}

Ara Hovanessian, hiesaren txertoa hatz puntekin ukitzen

2005/02/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

EHUko Leioako campusean, hiesaren aurkako txertoa lortzeko egin dituen azken ikerketen berri eman du Ara Hovanessianek, Zientzia eta Teknika Fakultateak eta Biofisika Unitateak gonbidatuta. Hovanessianek zuzentzen duen taldeak oso emaitza onak izan ditu bere lanean; horri esker, hiesaren aurkako txertoa hurbilago dago.
Ara Hovanessian.

Milaka ikertzaile eta helburu bakarra: hiesaren aurkako txertoa lortzea. Dagoeneko 20 urte pasatu dira birusa isolatu zutenetik, eta oraindik ez dute txertorik lortu. Izan ere, lantegi zaila da benetan.

Txerto eraginkor batek sistema immunearen bi alderditan egin beharko luke lan: batetik, GIBaren aurkako zelulak, T zelulak, sintetizatzea sustatzeko gai izan beharko luke. Bestetik, birusa neutralizatuko luketen antigorputzak sortzen lagundu behar lioke sistema immuneari.

Lehenengo alderdian lan egiten duten 20 bat txerto sortu dituzte ikertzaileek, eta dagoeneko ari dira horiekin probak egiten. Alabaina, antigorputzak sortzea eragiten duen txertorik ez du lortu inork orain arte. 2004ko azaroan, ordea, Frantziako talde batek artikulu itxaropentsu bat argitaratu zuen Immunity aldizkarian. Antza denez, txerto on bat egiteko beharrezkoa den bigarren zati hori egitea lortu dute; hau da, birusa neutralizatzen duten antigorputzak sortzea eragiten duen txertoa egin dute.

Hovanessian Biofisika Unitateko laborategian.

Leioako Campusean, ikerketaburu Ara Hovanessian izan zen egin duten lana azaltzen. Ikertzaileek ikusi dutenez, gizakiaren CD4 T linfozitoak infektatzean, GIBa azalean duen glukoproteina baten bidez lotzen da zelulara: gp41 glukoproteinaren bidez. Zehazki, CBD-1 zatiaren bidez lotzen da linfozitoaren mintz plasmatikora. Horri esker lortzen du GIBak linfozitoaren mintz plasmatikora lotzea eta mintza zeharkatzea. Horrela lortzen du, beraz, zelula infektatzea.

Ikertzaileek CDB-1 peptidoaren kopia sintetikoa egin dute, eta untxiei injektatu diete. Orduan ikusi dute CDB-1 sintetikoak beraren aurkako antigorputzak sortzea eragiten duela untxietan. Antigorputz horiek giza zelulen kultiboetan probatu dituzte, eta frogatu dute GIBa neutralizatzeko gai direla. gp41 glukoproteina blokeatzen dute, eta, ondorioz, ezin da linfozitora lotu; hortaz, ezin du zelula infektatu. Gainera, dagoeneko infektatuta dauden zelulak indargabetzen ditu, eta, hala, ez dira gai birus gehiago sortzeko eta beste zelulak infektatzeko.

Kultiboetan GIB-1 birusaren hainbat andui probatu dituzte, eta denetan izan dute emaitza ona. Izan ere, gp41a denetan berdina da, ez da aldatzen. Horregatik, txertoak aldaera guztientzat balioko luke. Bestalde, infektatuta dauden gizakietan CDB-1aren aurkako antigorputzak oso arraroak dira; horrek esan nahi du txertoa erabil daitekeela sendatzeko.

Sintetizatu duten CDB-1 peptidoak eragiten duen erantzun immunea naturalak sortzen duena baino handiagoa da, immunogenikoagoa da; beraz, eraginkorragoa da naturala baino. Horregatik, CDB-1 sintetikoa txerto moduan erabiltzea proposatzen dute: gizakiei injektatuta, horren aurkako antigorputzak sortuko lirateke, eta, hala, GIBak zelulak infektatzea eragotziko litzateke alde batetik, eta, bestetik, infektatutako zelulak indargabetuko lirateke.

Profilaxian erabiltzeko, aurrena, gizakiaren hiesa ikertzeko erabiltzen diren tximinoetan probatu behar dute, eta, gero, gizakietan probatzeko baimena eskatu behar dute. Erabilera terapeutikoa, berriz, laster hasiko dira probatzen.

Zalantzarik gabe, aurrerapauso galanta da. Hala ere, behin betiko emaitzen zain egon beharko da, ea itxaropenak betetzen diren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia