Antirretrobiralak: birusa kontrolpean

Antirretrobiralak izan dira, orain arte, GIB birusaren ugalketa kontrolpean izatea lortu duten bakarrak. Izan ere, medikamentu horiek GIBaren ugalketaren atal bakoitza galarazten dute.
Antiretrobiralak izan dira, orain arte, GIB birusaren ugalketa kontrolpean izatea lortu duten bakarrak. Izan ere, medikamentu horiek GIBaren ugalketaren atal bakoitza galarazten dute.

Birusak TCD4 linfozitoen aurka egiten du, hau da, gure defentsen aurka. GIBak parasito baten antzera funtzionatzen du gure organismoan: zeluletan sartzen da, eta haien mekanismoa erabiltzen du ugaltzeko. Ugaltzea lortzen ez badu, egun eta erdian hilko da.

Zelulan sartzea lortzen badu, ordea, zelularen DNAa erabiliko du, birusak duen kate bakarra kate bikoitz bihurtzeko. Prozesu horren bitartez ehunka birus berri sortuko dira. Hil berri duten zelulatik irten eta zelula gehiago kutsatu eta hiltzeko prest abiatuko dira organismoan zehar.

Prozesu horren atal bakoitza oztopatzen duten medikamentuak dira antirretrobiralak; haien helburu nagusia birusaren ugalketa galaraztea da.

Botika horiek sei familiatan bereizten dira. Bakoitzak ugaltze-prozesuaren une zehatz bat galarazten du. Eta familia bakoitza hainbat medikamentu-klasez dago osatua.

Tratamendu zabalduenak familia ezberdinetako hiru pastila nahasten ditu.
Baina gaixo bakoitzaren egoeraren arabera, tratamendu-mota bat jarriko zaio.

KOLDO AGIRREBENGOA; Gurutzeta ospitalea: Gaixo batek tratamendua ez du behin ere hartu eta hor egingo diogu hasierako tratamendu bat, hori izango litzateke tratamendu aldetik laburragoa, errazagoa hartzeko. Horretarako helburua izaten da pastila bakarra. Hor dauzkagu hiru farmako pastila batean sartuta.

Gaixo bat tratamendua aspalditik hartzen ari bada, ordea, ohikoa da birusa hainbat pastila motarekiko erresistente bihurtzea, eta, horrenbestez, medikamentuak ez dio efekturik egingo.

KOLDO AGIRREBENGOA; Gurutzeta ospitalea: Ze farmako erabili dituen gaixoak ba horien kontra edo familia horien kontra egingo du erresistentzia  eta gero ez bakarrik farmako baten kontra, baizik farmako horren eta familia osoaren kontra.
Horregatik ikerketetan ez ditugu antirretrobiral berriak bakarrik behar baizik eta familia berriak ere.

Zenbat eta familia eta pastila gehiago izan, haien artean konbinazio gehiago egin ahalko dira. Hala, pastila askorekiko erresistentzia duen gaixoak ere tratamenduarekin jarraitu ahalko du.

Aparailu honek odol mililitro batean zenbat TCD4 edo defentsa-kantitate dugun neurtzen du. Antirretrobiralen tratamendua eraginkorra bada, mililitroko defentsa-kopuru handia izango dugu. Birusak defentsak hiltzea lortu ez duen seinale. Tratamenduaren eraginkortasuna neurtzen laguntzen duen beste parametroa “Karga birala” da. Odolean dugun birus-kopurua, alegia.

KOLDO AGIRREBENGOA; Gurutzeta ospitalea: Detektaezina baldin bada, esan nahi du ez dugula aurkitzen, horrek ez du esan nahi birusa ez dagoenik, baizik ez dela ugaltzen. Zuk birusa barruan daukazu, baina ez duzu sufritzen. Gaixotasuna birusa ugaltzea da.

Medikamentu horiek, ordea, badute alde txar bat, albo-ondorioena alegia. Zabalduenetako bat lipodistrofia da, beso, izter, ipurdi eta masailetan gantza galtzea, urteotan milaka gaixok pairatu dutena. Gaur egungo medikamentuek, ordea, ia ez dute albo-ondorio hori eragiten.

KOLDO AGIRREBENGOA; Gurutzeta ospitalea: Antirretrobiralek 2005ean Ameriketan, heriotzari miloi bat urte irabaztea lortu zuten. Bizi asko salbatu zituztela esan nahi det. Horiek Ameriketan egiten dituzten estadistikak dira. Miloi bat urte heriotzari irabaziak.

Ospitaleetako farmazietan soilik lor daitezke medikamentu hauek, eta Euskal Autonomia Erkidegoan urtean 30 milioi euroko gastua sortzen dute. Lurralde aberats batzuek soilik ordaindu dezaketen dirua da hori, hau da, milioika gaixori bizitza eman dien terapia.

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali