio bidezko eraso-mota horiek prebenitu ahal izango direla.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



