Trialeko bizikletak Ion Areitiorekin

18 urte ditu eta dagoeneko munduko txapelduna da trialeko bizikletan, junior mailan. Txirrinduarekin jauzi eta birak egiten maisua da Ion Areitio, Ktek tarteko gaurko protagonista. Nagore Rementeria lankideak Hondarribian aurkitu du txapelduna, arroketan saltoka.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Kaixo, Ion!

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Kaixo, egun on!

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Bizikleta hauek argi dago kalerako behintzat ez dutela balio; aulkirik ere ez daukate!

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Ez, kaleko txirrinduaren aldean oso desberdinak dira, ikusten den bezala; aulkitik hasita, eta formarengatik ere bai. Ezkerrean dudana 20 hazbeteko bizikleta da, errobera txikia du; eta, beste aldean, 26koa, erroberak koxkorragoak dira. Biek trialean ibiltzeko balio dute, baina teknika oso desberdina da. Txiki hau leku estuetarako eta trebetasun handia behar den lekuetarako hobea da, baina handia oztopo edo zailtasun handietan ibiltzeko nahiago dut.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Non entrenatzen zara zu?

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Normalean, udan, hemen, Hondarribiko kai-muturrean, astean hiru bat aldiz, bi orduz edo horrela. Baina neguan, hotzagatik eta azkar iluntzen duelako, pabilioi baten barruan zenbait harri eta enbor jarri ditugu, eta bertan entrenatzen naiz. Bestela, gimnasiora edo korrika egitera joaten naiz.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Hemen etxean bezala, ezta, Ion?

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Bai, dagoeneko ezagutzen ditut arroka hauek.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Orain 18 urte bete berriak dituzu. Orain arte junior mailan lehiatu zara munduko txapelketetan. Hemendik aurrera?

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Orain arte junior-mailan ibili naiz. 2010eko irailean Kanadan izan nintzen munduko txapelketan, eta bai txirrindu txikiarekin eta bai handiarekin, bietan irabazi nuen. Eta orain elite-mailara salto egingo dut. Orain sufritzea tokatzen da!

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Txapelketan oso arau zorrotzak dituzue?

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Bai. Helburua da zailtasunen gainetik hanka lurrean jarri gabe pasatzea.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eta bizikletak uki ditzake oztopoak?

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Ez. Gurpilek bakarrik, pedalak edo beste edozerk ukituz gero, penalizazioa jasotzen dugu.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Hemen jendeak pasatzean zerbait esango dizu, ba!

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Herriko jendeak normalean ez du ezer esaten, baina kanpoko jendeak "chaval estás loco" eta halakoak esaten ditu.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Bizikleta hauek ez dute pisu minimorik, beste batzuekin gertatzen den bezala?

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Ez, ez daukate pisu minimorik. Gure helburua da txirrinduak gutxi pisatzea. Eta gutxi pisatze horretan obsesionatu egin garela esan dezakegu. Bizikletak erroberetan zuloak ditu. Eta orain material berriak sartzen hasi dira. Adibidez, manilarra karbonozkoa da, bereizgailuak ere karbonozkoak ditu... bizikletaren zatirik handiena aluminioa da.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zuek jarduten duzue horretan, bizikletari materiala ahalik eta gehien kentzen?

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Bai, normalean bizikletan fabrikatik etorrita seriekoak direla esan daiteke. Gero bakoitzak bere txirrindua hartu, eta bere gustura moldatzen du. Erroberetan zuloak egin, posizioak aukeratu, torlojuak aldatu... Pisuarekin obsesionatu egin gara. Hangoak 7,5 kilo inguru pisatzen du, eta honek, 7,8.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Aldea ez da oso handia.

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Nahiz eta askoz handiagoa ematen duen, pisuan parean dabiltza. Ikusten den bezala, horrek disko-frenoak ditu, eta honek aldiz ez; honenak freno hidraulikoak dira. Haiek errobera txikia izanda, disko-frenoak ongi frenatzen du. Aldiz, hemen disko-frenoak ez du behar den guztia frenatzen.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Platerari eta pinoiei dagokienez, biak oso txikiak, ezta?

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Bai, gure helburua ez da gutxi eman eta metro asko joatea, baizik eta gutxi emanda gora joateko ahalmena izatea.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Trebezia handia behar da kirol hau egiteko, ezta?

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Kirol honen muina nik uste dut oreka izatea dela, baina horretaz aparte oso kirol betea da: gorputzeko atal guztiak erabiltzen ditugu.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eskerrik asko, Jon!

ION AREITIO; trialeko txirrindularia: Zuei, mila esker!

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Kimika gaur

Kimika

2025-10-25

Sendatzen duen kimika

Kimika

2025-10-25

Garbiketa jasangarria

Kimika

2025-10-25