Karbonozko nanohodiekin egindako material eroale berri bat garatu dute, ohikoak ez diren hiru propietate dituena aldi berean: eroankortasun ona, pisu txikia eta erresistentzia mekaniko handia. Science aldizkarian argitaratu dute lana, eta egileetako bat Nafarroako Unibertsitateko ikertzaile Valentín Vassilev-Galindo da.
Karbonozko nanohodiek, ile bat baino milaka aldiz finagoak diren hodiek, elektrizitatea oso ondo eroaten dute banaka. Baina, erronka da gaitasun horri eustea karbonozko milioika nanohodi elkartzean zuntz erreal bat fabrikatzeko, hau da, laborategitik kanpo erabili daitekeen material bat fabrikatzeko. Lan honek norabide horretan aurrera egiteko modu bat erakusten du.
Ikertzaileek horma bikoitzeko karbonozko nanohodiz osatutako zuntzekin lan egin dute, eta aluminiozko eta klorozko konposatu bat txertatu diete. Horrek materialaren portaera elektronikoa aldatzen du eta korronte elektrikoa gidatzeko gaitasuna hobetzen du. Emaitza da zuntz bat metroko 24,5 milioi siemenserainoko eroankortasuna izan dezakeena, kobrearen eroankortasunaren % 41.
Hala ere, azaldu dutenez, daturik garrantzitsuena ez da soilik zenbateko eroankortasuna duen material horrek, baizik eta zenbatekoa den eroankortasuna pisuarekiko. Izan ere, kobreak elektrizitate gehiago garraiatzen du bolumen bereko material berri horrekin alderatuz gero. Baina, zuntz horiek askoz gutxiago pisatzen dutenez, emaitza aldatu egiten da masa kontuan hartuta. Artikuluaren arabera, material kilo bakoitzeko, zuntz horiek kobreak edo aluminioak baino eraginkortasun handiagoz garraia dezakete elektrizitatea.
Hori garrantzitsua da, erabilera tekniko askotan eroankortasuna bezain garrantzitsua baita pisua. Material arinagoa bereziki erabilgarria izan daiteke kableetan, energia sistemetan edo masa murrizteak errendimendua hobetzen laguntzen duen gailuetan. Izan ere, ohiko kableen erdia pisatzen du material berriak. Eta, gainera, zuntz horiek bost aldiz erresistenteagoak dira.
Bestetik, ikusi dute zuntzak egonkorrak direla baldintza lehorretan, eta hezetasunetik babesten badira estaldura polimerikoekin, eroankortasunaren % 80 inguru izaten dute. Ikertzaileen arabera, gaur egungoak baino eroale arinagoak garatzeko aukera ematen du materialak, pisua eta erresistentzia garrantzitsuak diren aplikazioetarako.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



