Ikerketa batek ondorioztatu du mikroplastikoek urarekin erreakzionatzen dutela harekin kontaktuan jartzean. Plastikoak zatitzen direnean, urarekin kontaktuan dagoen azalera handitu egiten da, eta plastiko-zati horiek ura kimikoki eralda dezakete. Plastikoaren eta uraren artean elektroi-transferentzia gertatzen da, eta, ondorioz, oxigeno-espezie erreaktiboak sortu daitezke. Espezie erreaktibo horiek modu naturalean sortzen dira bizidunetan, metabolismoaren azpiproduktu gisa, baina, kantitate handitan pilatuz gero, ehunetan kalteak eragin ditzakete.
«Mikroplastikoek leku askotan erreakziona dezakete urarekin; besteak beste, ur-botilen barruan, hainbat elikagai-ontziren barruan, baita bizidunen gorputzetan ere.»
Ikertzaileek argitu dute prozesu hori ingurumen-baldintza ohikoetan gertatzen dela; hau da, erreakzioa gertatzeko ez dela behar plastikoa degradatzen duen eragilerik, hala nola eguzki-argia. Ondorio hori bereziki garrantzitsua da, ura nonahi baitago, baita mikroplastikoak ere. Beraz, mikroplastikoek leku askotan erreakziona dezakete urarekin; besteak beste, ur-botilen barruan, hainbat elikagai-ontziren barruan, baita bizidunen gorputzetan ere.
Gainera, emaitzek erakutsi dute plastikoa zenbat eta hidrofoboagoa izan, orduan eta errazago gertatzen dela elektroi-transferentzia. Zehazki, polietilenoa eta polipropilenoa izan dira urarekin erreakzionatzeko gaitasun handiena erakutsi duten polimeroak. Plastiko horiek oso hidrofoboak dira, eta, horregatik, elikagaiak ontziratzeko baliatzen dira, beste erabilera batzuen artean.
Aurrez egindako hainbat ikerketak erakutsi dute mikroplastikoek kalteak eragin ditzaketela bizidunen ehunetan, eta egileek adierazi dute oxigeno-espezie erreaktiboak kalte horien eragileetako bat izan daitezkeela.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia



