Eskaladako materiala, Pou anaiekin
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Iker eta Eneko Pou! Zer moduz, ondo?
IKER POU; eskalatzailea: Bai.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Zuek etxean harrapatzea ez da erraza izango, ezta?
IKER POU; eskalatzailea: Zaila, zaila. Beti gaude kanpoan, Gasteiz inguruan eskalatzen edo... beti kanpoan.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Oraingoan zorte ona izan dugu biok zaudetelako hemen.
ENEKO POU; eskalatzailea: Bai. Murgian gelditu gara, Gasteiztik apenas hamabost minutura, gutxi gorabehera 20 kilometrora. Asko gustatzen zaigun lekua da, gehienbat paisaiarengatik. Eskalada-eskola ona da, baina ez da Euskal Herriko onena. Baina lekuak merezi du.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Motxila? Materialarekin?
ENEKO POU; eskalatzailea: Material asko eskatu diguzu eta!
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Bai, erakusteko zer erabiltzen duzuen eskalatzeko. Ba, goazen!
ENEKO POU; eskalatzailea: Oparitxoak pisua zuen?
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Ez handia. Zenbat eta arinagoa, orduan eta hobeto, ezta? Zenbat kilo material eramaten duzue normalean? Neurtuta daukazue?
IKER POU; eskalatzailea: Ez. Eskalatu behar dugun paretaren arabera material bat edo bestea eramaten dugu. Hemen kirol eskalada denez, ez du pisatzen hainbeste motxilak. Hamar kilo gehienez, dena sartuta.
ENEKO POU; eskalatzailea: Bai, baina asmatu duzu. Bilatzen duguna beti arintasuna da. Orduan, material onenak erabiltzen ditugu, eta arinenak.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Horma hau igotzeko, adibidez, ze material erabiliko duzue?
ENEKO POU; eskalatzailea: Horma hau igotzeko material gutxi. Oraintxe ikusiko duzu.
IKER POU; eskalatzailea: Normalean seguruak jarrita daude, orduan, espresak eramaten ditugu. Sartzen dituzu seguru horietan, eskalatu ahala soka pasatzen da seguru hauetatik; horrela, erortzen bazara, zintzilik geratzen zara.
ENEKO POU; eskalatzailea: Begira, oso arina da guztia.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Bai, aluminiozkoak edo.
ENEKO POU; eskalatzailea: Orain dela urte asko arazo handiak zeuden: sekulako paretak egitera joaten ziren, 1900. urtean adibidez, eta mosketoi bakoitzak pisatzen zuen sorta honek guztiak pisatzen duena.
Hemendik zintzilikatzen da arrokan dagoen segurura, eta soka hemendik pasatzen da. Beheko mosketoia kurboa da, eta egiten duena da lagundu soka sartzen. Honez gain, hau arnes berria da, Nagore. Oso arina. Lehengoak askoz handiagoak ziren, erresistentzia txikiagokoak, ez ziren hain arinak. Eta hauek arinak dira, eta erresistentzia handia daukate.
Jarraituko dugu gauzak ikusten. Hau gutxi gorabehera goi-mendiko materiala da, pareta handietan erabiltzen den materiala.
Kirol-eskaladaren iraultzan sortzen da, 1975ean gutxi gorabehera. Yosemite-ko haranean, Estatu Batuetan, erabili zituzten lehenengo aldiz. Gaur egungoak askoz handiagoak dira, erresistentzia handikoak. Pitzaduretan sartzen dira.
Hemen ikusten dugu soka.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Soka-mota desberdinak daude?
ENEKO POU; eskalatzailea: Bai, mota askotakoak. Kasu honetan, hau dinamikoa da. Eskalatzaileok erabiltzen duguna beti dinamikoa da, behar dugulako erortzerakoan malgutasuna izatea minik ez hartzeko, bizkarrean gehienbat.
