Zulo bat harresi perfektuan
2010/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kriptografia kuantikoa hackeatzea lortu dute lehen aldiz
Torontoko ikertzaile batzuek diote metodo bat garatu dutela dagoen kriptografia seguruena gainditzeko (hackeatzeko): kriptografia kuantikoa. Mezuak kodetzeko metodo hori dagoeneko salgai dago, eta banku batzuek erabiltzen dute. Izan ere, Suitzako Quantique enpresak garatutako ID-500 sistema --enkriptazio kuantikoan klabea garraiatzeko sistema komertzial bat-- hackeatu dute Torontoko ikertzaileek.
Asko idatzi da enkriptazio kuantikoa kodetze-sistema perfektua dela esateko, eta ideia hori oso zabalduta dago, baina ez da egia. Adituek askotan azpimarratu dute enkripatzio-sistema guztiek dutela puntu ahul bat; hala ere, egia da enkripatzio kuantikoa beste edozein metodo baino askoz ere seguruagoa dela, alde handiz, gainera, eta, beraz, itxuraz ezin da kuantikoki kodetutakoa deskodetu.
Baina posible da, eta Kanadako ikertzaileek aldarrikatzen dute lortu dutela. Quantique enpresakoek ezetz diote, eta eztabaida teoriko bat sortu da.
Enkriptazio kuantikoa printzipio sinple batean oinarritzen da: ezin dela jakin zein den partikula baten egoera kuantikoa partikula bera aldatu gabe. Bankuetako klabeak garraiatzeko sisteman fotoiak dira partikula horiek, zuntz optikotik bidalitako laser baten argi-pultsu txikiak, alegia. Eta, normalean, argi horren polaritatea erabiltzen da mezuak kodetzeko. Horregatik, mezua deskodetu nahi duenak argiaren polaritatea zein den jakin beharko luke.
Baina maila kuantikoan, behin bakarrik kontsultatu daiteke informazio hori, goian aipatutako printzipioarengatik: fotoia aldatu egiten delako prozesu horretan. Hori aprobetxatuta, enkriptazio kuantikoak bi transmisio egiten ditu mezu bakoitzarentzat, bata mezua bera da, eta bestea mezua, deskodetzeko klabea. Mezua jasotzen duenak fotoietan aldaketarik detektatzen badu --badaude zenbait sistema hori egiteko--, klabearen transmisioa ez da egiten, eta mezuaren transmisioa txartzat ematen da. Horregatik da hain ona enkriptazio kuantikoa, edozein interferentzia gertatzen denean, fisikoki detektatzen delako klabea transmititu baino lehen.
Teoriak itxaropen handia ekarri du. Sistemak badu, ordea, ahulgune bat, arazo teknologiko praktiko bat: ez dago zuntz optikorik argi pultsu txiki horiek modu perfektuan garraia ditzakeenik. Beti izaten da galera txiki bat; beti aldatzen da fotoi-sorta txiki bat, eta, beraz, zorrotz jokatuta, mezua jasotzen duenak beti emango luke txartzat transmisioa (ez baitaki zergatik iritsi diren fotoiak aldatuta, interferentzia bat den ala zuntz optikoaren garraioaren ondorioa den). Horregatik, ez da zorrotz jokatzen, eta errore-maila bat onartzen da, normalean % 20ra artekoa. Muga horretaraino, seinalearen hondoko soinutzat hartzen dira fotoietako aldaketak.
Torontoko ikertzaileek aurreargitalpen bat egin dute arXiv aldizkari elektronikoan, eta han esaten dute mezuak deskodetzeko hondoko soinua gehienez % 19,7ko portzentajeraino eramaten dutela. Hala ere, Quantique enpresakoek diote haien sistemak ez dituela onartzen hain errore handiak; haien sistemak % 8ko erroretik gora eteten dituela transmisioak.
Azken hori egia bada, ID-500 sistema seguruagoa da ohiko errorea darabilten sistemekin konparatuta, % 8ko errorea besterik ez duelako onartzen, eta ez ohiko % 20a. Baina, horren truke, askoz arazo tekniko handiagoak izango dituzte transmisioetan; askoz transmisio gutxiago eman beharko dituzte ontzat. Torontoko ikertzaileen arabera, ID-500 enkripatzio-sistema hackeatu dute, eta, Quantique enpresakoen arabera, berriz, ez dute lortu. Baina eztabaida ez da teorikoa bakarrik: sistema erosten duen bezeroak izango du azken hitza.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia