Elhuyar zientziaren komunikazioa

Antzinako objektuak faltsifikatzea

1988/10/01 Torrontegi, E. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Antzinako objektuak ez dira beti hain zaharrak eta hain perfektuak. Museo Britainiarrak baditu faltsifikazioak aurkitzeko tresna egokiak.

Archaeopteryx . Argi ultramorez distiratzeak, fosil hau egiazkoa zela frogatu zuen.

Faltsifikazioak oraintsu ere egunkarietako izenburu izan dira. Orain dela gutxi (iaz hain zuzen) Archaeopteryx fosilaren inguruan eztabaida gogorra sortu zen eta fosil hau faltsifikazioa ez zela baieztatu zuten adituek. Arte-, histori edo prehistori museo batek bertako objektu guztiak benetakoak diren ala ez bermatu behar du. Museo Britainiarrean, zientzilariz osatutako taldetxo bat dago aipatu zeregin horretaz arduratzeko. Laborategi honen egiteko nagusia, sarritan museoko bildumatako objektuak erabiliz, oinarrizko ikerketa burutzea da. Objektuak noizkoak diren finkatzeko estudioak egiten ditu eta baita antzinako objektuen konposizioa aztertzeko eta objektuak egiteko erabiltzen zituzten teknologiak zeintzuk ziren jakiteko ere.

Objektu bat susmagarritzat jotzen denean, laborategi hauetan egiten du bere lehen eskala; oso garrantzitsua bait da objektuaren atzean egon daitekeenari buruzko ezagutza zientifikoa.

Bi kasu-mota daude: Erditan, Londresen gauza zaharren merkatariek museoari objektua eskaintzen diote eros diezaien. Beste % 50 edo, museo barruko bildumatatik dator. XIX. mendean eta mende honen hasieran filantropo askok sarritan 20.000 pieza baino gehiagoko bilduma zabalak ematen zizkion museoari. Ezinezkoa zen pieza guztiak banan-banan aztertzea. Horrela, museoak katalogo berriak egiterakoan edo bildumak berrantolatzerakoan autentikotasunari buruzko eztabaidak sortu izan dira noizbehinka.

Urrezko besoko Egyptiar hau ez da agian dirudien bezain zaharra.

Adituek begiratze hutsarekin edo mikroskopio optikoaren bidez gauza asko esan lezakete objektu bati buruz. Objektua moldean urtuz edo eskuz (mailuz) egin duten esan lezakete.

Zilarrezko bainua ematea oso zaila zen XIX. mendearen bukaera arte. Adituek berehala bereizten dituzte zilarrezko bainu zaharra eta gaur egungo estaldura elektrolitikoa.

Mikroskopio optikoaren bidez museoko egyptiar departamentuan zegoen urrezko eskumuturreko zoragarri baten sekretuak begi-bistan jarri ziren. Arte-historialarien ustez eskumuturrekoa Egyptoko Ptolomeoren aroan sortutakoa zen. Baina Andrew Oddy adituak, eskumuturrekoa mikroskopioan aztertu ondoren, zati nagusia orain dela gutxikoa izan daitekeela uste du, nahiz eta azken piezatako urrea Ptolomeoren arokoa izan.

Erradiografia da oso baliagarria izan daitekeen beste teknika bat. Batzuetan artisauek hautsitako objektuak oso ondo zaharberritzen dituzte eta kanpotik gainazala ikusiz ezin da kaltea detektatu. Objektua X izpien bidez edo beste erradiazio-mota batzuez aztertuz ordea, berriztapen hauek detekta daitezke. Brontzezko ontzi txinatarra dugu adibidea. (Ikus argazkia).

Objektu baten konposizio kimikoa oso garrantzitsua da objektu hori noizkoa den jakiteko. Antzina erabiltzen ziren materialak edo gaur egun erabiltzen direnak ez dira berdinak.

Itxuraz perfektua dirudien ontzi txinatar honetan X izpien bidez zirrikituak ikus daitezke.

Zilar-hobietako urre-kopuru txikiak hobi horietatik ateratzeko prozesuak esate baterako, nahikoa berriak dira. Antzinako zilarrezko edozein objektuk, bada, urre-arrastoak izango ditu. Era berean, lehen, urrea ibaietako hobietatik ateratzen zuten eta ez meatze sakonetatik gaur egun egiten dugun bezala. Urre horrek meatzeko urrean aurkitzen ez diren osmio-eta iridio-hondakinak izango ditu. Mikroskopio elektronikoaz baliatuz ezpurutasun hauek ikus daitezke.

Azterketak ez ditu, jakina, saltzeko dauden objektuak hondatu beharko. Laborategiak ezin du, beraz, konposizioa aztertzeko laginik hartu. X izpien fluoreszentzia da kalterik gabeko prozeduretako bat.

X izpien fluoreszentziak kanpoko geruzaren konposizio kimikoa bakarrik zehaz dezake, zeren erradiazioa azaleko mikra batzuetan bakarrik sar daiteke. Azaleko geruzaren (patina deiturikoaren) konposizio kimikoa dena den, oso adierazgarria izan daiteke.

Benetako patina oso astiro osatzen da. Faltsifikatzaileek objektua substantzia kimikoen soluzioan sar dezakete eta honela prozesua azeleratu, baina askotan ez da objektuaren azaleran elementu egokia ezartzen. Konposizio kimiko desegokia duelako, patina faltsuaz ohar zaitezke. Beste kasu batzuetan, faltsifikatzaileek elementu kimiko egokiak nahasten dituzte eta objektuari eranskailu organikoaren bidez erantsiko diote. Objektua argi ultramorez aztertzen bada, oso erraz ikusten da patina faltsua, horrela konposatu kimikoa bistan jarriz. Zoritxarrez, XIX. mendeko biltzaileek sarritan aldatu dute brontzezko irudien patina. Itxura iluneko irudiak zituzten gogoko.

Termolumineszentziak olio-lanpara erromatar hau faltsifikazio berria dela jartzen du begi-bistan.

Richard Payne Knight-ek, Museo Britainiarreko ongileetako batek esate baterako, bere bildumako irudiak benetako patina kendu eta artifizialki ilunduak ditu.

X izpien bidezko fluoreszentziaren aplikazioetako bat Drake-ren Letoizko Platerari eginikoa izan zen. Azterketa askotxo egin zituzten zientzilariek 1938an aurkitutako plater honen inguruan. 1977an argitu zuten, ordea, eztabaida guztia. Historikoki hitz eginez, zink eta kobrez osatuta dagoen letoia nahikoa aleazio berria da eta garestiagoa eta zaharragoa den brontzea ordezkatzen du. Hau kobre eta eztainuaren aleazioa da. Letoian zenbat eta zink-kopuru handiagoa egon, are eta beranduago egina dela esan nahi du. Aipatu plateraren azterketak ohi ez bezalako zink-kopurua jartzen zuen begi bistan. Arkeologoek dena den, zink-maila beretsua zuten letoi isabeldarrez eginiko pieza batzuk aurkitu zituzten. Plater honek ez zuen, bestalde, ez berunik eta ez eztainurik eta gaur arte aztertu diren garai horretako piezek elementu hauetako bat (edo askotan biak) zuten. Plateraren lodiera ere uniformea zen eta aro isabeldarrean ezaugarri hau ez zen oso normala.

Orain arte esandakoa metalezko objektuei buruz izan da, baina antzinako objektu askotxo buztinez eginak daude. Antzinako pieza baten kopia modernoa eta originala bereiztea oso zaila gerta daiteke. Horretarako erabiltzen den teknika termolumineszentzia da eta, izenak dioen bezala, beroaren eraginez emititzen den argian oinarritua dago. Detekzio-sistema modernoek, kristaldun material gehienen (buztina barne delarik) termolumineszentzia neur dezakete.

Termolumineszentziak garai desberdinetakoak diren bi ontzi (itxuraz berdinak) bereiz ditzake. 1969. urtean hasi zen tresna arkeologiko gisa erabiltzen; ikerlariek 1950.eko hamarkadan Hacilar-en (Turkia-n) aurkitutako ontziteria aztertzeko erabili bait zuten.

Brontzez eginiko Jupiter-a.

Egiazko brontzeak detektatzeko ere oso baliagarria da teknika hau. Brontzea moldatzeko lehen pausoa buztinezko arra prestatzea da. Buztinezko ar hau argizariz estali ondoren, eskultoreak eman nahi dion azken forma lortu arte moldeatzen du. Argizaria inguratuz beste buztin-geruza bat jartzen da eta ondoren buztinezko molde bat egiten da eta eskultoreak molde horretara botatzen du urtutako brontzea. Oinarri irekidun brontzezko estatuetan, azken pausoa normalean, pisua arintzeko buztinezko arra ateratzea izaten zen. Hala ere, beti geratzen da buztin pixka bat eta buztin hau aztertuz lumineszentziak antzinako brontzeak eta modernoak bereiz ditzake.

Faltsifikatzaileak gaur egun aurrerapen zientifiko eta teknika-multzo izugarriari aurre egin beharrean aurkitzen dira. Eta agian garrantzitsuagoa zera da: gero eta nazio gehiago antzinako objektuak esportatzea legez kanpo uzten ari direla, alegia. Museo ospetsuek ez dute, gaur egun, merkatuan dokumentaziorik gabe agertu den objektua hain erraz erosten.

Faltsifikazioa edo legez kontrako esportazioa izatea da gauzarik normalena.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia