Adimen artifiziala diskriminatzailea izatea eragozteko sistema bat aurkeztu dute

2019/11/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Arg. Deboki Chakravarti

Datu historikoak erabiltzen dituzten adimen artifizialeko sistemek isuri diskriminatzaileak sortzeko arriskua dute. Hori saihesteko, teknika bat asmatu dute AEBetako eta Brasilgo unibertsitate batzuetako ikertzaileek.

Ikasketa automatikoan oinarritzen da, eta hezkuntzan eta osasun-arloan probatu dute. Adibidez, unibertsitateko azterketen emaitzak aurreikusteko programa batean, jakinda kalifikazioetan genero-isuria egoten dela, sistema trebatu zuten igoerak zein jaitsierak saihesteko generoaren arabera. Horri esker, inolako irazkirik erabili gabe baino hobea izan zen aurreikuspena.

Osasun-arloan, berriz, proba teorikoak egin dituzte, odolean glukosa eta intsulina metodo dosifikatzaile automatikoak hobetzeko.

Aurkeztu duten sistema zuzentzaile horri algoritmo seldoniarra deitu diote, Hari Seldon pertsonaiari keinu eginez. Hain zuzen, Isaac Asimovek asmatutako pertsonaia da Seldon, robotikaren legeen egilea; lehen legeak robotek gizakiei kalte egitea debekatzen du. Ikerketaren emaitzak, berriz, Science aldizkarian argitaratu dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia