}

Alzheimerraren kontrako txertoa bide onetik doa

2000/12/20 Elhuyar Zientzia

Alzheimerren gaitzak eragindako portaera-akats eta garuneko kalteak murrizten dituen txertoak arrakasta izan du saguetan.

Hiru ikerketa-taldek Alzheimerraren txertoa izan daitekeenaren berri eman dute Nature aldizkariaren aste honetako zenbakian (408 zk., 975-979, 979-982, 982-985 orr.). Genetikoki eraldatutako saguak erabili dituzte Alzheimer-en gaitza simulatzeko, eta txertoak gaitzak eragindako oroimen- eta ikasketa-arazoak atzeratu egiten dituela ikusi dute.

ß-amiloide deritzon proteinak, dirudienez gaitzarekin lotura zuzena duen molekulak, plakak eratzen ditu Alzheimerra duten gizakien garunean, eta baita saguetan ere. Hala ere, ez zegoen batere argi gizakiek dituzten oroimen-arazoak saguetan ere agertzen diren. Edinburgoko Unibertsitateko ikerlari-talde bati esker zahartzaroan saguek ere oroimena galtzen dutela jakin ahal izan da.

Txertoa ß-amiloide proteinaz osatuta dago. Bazekiten aipatutako plakak eratzea eta haztea galarazten zuela baina ez garunaren degenerazioa moteltzen duenik. Edinburgoko, Torontoko eta Floridako ikerlarien lanek esperantzaz bete dute Alzheimerraren kontrako borroka. Bide luzea dago oraindik egiteko baina norantza joan behar den jakinda.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia