Epsilon Euskadi: abiada bizian
Historian aurrenengo aldiz, Epsilon Euskadi taldeak parte hartuko du Le Mans-eko 24 ordu ospetsuetan. Ez hori bakarrik. Hemen, Azkoitian, errendimendu handiko zentroan eraikitako auto batekin joango dira. Izan ere, Espainian horrelako auto bat egiten den lehen aldia da.
KORTEA: Joan Villadelprat; Epsilon Euskadi: Epsilon Euskadiren asmoa da autogile bilakatzea. Konturatu gara, une honetan, txapelketen munduan, Le Mans-eko 24 orduetan soilik erabil ditzakegula irudimena eta sormena; hura dela guretzat benetako erronka teknologiko bakarra. Autoak 1 Formulako auto baten teknologia bera behar du, baina 24 ordu iraun behar du.
24 orduz jarraian Le Mans-eko zirkuituari biraka. Hori da proba nagusia, baina, hura baino lehen, Le Mans World Series izeneko lasterketa-sorta bat gainditu beharra dago. Lasterketa bakoitzean mila kilometro egin behar dira ahalik eta denborarik laburrenean. Lehenengoa datorren igandean izango da, apirilaren seian, Montmeló-ko zirkuituan.
Lasterketaren araudiak berak eskatzen du autoak baldintza jakin batzuk betetzea, hala nola pisua, karrozeriaren neurriak, kabinaren tenperatura edo erregai-ontziaren bolumena. Ontzi horrek, adibidez, ezin du 90 litro baino gehiago izan. Lasterketaren ezaugarri bereziek ere baldintzatu dute autoaren diseinua.
KORTEA: Sergio Rinland; Epsilon Euskadi: Le Mans-eko 24 orduak bezalako lasterketa batean, nahitaezkoa da iraunkortasuna. Horregatik, nahiz eta autoa ahalik eta arinen diseinatu, material arinekin, karbono, aluminio eta titanio metal arin-arinekin, oso erresistentea izan behar du. Segurtasun-koefizienteak 1 Formulako auto batenak baino altuagoa izan behar du.
Proiektu honetan sartzeko erabakia joan den urteko maiatzean hartu zen arren, Epsilon Euskadiko diseinatzaileak 2005eko apirilaz geroztik ari dira prototipoa lantzen.
Diseinu-taldea, 10 ingeniari gaztek osatzen dute; Epsilonek Mondragon Unibertsitatearekin batera ematen duen masterreko ikasleen artean aukeratu dituzte. Orri zuri batetik hasita auto bat eraikitzea oso lan zaila da, eta, horretarako, simulazioak eta kalkulu fluidodinamikoak egiten dituzten hainbat programa informatikoz baliatzen dira.
STATEMAN: Alaitz Ochoa de Eribe; Elhuyar Fundazioa: Hemen daukagun hau monokaskoaren zurezko erreplika bat da. Autoan muntatu aurretik, hemen probatu dituzte pieza guztiak, denak ongi egokitzen direla ziurtatzeko. Ez bakarrik benetako piezak, baita plastikozko prototipo hauek ere.
Hemen ez dago burdindegian erositako piezarik. Osagai bakoitza kontu handiz diseinatu dute, eta plastikozko prototipo ugari sortu dituzte 3D-ko inprimagailu batean.
Behin betiko piezak azaroan hasi ziren iristen Euskal Herriko, Italiako eta Erresuma Batuko fabriketatik; hornitzaile espezializatuei eskatu dizkiete. Azken hilabeteotan, piezak biltegi honetan gordetzen joan dira, ordena zehatz bati jarraituz eta kalitate-kontrol zorrotzak pasatu ondoren.
Muntaia, gaur egun "fabrikazio" esaten zaiona, Azkoitian egin dute eta bi hilabete iraun du. Denbora horretan, autoa behin eta berriro muntatu eta desmuntatu da. Ahalik eta zati gutxien izateko diseinatu dute, erresistentziari eta iraunkortasunari begira. Karrozeria karbono-zuntzez eta kevlarrez egina da; motorra Judd markakoa da, bost litro eta 650 zaldi-potentzikoa. Le Mans-en hiru pilotu txandakatzen direla eta, xasisa garaiera desberdinetara egokitzen da. Baina, begi-bistan, deigarriena da auto itxia izatea.
KORTEA: Sergio Rinland; Epsilon Euskadi: Auto itxi bat egitea zailagoa da. Ezaugarri aerodinamiko desberdinak ditu. Karga aerodinamiko gutxiago du, baina airearekiko erresistentzia gutxiago ere badu. Teorikoki, Le Mans-erako hobea da, han, zuzen luzeak eta balaztatze gogorrak daudelako. Erresistentzia txikiagoa duenez, zuzenaren amaierara azkarrago irits daiteke, baina bihurguneetan abiadura galtzen du. Oreka bat mantendu beharra dago.
Mekanikari-taldeak egia esateko, ebakuntza bat egiten ari den mediku-talde bat dirudi. Piezarik txikienak ere doitu egin behar dira, eta ezerk ere ezin dezake huts egin. .. Emaitzak merezi du baina.
Epsilon Euskadi lantegi bat eraikitzen ari da Miñaoko Parke Teknologikoan, eta prototipo hau da haren lehen emaitza. Datorren urtetik aurrera, lasterketa-autoak eraikitzeko teknologia aurreratuenak izango dituzte han: haize-tunel bat eta hainbat simulagailu: oso tresna sofistikatuak, hegazkingintzarekin zerikusi handiagoa dutenak automobilgintzarekin baino.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian



