Ariketa fisikoa egiten dutenek hilkortasun txikiagoa dute COVID-19an

- MabelAmber/Pixabay


COVID-19agatik ospitaleratuak diren gaixoen artean, ariketa fisikoa egiten dutenen hilkortasuna bizitza sedentarioa egiten dutenena baino zortzi aldiz txikiagoa dela ondorioztatu du San Carlos Ospitale Klinikoko (Madril) kardiologo-talde batek. Infectious Diseases and Therapy aldizkarian argitaratu dituzten ikerketaren emaitzak.

Lehen olatuan ospitaleratuak izan ziren 18-70 urteko 520 gaixorekin egin dute ikerketa. Gaixo horiek bi taldetan banatu zituzten: bizitza sedentarioa egiten zutenak (% 57) eta gutxienez astean bi aldiz eta aldian gutxienez 30 minutuz ariketa fisikoa egiten zutenak (% 43). Eta emaitza garbia atera zuten: ariketa fisikoa egiten zutenen hilkortasun arriskua % 1,8koa zen; sedentarioena, aldiz, % 13,8koa.

Gainera, ikusi dute ohitura sedentarioak dituztenen artean ariketa fisikoa egiten dutenen artean baino gehiagok izan dituztela arnas gutxiegitasuna (% 53 eta % 36), eta giltzurrun-gutxiegitasuna (% 14 eta % 6). Hanturazko erantzunak ere gehiago izan dira sedentarioetan, eta egonaldi luzeagoak egin dituzte ospitalean.

Arrisku-faktoreen azterketa estatistikoa eginda, berretsi dute adina eta tabakoa faktore garrantzitsuak direla hilkortasunerako (beste hainba ikerketek erakutsi bezala), baina azpimarratu dute sedentarismoa beste faktore independente garrantzitsu bat dela.

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia Itsas Biologian eta Animalia Biologian lizentziatua, La Lagunako Unibertsitatean (Tenerife). AZTI-Tecnalian hasi zuen bere ibilbide profesionala. 2006tik Elhuyarren ari da lanean Kultura Zientifikoaren arloan. Elhuyar aldizkariko erredaktorea eta zuzendarikidea da.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna