Alergiak umeengan
1994/01/01 Agirre, Jabier - Medikua eta OEEko kidea Iturria: Elhuyar aldizkaria
Gure artean, ehun umetik hamabostek nolabaiteko alergi motaren bat jasaten du.
Zein dira alergiarik usuenak umeengan?
Arnas aparatukoak.
3 urte bitartean, akaroak (hautsetakoa, adib.) eta onddoak. 3 urtetik aurrera, lorautsa edo polena.
Sintomarik usuenak sudurrekoak dira; zati hau baitago kanpoaldearekin harremanetan eta bera baita lehenbizi irritatzen dena. Kanpoko “etsaiaren” aurrean sudurra itxi egiten da eta bere eginkizuna (airea iragazi, berotu eta hezetzea, alegia) ez du betetzen. Sintomak hauek dira: usinak edo doministikuak, jarioa, zurrupadak eta azkure handia.
Sudurra blokeatuta dagoenez, umeak ahotik hartzen du arnasa eta airea ez da behar bezala (garbitua, beroa eta lehorra) iristen arnasbideetara. Orduan beste erreakzio batzuk jartzen dira martxan: eztula trakea edo zintzurrestean; txistu-hotsak bronkioetan; eta arnasestua (asma) albeoloetan, arnas alergiaren sintomarik okerrena.
Begiak ere irritatzen dira alergenoen aurrean: begi gorrituak, malko-jarioa, betazal handituak eta azkurea.
Eta alergia digestiborik edukitzen al dute umeek?
Esnea, arrautza, arraina, fruitu lehorrak, zerealak eta lekadunak dira liseri-aparatuko alergiak sor ditzaketen janariak (lehentasun-ordena horretantxe). Janari horietako asko haziak dira, eta entzima-kopuru handia dute (oso substantzia alergenizatzaileak). Sintomak, mihiko eta ezpainetako edema, beherakoa, gorakoak eta ondoeza izan ohi dira.
Eta larruazaleko alergien sintomak zeintzuk dira?
- Urtikariak. Umeen % 18k izan ohi ditu haurtzaroko uneren batean edo bestean: mantxak larruazalean, erliebedunak, bapatean agertzen direnak (azkure handia sortuz) eta normalean 24 ordu baino gehiago irauten ez dutenak. Gisa honetako erreakzioaren arrazoiak infekzioak (arnas aparatukoak, pixekoak edo liseri-aparatukoak) eta landare eta animaliak (zakur edo katuak) ukitzea izan daitezke. Zenbait kasutan substantzia irritatzaileren batek sortuak izaten dira, eta gutxiagotan antibiotikoen kontua. Janariek, jendeak bestela uste badu ere, oso gutxitan sortzen dute urtikaria.
- Dermatitis atopikoak daude bestetik; ekzema moduko batzuk gorputzeko tolesturetan (beso/besondo loturan, belaunatzeetan, eta lepoan ere bai batzuetan). Kasu honetan janariak (arrautzak eta fruitu lehorrak batipat) dira sortzaile nagusiak, eta atzetik datoz botikak (sulfamidak, penizilina, analgesikoak).
Eta polen edo lorautsaren alergiari buruz, zer?
Normalean bizpahiru urte behar ditu umeak sentsibilizatzeko eta umerik gehienetan alergia laugarren-seigarren urte bitartean agertzen da.
Umeak katarroaren sintomak dauzkanean, edo konjuntibitisarenak edo asmarenak, eta sukarrik ez badu, eta inguruan beste senide edo gurasorik gaixo ez badago, alergia izan daitekeela pentsa daiteke. Gainera familian beste alergikorik egonez gero (aiton-amonen bat, gurasoak, etab.) gure susmoak baieztatu egingo dira. Eta orduan medikuarengana eraman beharko da umea, lehenbailehen.
Etxean alergikoren bat daukagunean, gauza asko dago aldatu beharra. Etxe horietan eguraspena edo bentilazioa goizeko lehen orduetan egingo da, haizea oraindik bare dagoela, polena etxe barrura sar ez dadin. Gainerako orduetan leihoak itxita edukitzea komeni da.
Espezialistak lorautsak sortutako alergia dela egiaztatu duenean, hezagailuak (humidifikadoreak) jartzea komeni da, baina orduan bakarrik. Alergia akaroena (etxeko hautsarena) edo onddoena balitz, neurri horrek mesede baino kalte gehiago ekarriko luke. Umearen logela leku eguzkitsuan (ahal bada) jartzea gomendatzen da, eta bertan ahalik eta altzari gutxien utziko dira. Eta hautsa gorde edo pila dezaketen alfonbra, pelutxe eta bestelako traste guztiak kanpora aterako dira.
Horrez gain badira umearen higienean hartu beharreko hainbat neurri: umeari sudurzuloak sarri garbituko zaizkio (alergenoaren sarrera-ate nagusia baitira) eta ur asko emango zaio, diuresia areagotuta pixarekin odolean dauden polenaren proteinak ere kanporatzen direlako. Eta hezetasunak, bestalde, bronkioetako zilioen lana erraztu egiten du, eta zilio horien esku dago beheko arnasbideetara iritsi den lorautsa kanpora botatzea.
Begiak ere ongi garbitu (suero salinoarekin) eta argitik behar bezala babestu (eguzkitako betaurrekoekin).
Kalera irteteko orduan, landareak polinizazio-garaian daudenean (eta “arriskua”, beraz, martxoan hasi eta ekaina-uztaila bitartean izaten da, garai okerrena maiatzaren hasieran izanik) umeak saihestu egin behar ditu alergenoak, baina ezinezkoa da umeari neurri zorrotzegiak ezartzea. Haize handia egiten duenean komeni da kontuz ibiltzea; lorauts-kontzentraziorik handienak airean orduantxe pilatzen baitira. Eta egun horietan umeak, ahal izanez gero, ez luke etxetik atera ere egin behar. Eskolara edo haurtzaindegira joan behar izanez gero, hobe kotxean eta leihoak itxita daudela.
Gurasoren bat alergikoa denean, umeak ere bai?
Gauza jakina da alergiak osagai hereditarioren bat baduela. Eta numeroek hori frogatzen dute: izan ere, guraso biak alergikoak izaten dituzte, seme-alaba alergikoak dauzkate kasuen % 84ean. Alergikoa guraso bakarra baldin bada, umeak ere alergiko izateko posibilitatea % 41eraino jaisten da. Baina alergia inolako aurrekin familiarrik gabe ere ager daiteke. Horixe gertatzen da umeen % 16an.
Alergia berez, espontaneoki, agertzen erraztuko luketen zenbait faktore aipatu izan dira: fetuaren sufrimendua erditu bitartean, keagatiko kontaminazioa etxean (erretzaileen eraginez), edota haurtzaroko infekzioren batzuk (elgorria, kukutxeztula, etab.).
Zer egin daiteke gaitz hau prebenitzeko?
Familian aurrekinak daudenean, gurasoek hainbat neurri har ditzakete, alergia agertzea atzeratzeko:
- Amak ez du erre behar haurdunaldia bitartean.
- Erditzea ahalik eta naturalena izan dadila, fetuak sufri ez dezan (ginekologoaren garrantzia)
- Etxeko kontaminazioa (kea, batez ere) ebitatu.
- Umeari bularra eman, ahalik eta denboraldi luzeenean. Amaren esneak hainbat gai dauzka (makrofagoak, linfozitoak, etab.), umea babesteko. Behi-esneak ez dauzka defentsa-elementu horiek, eta gainera oso proteina alergeniko bat dauka.
- Ahal dela, eta etxeari begira, ez bizi azkeneko pisuan. Ezta beheko planta edo lehenengoan ere; horiek baitira denetan hezeenak eta akaroak eta onddoak ere hortxe hazten baitira ongien. Etxea eguzkitsua bada, hainbat hobe; eguzkiak akaro eta onddoak akabatu egiten baititu.
- Umearen gelak berria, garbia eta ahalik eta gauza gutxien dauzkana izan behar du, hautsik pila ez dadin.
- Hotzak alergia errazten duenez, umeak ez luke jaki-edari edo janari gozo hotzegirik hartu behar. Izozki edo jelatuak miazkatuz hartu, ez hozkaka.
Tratamendurik ba al du alergia honek?
Lehenik eta behin, diagnostikoa egin behar da: aurrekin familiarrak baloratu, umearen historia ikusi, etab. Umearen adina kontuan edukiz (txikia baldin bada ez baitu balio), larruazaleko probak egingo dizkio espezialistak.
Ondoren, alergenoa ongi identifikatuta dagoenean, inmunoterapian saia daiteke; alegia, umeari alergia sortu edo eragiten dion substantzia (lorautsa, akaroak, bakterioak, onddoak, ...) gero eta dosi handiagoetan injektatzea, toleratzen duen kopuru maximoa lortu arte. Gero, dosi hau bi urtean mantendu behar da, alergi sintomak desagertu ondoren.
Inmunoterapia gaixotasuna agertzen deneko urte-sasoia baino lehen egiten da, edota urte osoan zehar, atsedenaldiekin. Janariek eragindako alergientzat ez dago txertorik.
Txertoak indibidualizatua izan behar du, hau da, gaixo bakoitzarentzat espreski landua. Espezialista batek egindako txertoa denean eta behar bezala aplikatzen denean, umeen % 85-92k alergi zeinurik ez du gehiago edukiko. Bestelako txertoek, ordea, ez dute hain ondorio egokirik lortzen.
Inmunoterapia ahalik eta lasterren hasi beharra dago; umeak, hain sentsibilizatua ez dagoenez, aterakin hiposentsibilizatzaile gehiago onartzen baitu. Zenbat eta beranduago hasi, hainbat eta okerrago toleratzen da txertoa eta prozesua luzeagoa izango da. Bakterioen kontrako inmunoterapia 12 hilabetetik aurrera has daiteke, akaro eta onddoen aurkako txertoa 2-3 urtetik aurrera eta polenen kontrakoa umeak 3-4 urte dituela.
Laguntza psikologikoa behar al dute alergikoek?
Egindako ikerketa baten arabera, ume asmatikoek diabetikoek baino arazo psikologiko gehiago omen dute. Umeen krisi alergikoek antsietate edo herstura handia sortarazten die beren amei, eta umea horretaz konturatu egiten da, eta berak ere sufritu egiten du larritasun hori. Beraz, oso kontutan hartu beharreko arazoa da hau, umea ez gehiegi “babesteko” eta ahal dela gainerako umeen bizimodu beretsua egin dezan.
Azken urteotan gora egin al du alergikoen kopuruak?
Batetik gaur egun alergiak hobeto ezagutzen dira, eta hobeto diagnostikatzen dira, eta horrek ume alergiko gehiago dagoela eman dezake. Bestetik, zenbait faktore sozialek alergiak agertzea erraztu egiten dute: estresak adibidez, umeengan ere ikusten baita, edota gaur egungo elikadurak
Jende-pilaketa da beste faktore bat. Horrek arnas infekzioak ugaldu egiten ditu, eta infekzio hauek arnas mukosak hondatzen dituzte, alergenoen aurrean minberago bihurtuz.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia