Itsasoko zaborraren gehiengoa, elikagai eta edarien ontzietatik

H. Hach / Pixabay


Elikagaien plastikozko ontziak, botilak eta tapak dira itsas zaborraren osagai nagusiak, mundu osoko 5.000 hondartzatan egindako azterketa batek erakutsi duenez.

Zazpi kontinenteetako 112 herrialdetako kostaldeak aztertu zituzten; munduko biztanleriaren % 86ren adierazgarria den eremua. Eta aurkitu zuten zaborra jatorrizko erabileren arabera sailkatu zuten. Bada, emaitzek erakusten dutenez, elikagai eta edariekin lotutako plastikoak hiru zabor-mota nagusien artean daude herrialdeen % 93ren kasuan. Zehazki, elikagaien plastikozko ontziak, tapak eta plastikozko botilak dira herrialdeen erdietan baino gehiagotan gehien agertzen diren zaborrak; jarraian, plastikozko poltsak eta zigarrokinak.

«Premiazkoa da neurriak hartzea plastiko gutxiago sortzeko; adibidez, bermatzea gizarteari funtsezko onura dakarkioten plastikoak bakarrik ekoitziko direla»

Ikerketaren egileek nabarmendu dute dagoeneko argi dagoela hondakinen kudeaketa bakarrik ez dela gai plastikoen kutsaduraren erronkari aurre egiteko, eta premiazko neurriak hartu behar direla plastiko gutxiago sortzeko. Neurri horien artean egon liteke, adibidez, bermatzea gizarteari funtsezko onura dakarkioten plastikoak bakarrik ekoitziko direla. Bestetik, azpimarratu dute ikerketa honek garbi adierazten duela elikagaiekin eta edariekin lotutako plastikoen inguruko ekintzak funtsezko lehentasuna direla.

Egoitz Etxebeste Aduriz

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ingurumena