Parapentean hegan

Hegan egitea, gizakiarentzat amets bat izan da beti. Grabitatea gainditu eta hankak lurretik urruntzea, luma balitz bezala airean dilindan ibiltzea”

Joxe Ramon Agirre, Marron, mendizale ataundarraren hitzak dira. Orain dela urte gutxi kaleratu zuen dokumental batean esaten zituen. Marronek mendiak oinez igotzen ditu, eta hegan jaitsi. Parapentea da bere afizio kuttunetako bat. Zortzi milakoak ere jaitsi ditu hegan.

Nagore Rementeria lankidearekin ibili da Urbasan, airean dilindan.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Behin gora igota, hemendik salto egiten duzue?

JOXE RAMON AGIRRE MARRON; mendizalea: Bai, hemendixe. Pentsa, Sakanako lautada guztia, Etxarritik Altsasura bitarte. Putreak hemen ibiltzen dira, eta gu putreei begira, askotan inbidiarekin, zeren horiek ez baitute guk adinako mugarik. Horiek ateratzen direnean esan nahi du kondizio egokiak direla.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Seinalea hori da orduan?

JOXE RAMON AGIRRE MARRON; mendizalea: Bai, putreak ez dira goizeko zortzietan ikusten. Putreak, normalean, eguerdian ikusten dituzu, giroa berotzen hasten denean; hasten da lurrak botatzen duen haize bero hori, ikusten dituzu kaskoetan, eta orduantxe hasten dira hegan.

Segun eta nolako hegaldia nahi duzun: goizean izaten da oso-oso lasaia, eta arratsaldean, lehen esaten nuen bezalaxe, lurra berotzen denean haize beroa hasten da, termika deitzen zaiona, eta askoz gehiago egiten duzu hegan. Eta hori da nahi izaten dena. Batzuetan, gehiegi izaten da, eta tartekoa bilatu behar.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zuk gogoan duzu noiz ikusi zenuen lehenengo aldiz norbait mendira igo eta hegan jaisten?

JOXE RAMON AGIRRE MARRON; mendizalea: Bai, izango dira 30 urtetik gora. Picos de Europan izan zen; orduan delta hegala zen. Artean ez zen parapenterik. Hura izan zen nolabaiteko "fletxazoa".

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Orain delta hegalik ia ez da ikusten.

JOXE RAMON AGIRRE MARRON; mendizalea: Ikusten da. Baditut nik lagunak oraindik erabiltzen dutenak, baina beste diziplina bat da. Hegan egiteko sentsazioa, zalantzarik gabe, libreagoa da apur bat. Parapentean, eserita zoaz, ez da hain estetikoa.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Baina eramateko errazagoa. Zuk motxilan daramazu.

JOXE RAMON AGIRRE MARRON; mendizalea: Hau mendirako berezia da. Hemen kiloek asko pisatzen dute, eta, orduan, saiatzen gara ahal den arinena izan dadin. Parapentea mendian hegan egiteko sortu zen berez, eta niretzat izugarrizko asmakizuna izan zen. Sortu zenean, delta hegala utzi —oraindik gordeta daukagu—, eta parapente bat erosi genuen. Baina garai hartako parapentearekin izugarrizko aldapa behar zenuen, korrika asko egin, eta, hala ere, esaten genuen: " iritsiko ote gara hor beheko zelai horretara?"

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Orduan zer zen, jaistea bakarrik?

JOXE RAMON AGIRRE MARRON; mendizalea: Jaistea zen. "Iritsiko ote gara Iturmendira?" Pentsa, lehen beheko belardi horietan lur hartzen genuen, eta orain hemen orduak pasatu ditzakezu, kondizio onak izanez gero.

Nire kasuan, mendian ibiltzeko ez da eskatzen hegan asko egiten duen parapente bat. Mendira igo eta hegaldi atsegin batekin gozatzearekin nahikoa dugu; hori da gure nahia. Airean sentitze horrek ematen dizun halako sentsazio atsegina.

Hemen Iaiorekin egin dugu topo; Altsasuko lagun bat da. Eta horiek 'lagun bat da' eta gero 'horiek'????? -->putreek haina ordu gehiago pasatzen dituzte hemen.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Putreen lagunak?

JOXE RAMON AGIRRE MARRON; mendizalea: Ezagutzen dute lekua, eta putreak ere bai... Iaio prestatzen ari da. Ikusi; nirea baino askoz handiagoa da haren aulkia. Bertan paraxut bat darama, eta, jausten bada, airbag bat dauka.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Seguruagoa da, orduan.

JOXE RAMON AGIRRE MARRON; mendizalea: Zalantzarik gabe. Orain haizearekin puztu egin behar da nolabait esateko, gorputza eman behar dio. Ikusten dituzue han aurrean ... kamara batzuk ditu; hori puztu egiten da, eta parapenteak forma aerodinamiko hori hartzen du, planeatzeko forma hartzen du. Segurtasunagatik, apur bat altxatzen da, ikusteko soka guztiak ongi daudela. Ateratzeko garaian, bira egin eta planeatzen hasten zara. Hori da segurtasunerako protokoloa atera aurretik egiten dena.

Maniobratzeko soka berde hau izaten da. Atzealdeko "fuga" esaten zaiona jaisten du, eta birarazi egiten du. Aldi berean, horrek balio du baita lur hartu baino lehenago frenoari tiratzeko ere, eta abiadura txikitzen duzu azkeneko momentuan. Badu bere funtzioa. Lokarri guztiek dute bere eginkizuna.

NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Abiatu aurretik badaukazue zerbait esateko ohiturarik, gero arte...

JOXE RAMON AGIRRE MARRON; mendizalea: Bai, beti "ongi egin", eta airean "hemen ongi zegok"... eta lur hartzeko garaian beti komentatzen dugu. Eta, gero, hegaldi txikiena ere polita izaten da, eta nola edo hala beti ospatzen dugu. Bai, polita izaten da.

Parapentean hegan

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali