Pelleta; zerrautsaren beroa
Kanpoan hotz egin arren, haurtzaindegi honetako umeek ez dute hotzik. Goxo-goxo daude jarri dieten berokuntza-sistema berriari esker. Muxikako udal-liburutegia, zaharren eta gazteen egoitza, farmazia eta behin-behineko haurtzaindegia eraikin berean daude berotzeko pellet-a erretzen dute. Eta pelleta herrian bertan egiten dute, Enerpellet enpresak handik kilometro gutxira duen lantegian.
Egurraren azpiproduktu bat da pelleta, zerrauts prentsatua hain zuzen. Zerrategi honetan paletak eta eraikuntzan erabiltzeko taulak egiten dituzte. Zerrak ez dute etenik hartzen. Prozesu horretan zerrauts asko sortzen da, eta, hain zuzen, zerrauts hori erabiltzen da pelleta ekoizteko.
Berez, edozein egur motaren zerrautsa erabil daiteke pelleta egiteko, birziklatutako egurraren hondakinak ere bai. Hemen, ordea, pinuaren zerrautsa bakarrik erabiltzen da.
AITZOL TELLERIA; ENERPELLET.
Xurgatze-sistema bati esker, zerrautsa bildu eta zerrategian bertan zabaldutako pelleta ekoizteko instalaziora eramaten da. Prozesua erabat mekanizatuta dago: lehen urratsa zerrautsa lehortzea da. Lehortzeko behar den beroa eskuratzeko, zerrautsa erretzen da. Zinta porotsu batetik pasarazten da zerrautsa. Han, haize beroa injektatzen zaio. Prozesua automatizatuta dago, eta hezetasun-neurgailu batek erabakitzen du une oro zintaren abiadura.
Zerrautsa homogeneizatu egin beharko da ondoren, eta errota batetik pasarazten da horretarako. Hautsa eta zerrautsa banatu, eta zerrautsa prentsara bidaliko da. Prozesuaren alde zailena da hori. Prentsa kalibratzea zaila da, materiala berotu egiten baita eta, gehiegi berotuz gero, erre egiten da zerrautsa.Besteak beste, horrexegatik da garrantzitsua beti egur mota beraren zerrautsa erabiltzea, prentsa behin eta berriz kalibratzen ibili behar ez izateko. Beroak zerrautsaren lignina urtzen du, eta hori nahikoa da pelleta trinkotzeko.
Lortzen den materiala oso lehorra eta homogeneoa da. 21 milimetroko luzera eta 6 milimetroko diametroa duen zilindro modura aurkezten da pelleta. % 6ko hezetasun-maila du; horri esker lortzen du egurrak baino berotze-ahalmen handiagoa, ez baitu berorik galtzen hezetasuna lurruntzean. Hezetasuna da biomasaren errekuntzaren eragozpen handiena, prozesua zaildu eta eraginkortasuna moteltzen duena. Pelletaren kasuan, eragozpen hori gainditzea lortzen da, ekoizpen-prozesuan hezetasuna erabat kentzen baitzaio biomasari.
AITZOL TELLERIA; ENERPELLET
Prentsatik atera eta gero, hoztu eta hautsa kenduko zaio. Prest dago merkaturatzeko. Pakete txikitan eskuratu badaiteke ere, biltegi handia duten guneetara kamioian eraman daiteke eta erregai likidoen moduan biltegia bete. Hala, erabat mekanizatuta dauden galdaretan erre daiteke.
AITZOL TELLERIA; ENERPELLET
Erabilerarik ez duen edo oso erabilera gutxi duen hondakin batetik, zerrautsetik alegia, erregai berriztagarria eta ekologikoa eskuratzen da; hori da pelleta.
AITZOL TELLERIA; ENERPELLET
Erregai fosilen aldean, merkeagoa ere bada. Hala ere, errendimendu handiko galdarak instalatzeko beharrezkoa den hasierako inbertsioa handiagoa da. Austrian eta Eskandinavian oso erabilia da mota horretako biomasa. Gure artean oso ezaguna ez den arren, aukera egon badago.
Buletina
Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian








