Alarma piztu dute Europako tximino-baztangaren kasuek

2022/05/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Tximino-baztangak erupzio deigarriak sortzen ditu larruazalean. Arg. CDC/Jabego publikoa

Joan den maiatzaren 7an tximino-baztangaren lehen kasuak jakinarazi ziren Erresuma Batuan; lehena, Afrikatik zetorren bidaiari batean, antza denez. Geroztik, Europako zenbait herrialdetan joan dira azaltzen kasuak, gehienak Afrikan izan gabeko pertsonetan, eta, kasuak ugaritu ahala, areagotzen ari da kezka.

Tximino-baztanga birus zoonotiko bat da; alegia, animalietan sortua da, eta gizakiak infektatzeko eta gizakitik gizakira transmititzeko gaitasuna bereganatu du. Baztanga (Variola virus) 1980tik desagerraraztea lortu zenetik, gizakiei eragiten dien orthopoxvirus garrantzitsuena da. 

Birusa tximinoetan identifikatu zen lehen aldiz, eta, baztangaren antzeko gaitza sorrarazten zienez, tximino-baztanga deitu zitzaion. Baina, batez ere, arratoiek eta halako karraskariek transmititzen dute. Pertsonetan, 1970an identifikatu zen lehenengoz, Kongoko Errepublika Demokratikoko haur batean; ez zuen jarrita baztangaren aurkako txertoa. Afrikatik kanpo, berriz, 2003an baieztatu zuten lehen agerraldia, AEBn, Afrikatik eramandako karraskariek larre-txakur etxekotuak kutsatu eta haiekin kontaktu estua izan zuten pertsonetan.

Transmisioa, sintomak eta prebentzioa

Gaur egun, endemikoa da Kongoko arroan, eta, bereziki, Afrikako Errepublika Demokratikoan. Handik kanpo, kasuak oso ezohikoak dira. Lehen infekzioak gaixotutako animaliekin kontaktu estua izateagatik gertatzen dira, eta pertsonatik pertsonara larruazaleko lesioetako edo arnasbideetako jariekinekin kontaktu estua izateagatik transmititzen da. Inokulazioz edo plazentan zehar ere transmiti daiteke.

Bi aldaera nagusi daude, bat Afrika mendebaldean, onberagoa, eta bestea Afrika erdialdean, gaiztoagoa. Azken horren hilgarritasuna % 10ekoa ere izan daiteke (osasun-egoerak eta baliabideen eskasiak ere eragin zuzena dute).

Infekzioaren lehen egunetan, sintomak hauek dira: sukarra, zefalea bizia, linfadenopatia (gongoil linfatikoen hantura), gerriko mina, mialgiak (muskuluetako mina) eta astenia handia (nekea). Gero exantemak edo larruazaleko erupzioak agertzen dira, batez ere, aurpegian, eskuetan eta oinetan.  Pertsona osasuntsuetan, normalean, bere kasa sendatzen da, eta antibiral batzuk lagungarriak izan daitezke.

Prebentzio-neurri garrantzitsuena da infektatutako pertsonekin kontaktu zuzena saihestea. Berez, baztangaren txertoak immunitate gurutzatua sorrarazten du, hau da, tximino-baztangatik ere babesten du. Txerto hori dagoeneko ez dago eskuragarri, baina baztangaren birusarekin lanean jarraitzen dute bi laborategitan gordeta dauden laginei esker: Atlantan (AEB) eta Koltsovon (Errusia). Izatez, 2019a baztangaren eta tximino-baztangaren aurkako txertoaren bertsio berri bat baimendu zuten; alabaina, oraingoz ez dago eskura.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia