Aste honetan, Bilbotik iritsi zaigu galdera. Isabel Etxebestek jakin nahi du nola sortzen diren giltzurrunetako harriak.

Giltzurrunetako harriak material solidoak dira eta pixan dauden hainbat substantziaren ondorioz sortzen dira. Mota askotako harri-motak daude, baina ohikoenak kaltzioz osatutako harriak dira.

Kaltzioa gure dietaren osagai mineraletako bat da. Janariaren bitartez gure hezurretara eta muskuluetara joaten da, eta soberakina giltzurrunetan pilatzen da, gernuaren bitartez kanporatu ahal izateko. Hala er, zenbait pertsonak ez dute kaltzio hori ondo kanporatzen, eta horren ondorioz sortzen zaizkie harriak giltzurrunetan. Nolabait esatearren, gorputzak duen kaltzio soberakina harri bihurtzen da.

Dena dela, badira beste osagai batzuez osatutako harriak ere: esaterako, magnesioz, amoniakoz edo fosfatoz... azido urikoz osatutakoak ere badira, eta baita "zistinaz" osatutakoak.

Harriak hondar-ale bat bezain txikiak izan daitezke, edo perla bat bezain handiak. Kasu batzuetan, golf-pelota baten tamaina izatera irits daitezke.

Tira, ba, hauxe izan da aste honetako galdera. Zuk ere zerbait galdetu nahi baduzu, ez izan zalantzarik eta, Isabel Etxebestek egin duen bezala, idatzi iezaguzu teknopolis@elhuyar.com helbidera.

Harriak

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali