}

Zuhaitzik gabe ez da gerizperik

2000/03/12 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Urtero 15 milioi hektarea baso galtzen dira munduan, futbolzelai baten azalera adinako galera bi segundoro. Planetako basoen erdia desagertu egin da jada eta geratzen den erditik portzentaia handi bat soiltzebidean dago. Basoen % 6 ere ez dago babesturik. WWF/Adenak eginiko txostenaren arabera, Europako basoen % 98 dago arriskuan.

Duela 10.000 urte Lurraren azaleraren erdia basoz estalita zegoen. Geroztik hona, gizakiak asko ugaritu gara eta basoak, berriz, asko murriztu dira: gaur egun, orduko azaleraren % 33 bakarrik da basoa. Erdialdeko Amerikako oihan tropikalen % 90 desagertu egin da eta Amazoniako oihanean, Europa bestekoa den azalera suntsitu da azken urteetan. Baina ez dira oihan tropikalak arriskuan dauden bakarrak, Ipar Amerikako baso gehienak ere galdu egin dira: Estatu Batuetako basoen % 90 eta Kanadako basoen % 60 soilduta daude. Europari dagokionez, Europako ekialdeko eta erdialdeko berezko basoen % 80 desagertuta zegoen Erdi Aroaren amaierarako. Egun, Europak duen basoazaleraren % 2 soilik da berezkoa; hau da, ditugun basoen % 2k bakarrik ez du gizakiaren eraginik jaso. Beste % 98 eraldatutako basoa da eta, gainera, soiltzeko arriskuan dago.

Euskal Herrian, isurialde atlantikoan bereziki, etengabeko degradazioa jasan dute basoek azken 250 urteetan. Nekazaritza eta abeltzaintzarako teknika desegokiek eta basoen gehiegizko ustiaketa industrialak, Bizkaia eta Gipuzkoako ia baso guztiak suntsitu zituzten XIX. mendeamaieran.

Gaur egun % 56 eta % 59 dira Bizkaia eta Gipuzkoako basoen azalerak hurrenez hurren, baina horietatik % 65,5 pinudi landatuak dira. Araba eta Nafarroan, berriz, basoen azalera txikiagoa bada ere -% 47 eta % 33 hurrenez hurren-, berezko baso gehiago dago probintzia horietan. Hariztiak, pagadiak, ameztiak, artadiak, erkameztiak eta haltzadiak dira Euskal Herriko berezko basoak.

Basoek lurzorua higaduratik babesten dute, euria zurgatuz eta haizearen indarra motelduz.Zuhaitzen sustraiek, bestalde, trinkotasuna ematen diote zoruari.

Zuhaitzek eta landare berdeek fotosintesia egiten dute bizi ahal izateko, eta prozesuan atmosferako karbono dioxidoa -negutegiefektuaren eragileetako bat- zurgatzen dute, oxigenoa sortuz aldi berean. Horri esker, atmosfera osatzen duten gasen arteko oreka mantentzen da. Basoetan, gainera, Lurraren ekoizpen primarioaren ehuneko handi bat gertatzen da: planetan sortzen den materia organiko lehorraren % 45 basoetan ekoizten da. Basoak animalia eta landareespezie askoren bizileku dira eta, ekosistema guztietan bezala, basoaren eta bertako biztanleen arteko harremana estua da oso. Basoei esker udazkenean onddo eta gaztainak bildu eta jan ditzakegu, kolore gorri bizietako paisaiaz goza dezakegu eta zuhaitz eder baten gerizpean udako eguzki latzetik babes gaitezke. Basoek funtzio biologiko, ekologiko eta, zergatik ez, sozial garrantzitsuak betetzen dituzte eta, horregatik, zaindu egin behar ditugu.

Europako herrialdeek Rio de Janeiroko Ingurugiro Gailurrean 1992an eta, urtebete geroago Helsinkin, basoak zaintzeko konpromisoa hartu zuten. Basoak eta biodibertsitatea kontserbatzeko eta zaintzeko erabakia hartu zen eta basoen eta bertako aberastasunaren kudeaketa jasangarrirako bideak ireki ziren. Ordutik hona basoen egoera hobetu egin da eta Europa berdeagoa dago. Baina baso gehiago izateak ez du esan nahi baso horiek egokiak direnik, kantitatea baino garrantzitsuagoa baita kalitatea. Askotan naturak behar duena baino ordena eta garbitasun gehiagorekin tratatzen dira basoak; hau da, hildako edo hustutako zuhaitzak kendu egiten dira eta eroritako adarrak jaso.

Beste batzuetan espezie bakarreko zuhaitzez osaturiko basoak landatu izan dira, zuhaitzak bata bestearen atzetik lerro zuzenean ipiniz. Gehiegizko garbiketa eta ordenak basoetako animalia eta landare asko etxerik gabe uzten ditu, ordea.

WWW/Adena erakundeak Helsinkiko akordioa sinatu zuten 19 herrialderen basozaintzapolitika aztertu du eta emaitzak joan den abenduan argitaratu zituen. Txostena egiteko Helsinkin adostutako helburuak hartu dituzte abiapuntutzat, eta helburu horiekin batetik ehunera bitarteko puntuaziosistema osatu dituzte. Txostenaren ondorioa honakoa da: aztertutako herrialdeetatik batek berak ere ez ditu basoak behar bezala zaintzen. Azterketako notarik altuena Suitzak jaso du 62 punturekin eta baxuena, berriz, Estoniak 38 punturekin. Herrialde guztien batez bestekoa 51 puntukoa da; hau da, nahiko bat herrialdeok eskolan baleude, baina emaitza oso eskasa basoen ikuspuntutik.

Herrialdez herrialde 99 elementu ezberdin aztertu eta elementu horiek 5 irizpidetan bildu dituzte: basogintza eta ekoizpena, ingurugiroa, basoen funtzio sozio kulturala nola kudeatu den, babestutako guneak eta poluzioa. Irizpideak banakabanaka aztertuta gorabehera handiak daude herrialde bakoitzean eta herrialde batetik bestera. Herrialde batek ongi egiten duena besteak gaizki egiten du eta alderantziz, baina emaitza orokorra lehen aipatutakoa da: Europako herrialdeek ez dituzte basoak behar bezala zaintzen eta egiteko asko dago oraindik.

Gure basoek dituzten arazoen artean poluzioa, baso natural eta erdinaturalen eskasia nabaria, babestutako basoen kopuru txikia, pestizida eta herbiziden gehiegizko erabilera eta hildako zuraren falta dira aipagarrienak. Basogintza eta egurraren ekoizpena oker egiten da herrialde guztietan: kalitatea baino gehiago kantitatea bilatzen da egurra ustiatzeko orduan, eta egurrezko produktuak egurrezkoak ez direnak baino gehiago bultzatzen dira. Leku askotan zuhaitzespezie bakarreko basoak landatu eta zaintzen dira, eta horrek biodibertsitatean eragin izugarria dauka. Hildako zura ere, basoetako espezie askoren habitata, oso urria da Europako herrialde guztietan. Europako herrialdeek duten beste arazo komuna informaziofalta da; hau da, nahiz eta guztiek basoei buruzko datuak biltzeko konpromisoa hartu zuten, konpromisoa neurri txikian bihurtu da ekintza eta herrialde gehienek ez dute behar adina informazio jaso. Ondorioz, basoen zainketa eta berreskuratzeplanak osatu gabeko datuetan oinarrituak daude eta osatu gabeko datuekin osatu gabeko lana egiten da.

Txostenak kontzientzia ekologiko handia izatea eta lan txukuna egitea batzuetan bat ez datozela ere argi utzi du. Holanda eta Britainia Handia, ustez kontzientzia ekologiko handia duten herrialdeak, 16 eta 17.en daude zerrendan hurrenez hurren. Bestalde, Europako iparraldeko herrien lana ez da hegoaldeko herriena baino hobea eta Europako mendebaldekoena ere ez da ekialdekoena baino egokiagoa. Baina WWFk adierazi duen bezala, txostenaren helburua ez da sailkapena egitea eta Europako herriak lehian jartzea, arazoak identifikatzea eta konponbideak bilatzea eta aurkitzea baizik. Guk ongi egin duguna esportatu eta haiek ongi egin dutena gurera ekarri, hori da bidea, eta ez zuk nik baino okerrago egin duzu esatea eta lasailasai geratzea.

Gara-ko Natura gehigarrian argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia