}

Agente laranjaren itzal beltza

2001/04/20 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Agente laranjak AML leuzemia eragin dezakeela ondorioztatu du Ipar Carolinako Unibertsitateko ikerketa batek.

Agente laranja Vietnamgo gerratean erabili zuen Estatu Batuetako armadak basoak garbitu eta etsaiak ezkutalekurik gabe uzteko. Ondorioek gaur egun arte diraute: agente laranjak kaltetutako basoek ez dute hosto berririk eta pertsona askok zein geroztik jaiotako ume askok herbizida--nahasteak eragindako malformazioak eta gaixotasunak jasaten dituzte. 1969an eginiko ikerketa batek dioxinek, agente laranjaren osagaietako batek, laborategiko animalietan sortzetiko malformazioak eragin zitzakeela erakutsi zuen eta 1970ean Estatu Batuetako armadak herbizida erabiltzeari utzi zion. Beranduegi, ordea.

Agente laranjak hainbat gaixotasunarekin lotura zuzena duela ikusi da geroztik. Gainera, gaitzak herbizidaren eraginak zuzenean jaso zituztenen artean bakarrik ez, euren seme-alabengan ere gertatzen dira. Agente laranjak bizkarrezur bifidoa, arnas aparatuko minbiziak, prostatako minbizia, mieloma anizkoitza, azaleko hainbat gaitz, sarkoma, Hodgkin-en linfoma eta Hodgkin-enak ez diren linfomak eragiten dituela ikusi da hainbat azterketatan.

Berrikuspenen haritik aurkikuntza

Joan den urtean Estatu Batuetako Zientzia Akademia Nazionaleko Medikuntza Institutuak agente laranjarekin erlazionatutako ikerketak berrikustea eskatu zion Ipar Carolinako Unibertsitateko Irva Hertz-Piccioto doktoreari, eta hark ateratako ondorioak dira gaur hona ekarri direnak. Ehunka ikerketa berrikusi ondoren, lehen aipatutako gaixotasunen eta agente laranjaren arteko lotura berretsi du, eta bat gehiago egon daitekeela adierazi du. Izan ere, Vietnamgo gerran parte hartu zuten beteranoen seme-alabengan ohikoa baino MDL leuzemia-kasu gehiago daudela ikusi dute.

Bi ikerketa izan dituzte eskuartean, bata Australiako beteranoen artean egina eta bestea agente laranjarekin kontaktuan egon zirela onartu zuten soldadu estatubatuarren artean egina. Hertz Piccioto doktoreak adierazi duenez, haien seme alabek MDL leuzemia izateko arriskua agente laranjarekin kontaktuan egon ez direnen pertsonen seme-alabena baino % 70 handiagoa da.

Zientzia Akademia Nazionalak berehala eman du aditzera kausa--efektuzko lotura sendorik ez dagoela, baina kasualitateak handiak dira. Hasteko, lotura agente laranja eta MDL leuzemiaren artean soilik ikusten da, baina MDL berez nahiko leuzemia-mota arraroa da. Gainera, lotura sendoenak MDL leuzemia oso txikitan diagonstikatu zaien umeetan agertzen da, hain zuzen, gaixotasunak gurasoek jasotako kalteen eraginezkoa izateko aukera gehien dagoenean.

Batean kale, bestean bale

Salaketak agente laranjak kaltetuta egon daitezkeen 100.000 soldaduz hitz egiten du, baina ez du hitz bat bera ere esaten vietnamdarrez. Kontuan izanda agente laranja batik bat hegazkin eta helikopteroen bidez jaurti zela, pentsatzekoa da efektuak askoz bortitzagoak izan direla vietnamdarrengan, haiek ez baitziren, gainera, gerra ostean etxera itzuli. Agente laranjaren aztarnen pean bizi dira oraindik ere.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia