Elhuyar zientziaren komunikazioa

Zuhaitz-igelarekin bueltaka

2000/02/01 Elosegi, Arturo - Landare-biologia eta Ekologia SailaZientzia eta Teknologia Fakultatea. EHU Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hegoaldeko zuhaitz-igela kantu ozeneko igeltxo berdea da, Europako hego-mendebaldean bizi dena. Euskal Autonomia Erkidegoak populazio txiki eta isolatu bat besterik ez du, Igeldo inguruan. Populazio hau hemezortzigarren mendeaz gero ezaguna da, baina geroztik gainbehera doa, eta gaur egun Gurelesa enpresak Donostian duen urtegi txiki batean bakarrik ugaltzen da. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak galtzeko arriskuan dagoela kontsideratu zuen, igel hauek harrapatzea edo beren habitata andeatzea galarazi egin zuelarik.

Zuhaitz-igelaren ugaltoki bakarra, dena den, presio urbanistikoaren menpe erori zen. Zenbaitek urtegia biotopo babestua izendatzea proposatu zuen, baina Foru Aldundiak nahiago izan zuen putzu berriak eraikiz igela berreskuratzeko plana martxan jartzea. Berriki, Gipuzkoako Ingurugiro Fiskaltzak plana egokitzat jo du, populazioaren biziraupena bermatu ez ezik, haren hedatzea eta emendatzea ziurtatzen duelakoan.

Nik, igelen gisan, deus gutxi dakit legeriaz, baina berriak zenbait kezka sortu dizkit. Hegoaldeko zuhaitz-igelaren berreskurapen-plana ez da txarra, populazioa ugaltoki bakarrean mantentzea oso arriskutsua baita. Dena den, planak eskaintzen dituen bermeei buruz ez naiz fiskala bezain baikor. Putzuak eraikitzea gauza erraza izan daiteke, baina animalia basatia han arrakastaz ugaltzea oso bestelako kontua da. Horretarako, uraren kalitate eta tenperatura egokiaz gain, flora eta fauna bereziak putzua kolonizatu egin behar du (horrek denbora behar izaten du), predatzaileen presioak txikia izan behar du, eta beste hainbat baldintza bete behar dira. Espezie bakoitzak bere eskakizun ekologiko propioak ditu, gehienetan ezezagun zaizkigunak. Honen lekuko dira mundu osoan zehar hainbat espezieren errekuperazio-planek izan dituzten porrot sonatuak. Ordesako basahuntzarena azken adibide mingarria besterik ez da.

Hortaz, populazio horren biziraupena bermatzekotan, putzu berriak eraiki behar dira, eta inguruko habitata egokitu behar da. Baina gainera, eta hau funtsezkoa da, putzu berrietan igelak zaharrean bezainbesteko arrakasta duela ikusi arte ez daiteke ugaltoki zaharra suntsitu edo kaltetu. Horretarako, noski, ugaltoki horietan lortzen den kume-kopurua zehatz neurtu behar da, eta horrek denbora eskatzen du, anfibioen arrakastak gorabehera handiak izan baititzake urtetik urtera.

Beraz, espeziearen iraupena ziurtatzeko ez da aski hari ugaltoki berriak eskaintzea; aitzitik, bere ugal-arrakasta mugatzen duten faktoreak aztertu behar dira, eta hauek kontrolatu, populazioaren egoerak hobera egiten duela bermatu arte. Orduan bakarrik izan daiteke onargarria habitataren zati bat suntsitzea.
Espero dezagun Foru Aldundiak eraikiko dituen putzuek igel asko erakartzea, eta Igeldoko gauak igel-kantuz alaitzea. Baina hori horrela dela bermatu bitartean, eska dezagun Gurelesaren urtegia errespetatzea.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia