Arantza Etxeberria Agiriano Filosofoa

“Filosofiak zientziaren sare zabalaren parte izan behar duela uste dut”

2020/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arantza Etxeberria Agirianok (Oñati, 1962) Madrileko Unibertsitate Konplutensean egin zituen Filosofiako ikasketak. Gero, EHUn egin zuen doktoretza, eta Sussexeko Unibertsitatean, berriz, doktoretza-ondorengoa. EHUko Logika eta Zientziaren Filosofia Saileko irakasle da, eta bertako IAS-Research taldeko ikertzailea. Besteak beste, gai hauek lantzen ditu: autonomia eta indibidualtasuna biologian eta medikuntzan, garapenaren biologia ebolutiboa, heriotzaren ikuspegi biologikoa, eta, Zientziaren Filosofian, sailkapenak zientzian eta gizartean (generoa, arraza).
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Azkenaldian, biologia erlazionalean nabil; iruditzen zait asko dagoela lantzeko alderdi horretan, bai zientzian, bai filosofian. Uste dut orain arte asko begiratu zaiela bizidunen ezaugarri intrintsekoei. Orain, berriz, uste dut oso garrantzitsua bihurtzen ari dela ikuspegi hori: banakoa ez dela hain indibidualista, hain determinista, eta gehiago dela erlazioetatik datorren emaitza.

Horren adibide dira ­—emakumeek egindako ikerketa da, gainera— disruptore endokrinoak. Garai batean uste zuten gorputza autonomoa zela, eta ez zela inguruko eragileekiko hain menpekoa. Zentzu horretan, disruptore endokrinoen gaia nahiko paradigmatikoa izan da. Beste adibide asko daude: elikaduraren eragina epigenetikaren bitartez, mikrobiotarekin lotutako hainbat alderdi, minbizien sorrera… Oro har, koeboluzioaren hainbat eta hainbat adibide.

Nire ustez, horrek guztiak badu zerikusia filosofiarekin, korronte indartsu bat baitago indibidualismoa kritikatzen eta ikuspegi erlazionalak azpimarratzen. Eta hor eragin handia izan du filosofia feministak, horixe landu baitu bereziki, alderdi erlazionala: zaintza, zaurgarritasuna, identitatearen ikuspegi indibidualistari kritika…

Hortaz, nik biraketa erlazionala deituko niokeen hau oso garrantzitsua delakoan nago, eta itxaropen handia daukat biologiaren, medikuntzaren ikuspegi berri honek ekar dezakeen guztian.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Etorkizun hurbilean espero dut gero eta hurbilago egotea elkarrengandik filosofia, zientzia, humanitatea eta artea, eta uste dut dagoeneko badaudela hori gertatzen ari dela erakusten duten zantzuak. Espero dut gehiago hartzea filosofia zientziaren ataltzat, ikuspegi hau orain arte ez baita asko nabarmendu ez zientziaren filosofian ez zientzian. Gehiago ikusi da filosofia zientziaren tutore-lana egiten, hau da, filosofiak esaten dio zientziari nondik joan daitekeen; edo justu kontrakoa, zientziak erakutsi behar dio filosofiari mundu enpirikoa.

Ezagutza-arlo bakoitzak ditu ebidentziak ulertzeko modu bat, bere metodoak… Nire ustez, zientzia izango litzateke azaltzen duena nola dauden trabatuta arlo horiek guztiak. Adibidez, esaten badugu medikuntzan egin dela aurkikuntza bat, baina kimikak ezin badu azaldu, ez dugu zientifikotzat hartzen. Bada, nik filosofia hor ikusten dut, besteekin trabatuta. Filosofiak badu bere entitatea, baina zientziaren sare zabal horren parte izan behar duela uste dut. Hortaz, ezingo litzateke onartu zerbait medikuntzan edo beste zientzia batean, filosofikoki erabat aldrebesa bada.