Hau katu-oin modernoa da, eskalatzeko zapatila. Garrantzizkoena da, agian, daukan goma. Gutxi gorabehera 1975ean deskubritu zuten. "Goma cocida" deitzen da. Eta ideia bat egiteko, Formula 1en erabiltzen dituzten gurpilen antzekoa da. Eskalatu behar baduzu, zerbait oso teknikoa, oso zaila, zapatila baino bi-hiru zenbaki txikiagoa eramaten da, oso-oso estu. Ideia da oina horrela eramatea, tentsioan, oso leku txikietan jarri ahal izateko, horregatik daukate halako punta ere. Oso landuta dagoz.
IKER POU; eskalatzailea: Honekin sartzen ditugu seguruak. Paretan ikusten dituzuen seguruak, kimikoak edo paraboltak, zerbaitekin sartu behar ditugu, eta errazena, kirol-eskaladan, taladro batekin sartzea da. Hau da bateriazko taladro bat, ez du pisatzen asko, hiru kilo edo. Honekin zuloak egiten ditugu, eta, gero, honelako materiala sartu behar dugu. Hemen ikusten ditugu... hau bilgune bat da. Kirol-eskaladan bilgunean ditugu jaisteko: joaten gara eskalatzen, eta seguruak sartzen ditugu, baina gero kendu egin behar ditugu. Orduan, iristen garenean gailurrera edo bidearen topera, honelako jaitsiera bat egoten da, eta egiten duguna da soka pasatu hemendik; polean sartuta geratzen zara, eta, orduan, beheko material guztia kentzen dugu.
ENEKO POU; eskalatzailea: Iker lotu da sokarekin arnesera, sokarekin eskalatzen hasi, eta nik tramankulu hau jarri dut ; GriGri deitzen da. Egiten duena da blokeatu. Sistema da kotxeetan erabiltzen dugun segurtasun uhalaren antzekoa. Eskalatzailea eroriz gero blokeatu egiten da, eta suabe emanez gero...
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Orduan, zure gorputzarekin eutsi behar diozu?
ENEKO POU; eskalatzailea: Gutxi gorabehera bai, baina bera bakarrik blokeatzen da. Orduan, pixka bat despistatua baldin bazagoz, hori ez da sekula gertatu behar, bakarrik blokeatzen da, eta eskalatzailea zintzilik geratzen da.
Oso asmakizun ona izan zen bere garaian ere, gutxi gorabehera 1991n; hau berriagoa da.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Orduan, hemen behean dagoenaren lana garrantzitsua da. Ez da bakarrik soka hartu eta gora egitea, behean dagoenak ere adi egon behar du.
ENEKO POU; eskalatzailea: Behean dagoenak egon behar du eskalatzaileari begira. Ezin du aldamenekoarekin hitz egin.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Adibidez, orain.
ENEKO POU; eskalatzailea: Soka pasatu nahi badu eta ez badiozu ematen, eror daiteke. Soka eskatzen ari zait, oso azkar...
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Eman soka!
ENEKO POU; eskalatzailea: Asmakizun hau oso berria da, bakarrik lau urte izango ditu, bost urte asko jota.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Seguru optikak lehendik ere asmatuak zituela.
ENEKO POU; eskalatzailea: Seguru baietz. Prisma normal bat da azkenean; ez dauka besterik.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Baina orain aplikazio berri bat dauka, ezta?
ENEKO POU; eskalatzailea: Aplikazio berri bat eskaladarako. Ez dira oso estetikoak. Baina ahalbidetzen digu eskalatzailea oso ongi ikustea. Lepoa atzeraka jarri gabe Ikerrekin oso adi nago. Nik uste dut oso asmakizun polita izan dela. Eta kontuan hartzen baduzu nola daukadan lepoa, asmakizun zoragarria!
ENEKO POU; eskalatzailea: Luze ederra!
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Entrenatzen geratzen zarete, orduan?
IKER POU; eskalatzailea: Bai, pixka bat gehiago!
ENEKO POU; eskalatzailea: Eguraldi ederra dago, eta arratsalde zoragarria eskalatzeko.
NAGORE REMENTERIA; Elhuyar Fundazioa: Ba, ni banoa. Ondo segi eta zorte ona izan. Agur!
ENEKO POU; eskalatzailea: Agur!
IKER POU; eskalatzailea: Agur!
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian








