}

Asmo eolikoak

2000/09/01 Imaz Amiano, Eneko - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zergatia bat edo beste dela, energia berriztagarriak hizpide izaten ditugu behin eta berriz. Europako Batasunaren helburua ere 2012. urtean energiaren % 12 iturri berriztagarriak erabiliz eskuratzea da. Horretarako bultzatzen ari diren energietakoa da energia eolikoa. Hildo horretan, Eusko Jaurlaritza Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala (LPS) prestatzen ari da. Artikulu honetan LPSaren nondik norakoa azalduko dugu eta ez dugu LPSarenedota energia eolikoaren egokitasuna aipatuko, horretarako Elhuyar 133-134. zenbakira jo baitezakezue.

Energia berriztagarrietatik bultzada handiena jaso dutenak zentral minihidraulikoak berritzea, hiri-hondakinak erabiltzea (errauskailuak, biogasa...) eta, batez ere, energia eolikoa ustiatzea dira. Hala ere, energi iturri horien inguruko araudia ez dago guztiz finkatuta eta unean-unean edo proiektu zehatzei lotuta egin behar izaten da.

Energia eolikoari dagokionez, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioa hutsune hori beteko lukeen Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala (LPS) prestatzen ari da. LPSaren helburuak 1) parke eolikoetarako kokapen egokiak identifikatu eta aukeratzea, 2) lurraldearen antolamendu orokorrean barneratzea, 3) dauden interesak koordinatzea eta 4) prestatzen ari diren LPSan aintzat hartu ez diren balizko kokapenak aztertu eta bideragarri ote diren jakiteko urratsak eta irizpideak finkatzea dira. Onartu aurretik sei urrats nagusi dituen prozesua gainditu beharko du LPSak eta, egun, bigarren urratsean dago, orain ari baita administrazio publikoetatik zuzenketak jasotzen. Jendaurrean urria/azaroan jarriko dute bi hilabetez eta beste hilabeteko epea izango da zuzenketak aurkezteko. Azkenean, datorren urteko udaren hasieran edo amaituko da prozesu osoa. Dena den, LPSa behin betiko onartu aurretik enpresek parke eolikoak jartzeko eskaintzak egiten hastea espero dute Jaurlaritzako Industria Sailekoek.

Orain arte egindakoa eta egungo egoera

Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala 1997.eko martxoan jarri zela abian esan daiteke. Eusko Legebiltzarrak onartu zuen 97-03-20ko ez-legezko proposamenak Jaurlaritzari LPSa lehenbailehen prestatzeko agintzen dio. Bestalde, Energiarako 3E-2005 Planak, besteak beste, 2005. urterako energia eolikoaren bidez 175 MW instalatzea aurreikusten du, urtean 437.500 MW.h ekoizteko.

Elgea-Urkilla mendiko parke eolikoa parke eolikoen berariazko araudirik gabe eraiki zen, LPSrik gabe, alegia. Hori dela eta, plan berezia bete behar izan zuen, aurrerantzean LPSan ageri ez diren balizko kokalekuek bete beharko duten bertsua.

Puntu horiek kontuan hartuta, ondorengo baldintzak betetzen dituzten parke eolikoak arautuko lituzkeen LPSa prestatu dute: 5 haize-sorgailu eduki, sortutako energia sare orokorrera sartu eta 10 MW-eko potentzia instalatua duten parkeak. Helburuak hasieran aipatutakoak dira eta bertan biltzen dena, ordea, ondorengoa:

1) EAEko haize-neurketak,

2) kokalekuen identifikazio, egokitasun-azterketa eta aukeraketa,

3) aukeratutako kokalekuetan dauden eraikuntza-baldintzak,

4) aukeratu ez diren kokalekuetako eraikuntza-baldintzak,

5) hirigintza-antolamendu berriaren finkatzea eta

6) egun indarrean dauden planetan duen eragina.

Parke eolikoak eraikitzeko lehenengo baldintza haizea egotea da, urtean batez beste 6,3-6,4 m/s-koa gutxienez. Abiadura hori eta orientazioa kontuan izanda 29 kokaleku potentzial identifikatu dituzte (ikus 1. taula). Guztira 243,6 km, 1.234 MW-eko potentzia instalatzeko moduan. Ondoren kokaleku horiek egokiak ote diren aztertu eta aukeratu egin behar dira. Zuzenean atzera bota dituzte harkaiztetan leudeken parke edo parke-zatiak (hasierako potentzialaren % 28,9). Ingurugiroaren arloan, LPSaren aurrerapenak kontuan izan ditu babes-figurak (naturgune babestuetakoak, aisia-guneetakoak, harrapariak dituzten amildegietakoak eta baso naturaletakoak kanpoan uzten ditu besterik gabe; potentzial osoaren % 29,4), kultur ondarea, zarata, paisaia, gunearen erabilera, erpin geodesikoak, hegaztiak, landaredia eta arriskuan dagoen flora.

Ingurugiro-eraginaz gain balizko kokalekuen alde tekniko-ekonomikoa (gastuak, etekinak, ekoizpena...) aztertu da eta bien konbinazioz balizko 16 kokaleku baztertu dira. Beraz, 13 lirateke onespena jasoko luketenak (ikus 2. taula).

Kokapen horiek Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak ontzat eman dituenak dira. Lehenago esan dugunez, LPSak parkeak eraikitzeko jarraitu beharreko urratsak ere finkatuko ditu, bai egokientzat jotzen dituen 13 kokapen horietarako baita balizko beste kokapenetarako ere. Oro har, baldintza bertsuak bete beharko dituzte eta inguru bererako proiektu bat baino gehiago aurkeztuko balitz, ingurugiro-eragin txikiena eta eraginkortasun energetiko handiena duena hobesten du LPSak.

Aztergai dagoen LPS honek mugagabeko iraunaldia du, baina badu berriz aztertu edo eraldatzeko modurik, baldin eta errealitatearekiko zaharkituta geratu dela ikusten bada edo LPSa egiteko erabili diren irizpideek balioa galdu dutela ikusten bada. Edonola ere, zortzi urtean behin berriz azterketa egin edo ez egin aztertuko da.

Zertzeladak

o Munduan instalatutako potentzia: 13.455 MW

o Urteko ekoizpena munduan: 27.000 GW.h

o Munduko energia eolikoaren % 69a Europan ekoizten da.

o Elgea-Urkillan 650 kW-eko sorgailuak jarri dituzte eta jada 1.000 kW-ekoak aztertzen ari dira.

o Nafarroan 408,4 MW-eko potentzia dituzte instalatuta; guztira 627 aerosorgailu. 2000-2003 bitartean beste 329 aerosorgailu (241 MW) eraikitzeko baimena emana dute.

o Kodes-en 194 aerosorgailuko parkea eraikitzeko asmoa azaldu du E.H.N.-k.

o Legez, energia eolikoz (eta beste berriztagarriez) ekoitzitako elektrizitate guztia sarera sartzen da; gainerako sistemez ekoitzitakoa ordea, enkante-bidez erositakoa sartzen da.

o 3E-2005 plana beteko balitz (175 MW 2005.erako) energia-beharren % 3 ekoitziko litzateke eolikoaren bidez EAEn.

o EAEn haize-sorgailuak 800 m-tik gorako lurretan jarriko dira, gizakia gutxien dabilen eta hobekien kontserbatutako lur-zati gehien dagoen tokietan, hain zuzen ere.

o Hainbat gizarte-sektorek kontrako jarrera azaldu du: gehienetan ez energia eolikoaren aurka, zenbait kokaleku, irizpide eta jokaeren aurka baizik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia