}

Ander Letamendia «Esku transplantearen teknika ez da zaila, luzea baizik»

2000/02/08 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Istripuetan, askotan, gorputz zatiak kaltetu edo galdu egiten dira. Horrelako kasuen tratamenduan mikrokirurgia erabiliz egindako ebakuntzak gero eta garrantzitsuagoak dira. Duela gutxiko albistea Lyon-go (Frantzia) langile bati bi eskuak josi dizkiotela da.

• Pakea-ko Zuzendari Medikua eta Zirujau Baskularra •

«Esku transplantearen teknika ez da zaila, luzea baizik»

Zientzia fikziozko berriak dirudite albiste hauek. Asko aurreratu da gai honen inguruan, ezta?

Nik esango nuke albiste honek nahiz eta arrakasta handia izan, sendagileen artean teknikaren aldetik baino gehiago, ikuspuntu berriaren aldetik izan dela harrigarria. Teknika ez da batere zaila. Askoz zailagoa da istripu baten ondorioz eskua zintzilik dakarrenari bere lekuan jartzea. Frantziatik, dagoeneko, horrelako albisteak jaso izan ditugu. Duela bi urte lehenengo aldiz hildako baten eskua gizon bati ezarri zioten. Ez dugu berririk izan esku horren geroko egoerari buruz. Garrantzitsua da jakitea nola eboluzionatu duen esku horrek.

Noiz hasi ziren horrelako inplanteak egiten?

Inplanteak duela urte asko. Guk, Iruñeko Klinika Unibertsitarioan, hirurogeiko hamarkada horretan, teknika horiek erabiltzen genituen. 1971n Tolosan eta noizbait Donostian eta Iruñean ere norberaren zati bat josi izan zen berriz. Zertan aurreratu da? Bada, teknikaren arloan tresneria gero eta hobea da; mikroskopioak, adibidez. Ingeniariek medikuen alde lan asko egiten dute. Bestalde, inplante horiek onartzeko erabiltzen diren sendagaiak gero eta arinagoak dira eta nahigabeko ondorio gutxiago ematen dituzte.

Esku artean dugun gaia zehazki zer da? Inplantea, transplantea, txertoa...?

Inplantea edo transplantea gauza bera da. Guk reinplantea deitzen diogu norberaren gorputz zatia berriz bere lekuan jatzeari. Prozesu luzea da, ebakuntza egin, hezurrak bere tokietan jarri eta zain bakoitza josi egin behar da. Zortzi eta hamabi ordu bitarteko iraupena du. Beste baten zatiak eransten direnean transplanteak dira, autologoak gizakietatik badatoz eta heterologoak beste espeziekoetatik badatoz (tximino baten gibela, adibidez).

Giltzurdina, gibela eta horrelako organoak aspalditik transplantatzen dira eta, aldiz, atzamar, esku eta horrelakoen transplanteak berriagoak dira. Zein da bi transplante mota horien arteko ezberdintasuna?

Teknika aldetik eskuarena zailagoa da, gauza asko lotu behar direlako. Adibidez, giltzurdinean ureterra, arteriak eta zainak erantsi eta transplantea bukatu da. Eskuaren kasuan, josi eta gero nerbioek hazi egin behar dute. Hazkuntza abiadura oso motela da, astean milimimetro bat edo. Eskumuturretatik behatzetaraino iristeko, gutxienez, sei bat hilabete pasatu behar dute. Eskua behar den bezala mugitzeko ebakuntza gehiago egin behar dira. Beraz, teknika konplexuagoa eta luzeagoa da. Teknikoki ez da zaila, baina gauza asko lotu behar dira. Dena den, hildako baten eskua nahi duzun tokitik mozten da eta baita txertoa jasoko duen eskumuturra ere. Ebaketa nahiko garbia da. Aldiz, istripu batean ez da horrelakorik gertatzen. Askotan zainak falta dira eta konponketa zailagoa da.

Sarreran aipatu dugun azken kasuan eskuak hildako batenak ziren. Kasu horietan errefusatze arriskua handiagoa al da norberarena izanik baino?

Bai, noski. Horixe da transplanteen arazoa, pertsona batek berea bezala onartzen duen ala ez. Errefusaketarik gerta ez dadin, askotan sendagai asko eman behar zaizkio gaixoari; sendagai oso garesti eta nahiko arriskutsuak eta ondorioak dituztenak. Pixkanaka erabili behar dira transplantea jaso duenak onartzeko. Norberarena denean ez dago arazorik. Beharbada kutsa daiteke edo guk jarritako burdinen bat, tresnak edo horrelakoak ez onartzea gerta daiteke, besterik ez. Baina besteen gorputzetatik ekarritakoak errefusaketa sor dezake eta ebaketak ezin hobeak izan arren, dena bertan behera bota dezake.

Horrelako ebakuntzetarako modan dagoen klonazioak balio al dezake? Norberaren zeluletatik abiatuta, behar den gorputz adarra egin eta hori jartzerik ba ote legoke?

Nik uste dut posible dela eta ez dakigu noraino iritsiko garen. Baina nahiko zaila da. Albiste honek pentsarazi digu. Bi eskuak falta zitzaizkion. Bilatu zaio hildako bat eta, gainera, parekotasun handiena duena. Beharbada modu zuhurragoan egin daitezke gauzak, hau da, esku bakarraren transplantea egin eta bestea artifiziala jarri eta ikusi zer gertatzen den. Bestea jartzeko denbora badago.

Operazio luzeak izaten dira. Azkeneko hori 17 ordukoa izan zen. Deigarria da nazioarteko 20 zirujau aritzea. Hainbeste espezialista zertarako behar dira?

Jende gehiago beharko zen. Hildakoaren esku bakoitzarentzat talde bat beharko zen. Gero, hezurrak elkartzeko espezialistak behar dira torlojuak jartzeko. Kontu handiz egin behar da hori, hezurra mugituz gero ebakuntza guztia hondatu daitekeelako. Orduan zainak eta nerbioak banan-banan lotu behar dira eta gero giharreak, tendoiak eta azala josi behar dira. Gauza asko direnez, oso ebakuntza luzea da eta bukatu arte ezin da utzi. Beraz, zirujauak atseden hartu behar dute eta, bitartean, beste batek jarraituko du bere lana. Talde bakoitzeko erizainak eta laguntzaileak barne, jende asko behar da horrelako ebakuntza bat egiteko.

Zer errehabilitazio mota behar da horren ondoren?

Gaixoak ezin du ezer egin. Bere garuna ez da gai esku hori mugitzeko. Errehabilitazio pasiboa egin beharko du, hau da, beste batek mugitzen lagundu beharko dio eta hori ez bazaizkio giharreak lehortzen. Pixkanaka mugitzen hasiko da, baina esku horien ahalmena oso murriztuta izango du. Agian jateko gai da baina ez du trebetasun handirik lortuko. Dena den, teknika asko aurreratzen ari da eta jende asko dago horretan lanean. Orain ezinezkoa dirudiena agian bihar egin ahal izango da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia