Softwarea arazo astronimikoak bideratzeko / Bizimodu aldatuko dizuten berrikuntzak / Transgenikoen segurtasunaz bermerik ez / '.tel', bisita-txartel birtuala / Glonass dagoeneko erabilgarri
2008ko abe. 3a, 00:00
Softwarea arazo astronimikoak bideratzeko
Ordenagailu-programa berri batek laguntza ematen die astronautei eskifaiarekin edo Lurrean dauden lankideekin sortzen diren arazoak bideratzeko. Jay Buckey astronautak eta Jim Carretero psikologoak garatu dute softwarea, eta espazioko bidaia luze batean sor daitezkeen balizko arazo emozionalak lantzeko balio du.
“Espazioko bidaia luzeetan giroa oso garrantzitsua da. Arazoren bat baduzu, ezin duzu beste inora alde egin, konpondu egin behar da ahalik eta harreman onenak izateko”.
NASAk garatutako softwarearen bidez, astronautek iraupen luzeko bidaietan sor daitezkeen egoerak lantzen dituzte. Era berean, autolaguntza-sistema baliotsua izan liteke itsaspekoetan, itsasontzietan edo poloetako ikerketa-baseetan erabiltzeko.
Bizimodu aldatuko dizuten berrikuntzak
IBM enpresak ondorengo bost urteetan gure bizimodua alda dezaketen berrikuntzen zerrenda kaleratu du. Zerrenda egiteko, merkatuaren gorabeherak, gizartearen joerak eta teknologiaren aukera berriak hartu dituzte aintzat.
Eguzki-energiak asfaltoan edo eraikinetan izan ditzakeen erabilera berriak, medikuarekiko kontsultak on-line egiteko aukerak, web-guneekiko harreman berriak, edo erosketak egiteko modu berriak, adibidez, ohiko bihurtuko dira, eta gaur egungo bizimodua erabat aldatuko dute, IBMren ustez.
Transgenikoen segurtasunaz bermerik ez
Austriako gobernuak egin duen ikerketa baten arabera, elikagai transgenikoen segurtasuna ezin da bermatu. Hango ikertzaileek laborategiko arratoiekin egin dituzten saiakuntzak. 20 astez arto transgenikoarekin elikatu dituzte, eta ohartu dira umealditik umealdira jaiotako kumeen tamaina eta pisua txikitu egin direla.
Arratoiak Monsanto multinazionalaren GE artoaren barietatea jan zuten, Europak landatzeko baimendua duen arto-barietateetako bat.
'.tel', bisita-txartel birtuala
Posta elektronikoko helbide ugari, telefono mugikorraren eta finkoaren zenbakiak, laneko webguneak, blogak... komunikazio-moduak biderkatu egin dira informazioaren gizartean. Bisita-txartel batean zaila izango litzateke informazio hori guztia biltzea.
Aste honetatik aurrera, .tel domeinua eskatzeko aukera ireki da mundu osoan. Domeinu horretan, txantiloi baten bidez eta informatika jakin gabe, enpresen zein partikularren txartel birtualak egin ahal izango dira, harremanetarako datu guztiak batuz.
Hala, sarean, mundu mailako direktorio bat eraiki nahi da. Orrialde horien sare berri baten parekoa litzateke, Internetera sarbidea duen edozein gailutatik iristeko moduarekin.
Enpresa batek, adibez, bere ordezkaritza eta sailetako telefono-zenbakiak eta posta-helbideak iragarri ahal izango ditu, webgune bat diseinatu gabe. Banakakoek ere gauza bera egin dezakete domeinu berrian. Izan ere, askoz errazagoa da www.joniturbe.tel bezalako helbide bat gogoratzea, posta elektroniko, telefono-zenbaki edo gainerako helbideak baino.
Glonass dagoeneko erabilgarri
Oraindik orbitan hiru satelite jartzea falta bada ere, Errusiaren Glonass nabigazio-sistema dagoeneko erabilgarri dago, eta azken txanpan dago. 2009an estaldura osoa eskainiko du sistemak; hortaz, Errusiak alboratu egingo du GPSa.
Glonass 24 sateliteko-sare batean oinarritzen da. Sateliteak 19.100 kilometroko altueran daude, 8 sateliteko hiru multzotan banatuta. Satelite bakoitzak bi nabigazio-seinale igortzen ditu, hartzaileen posizioa denbora errealean eta zehaztasunaren murriztapenik gabe jakiteko aukerarekin.
Softwarea arazo astronimikoak bideratzeko / Bizimodu aldatuko dizuten berrikuntzak / Transgenikoen segurtasunaz bermerik ez / '.tel', bisita-txartel birtuala / Glonass dagoeneko erabilgarri
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian