}

Zooak. Etorkizuneko noeren arkak

1989/07/01 Jauregi, Mariaje - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Poliki-poliki, gizakia askotan berak eragindako animali (eta landare-) espezieen desagerketa geldi erazi nahian dabil. Mendeetan zehar, ehiza, animali trafikoa, basoen suntsiketa, etab. direla medio, milaka ugaztun, txori, narrasti eta anfibio desagertzeko zorian daude. Eta gatibu daudenen ugalketa eta hazkuntza dira zoritxarrez arriskuan dauden espezie hauen biziraupenerako aukera bakarra, dibertsitate genetikoa gorde nahi bada behintzat.
Brasileko lehoi-tamarin urrekara izeneko tximinoak munduko animaliarik urrienak dira. Gaur egun zoologikoetan naturan baino gehiago daude. (Txikagoko Zooa). (Argazkia: I.X.I.).

Espezie guzti horien desagerketa ebitatu nahi bada, azkar baino azkarrago ihardun behar da. Ezin da debekuen eta erreserba-eratze bidetik soilik jarraitu, hauek ere beharrezkoak izanagatik. Dagoeneko espezieen eta beren habitat-aren manipulaziora pasatu da: txoriak zein saguzarrak habiaz hornitu, basurdeentzako ibilbide babestuak antolatu, pilaka batrazio zanpa ez daitezen ohargailuak jarri. Ondoren, desagerturiko edo galtzear dauden espezieak berreskuratzera pasatu da.

Paradoxa batekin egiten dugu topo ordea; izan ere, egunen batean aske bizi daitezen nahi bada, lehenengo gatibu daudela ugaltzen utzi behar zaie. Argi dago desagertze-zorian dauden populazio hauen babesak duen garrantzia, eta baita 2000. urteko Noeren Arka izango diren parke zoologikoei, zoritxarrez, egitea tokatzen zaien lan eskerga ere.

Munduko ia zoo guztiak jabetu dira premia horretaz eta hondamendiaren tamaina nerutu arte soluzioak bilatzeko azterketak egiten ari dira, tresna zientifikorik modernoenak (populazioen genetikatik biologia molekularreraino) erabiliz.

Adituek diotenez ornodun lurtarretan 2000 inguru espezie desagertzear daude eta baita 160 primate, 100 haragijale, ehundaka anfibio eta ia mila txori ere. Gainera, ikerketa demografikoek giza biztanleriaren hazkuntz tasa mende bat barru izango dela zero aurrikusten dute eta hortik aurrera hasiko dela jaisten. Beraz, mendeak pasatuko dira oraindik, animalia basatiek beren ingurune naturala berriro hartu ahal izango duten arte. Zooek bada, mendeak (eta ez urteak) kontutan hartuz egin behar dute lan eta beren egoiliar ugariei bizitza egokirako baldintzak eskaini beharko dizkiete.

Bitxikeriak erakustea baino gehiago da zooan egiten den lana

Beste batzuetan animalien ingurugiroa oso zehatz errepikatzea lortzen da. a) Papagaioak Txikagoko zooan. (Argazkia: I.X.I.).

Baina onar dezagun, hasteko, azken hamarkadatan aurrerakada aipagarriak egin direla: “zoo hiltegiak” desagertze-bidean daude. Animaliak bakardadearen gaitzak jota hiltzen zireneko presondegien garaiak amaitu ziren. Bukatu da, era berean, munduaren beste muturreko espezie bitxien (are bitxiago bilakatzeko bidea bestalde) bildumak egiteko zoramena, jirafa, elefantea eta tximinoa bezalako animaliak oraindik ikuskizun badira ere. Dena dela, egoiliar hauen baldintzak ere asko hobetu dira.

Orain arte zooek, galtzear dauden populazioen ugalketari lagundu ordez, edozein modutara bitxikeria exotikoak erakustearen bideari ekin diote.

Gaur egun parke zoologikoetan zentsatutako animalien %80, zoo horietako familia edo kolonietan jaio dira. Baina espezie bati mendetan zehar gatibu iraun erazteko aukera emateko, ez da nahikoa azarean agertutako bikote ugaltzaile bidez oinordetza segurtatzea. Oinordetza horretan, besteak beste, dibertsitate genetikoaren maila bat (eta ondorioz, bizirauteko ahalmena) gorde egin behar da.

Dibertsitate genetikoa gorde beharra

“Dibertsitate genetikoa”; hona hemen arazoaren gakoa. Animali populazioa zenbat eta ugariago izan, are eta homogenoagoa bilakatzen da ondare genetikoa belaunalditan zehar. Txirotze genetiko horrek ondorio latzak izan ditzake espeziearentzat. Honen lekuko Hego Afrikako gepardoa dugu.

b) Otsoa Txikagoko zooan. Atzean dagoen burdin sarea ikusiko ez balitz, argazkigilea basoan otsoaren zain egon dela pentsa liteke. (Argazkia: I.X.I.).

Kontinente guztiko aleak asko urritu dira: gaztetan asko hiltzen dira, naturan %70 hil egiten dira eta baita gatibu jaiotako %29 ere sei hilabete baino lehen. Zein da ordea heriotza hauen arrazoia? Desagertzear dagoen gepardoa, monotonia genetikoa jasaten ari da.

Bere proteina batzuen analisi biokimikoak, konposizio genetikoaren aldakortasuna beste ugaztunengan baino askoz ahulagoa dela erakutsi du. Talde txikitan ugaltzeagatik, gepardoen arteko odolkidetasun-tasa asko igo da.

Homogenotasun handiegi horren emaitzak guztiz larriak dira. Lehenengo ondorioa, ugalketarako gaitasun eskasa da. Gepardo afrikarraren espermatozoideen azterketak, esperma-bolumen normalak baino hamar aldiz espermatozoide gutxiago dutela erakutsi dute, eta hauetako %70 aberranteak direla frogatu da.

Eta are larriagoa dena: aldagarritasun genetiko ezagatik, alerik gazteenek sistema inmunitario ahuldua izaten dutenez, gaixotasunekiko oso sentikortasun handia izaten dute. Sistema inmunitarioaren funtzionamendua kontrolatzen duten geneen polimorfismoa handia denean, sistema hori organismoko elementu arrotzekiko indartsuago da. Adibidez, katuekin egindako azterketa batean, bateragarriak ez diren espezie bereko indibiduoen artean azal-txertaketak eginez gero 7-13 egun aski dira errefusatzeko, baina transplante bera gepardo gehienek onartu egiten dute, familia bereko anaia balira bezala. Horrez gain, gepardo afrikarraren inmunitate-sistema agente infekziosoekiko oso sentikorra da.

Naturan gertatzen den arazo hau ordea, larriagotu egiten da parke zoologikoetan. Gatibu dauden espezieen odolkidetasun-tasa handia da. Eta munduko zoo asko arazoaz ohartu ondoren, animalia bitxiak erregularki elkartrukatu egiten dituzte odol bereko parekatzeei alde egiteko.

Zenbait animaliak jarrera erasokorra edo exhibizionista izaten du zootan. Malaiako hartza Londreseko zooan. (Argazkia: I.X.I.).

Oinarrizko arazoa gertatzen da ordea: Nola neurtu “aldagarritasun genetiko” hori? Larruaren eta hegoen kolorea nahiz kualitateak bezalako ageriko zeinuak alde batera utzirik, gene berak har ditzakeen forma biokimikoak ez dira gehienetan morfologikoki agertzen. Espezie baten potentzial genetikoari buruzko ideia bat izateko, biologia molekularreko teknikarik berrienetara jo behar da. Hauen bidez, eremu elektriko batean beren migrazioak neurtu edota odoleko proteinen desberdintasun kimikoa azter daitezke.

Honela lortutako emaitzekin eta populazioen genetika-estatistikekin, posible da espeziearen iraunkortasunerako polimorfismo genetikoa mantentzeko beharrezkoa den ale-kopuru minimoa definitzea, zeina ugalketa-erritmoaren arabera desberdina izango bait da.

Zooen arteko animali elkartrukeak

Errealitatean ordea, espezie asko minimo horretatik oso urrun daude eta hortik dator, ahal den neurrian, espezie bereko ordezkariak zoo desberdinetan banatzeko premia; bai hondamendi natural edo izurrite-kasuetan erabateko desagerketa ebitatzeko, eta baita muga geografikoez gain egindako “elkarketa” bidezko material genetikoaren elkartrukeak bideratzeko ere. Ildo horretan, gaur egun desagertzear dauden espezieei dagokienez, nazioarteko hitzarmenak egitekotan dira. Planetako zoo desberdinen artean dagoen informazio-trukea etengabea da informatizazioari esker. Dena dela, ahalik eta espezimen gehienak biltzea baino gehiago, klima, landaretza edota toki-ahalmenaren araberako espezializazioaren bideari ekiteko premia ikusi da.

Animalien ohiturak ezin ahaztu

Gatibu biziko diren animaliak aukeratzerakoan, neurri handian espeziearen iraupenaren arduradun hauek izango direnez, lehenengo gauza dibertsitate genetikoa ahalik eta gehien bultzatzea da. Morfologikoki ahalik eta desberdinenak diren aleak aukeratu behar dira, animalia elbarri edo anormalak kenduta. Aukeraketa hau ordea, dirudiena baino zailagoa gertatzen da. Animali kolonia gehienek, banaketa geografikoaren arabera, egokitzapen-ahalmena eta tokian tokiko ohiturak garatzen dituzte eta oso lurralde aukeratuetan hazteak ondorio hondagarriak izan ditzake. Adibide bat: Txekoslovakian, ehizaren ondorioz bertako basahuntza desagertu zenean, Austriako ahuntzez ordezkatu zituzten hasieran. Gerora Turkiako ahuntzak sartu zituzten taldera eta hondamendia sortu zen. Elkarketa horietatik jaiotakoek hiru hilabetez aurreratu zuten araldia eta antxumeak lehen bezala udaberrian jaio ordez otsailean jaiotzen ziren; urteko hilabeterik hotzenean alegia. Populazioa oso denbora gutxi barru izugarri urritu zen.

Bigarren adibidea: Suediako antzara nanoak salbatzeko ahaleginak. Hauek Europako iparraldean egiten zituzten habiak eta nahikoa ugari ziren inguru horietan. Gaur egun ordea beherantz doaz; 300 bat bikote besterik ez da geratzen eta hauetatik 20 bakarri Suedian.

Zootan naturan erraz ikusten ez diren gauzak ikus daitezke. Pitoia akuria jaten Madrileko zooan. (Argazkia: I.X.I.).

Beherakada horren arrazoietako bat habiaratzen ziren tokietako ehiza zen; laponiarrek tradizionalki burututako ekintza. Gaur egun debekatua dago, eta debeku hori errespetatu egiten da. Baina antzara nano horiek negua Grezia eta Turkian pasatzen dute eta hemen ez dute inolako babesik.

Suediarrak saiatu dira migrazio-bideak aldatu eta desagertzear dauden espeziekiko begirune handiagoa duten herrialdeetarantz bideratzen. Horretarako, gatibu zeuden antzara nanoen arrantzak branta musuzuriei jarri zitziazkien. Hauek, arrautzak inkubatu eta nanokumeak jaiotakoan behar bezala hezi eta garaia iritsitakoan neguan Holandarantz eraman zitzaten zen helburua. 1981az geroztik 160 kume jarri zitzaizkien brantei. Eraztuneztatu egin ziren eta hauetatik 70 bat ikusi dira dagoeneko Holandan, aurrikusita bezala. Baina oraindik ez da ezer irabazi; ez bait da ugalketarik ikusi.

Maila orokorragoan, aditu guztiak bat datoz gatibaldian ugaltzeko programek dibertsitate genetikoaz gain beste faktore batzuk ere kontutan hartu behar direla esaterakoan; hala nola, animalia bakoitzak bizitzeko dituen oso arau eta ohitura zehatzak.

Lan handia dago egiteke

Guzti honetatik, oraindik lan handia dagoela egiteke ondorioztatzen da. Gaur egun, arriskuan dauden espezie gehienentzat, teoria eta praktikaren arteko muga gainditzeko asko falta da. Animalia ugari adibidez, gatibu dagoen bikote bakar batetik sortzen da oraindik. Dena dela, desagertzear dauden espezieen gestio ekonomiko eta genetikoaren aro berri baten aurrean gaude dudarik gabe. Mundu osoan hazkuntz baldintzak eta ale gazteen hilkortasun-tasa murrizteko elikadura hobetzen saiatzen ari dira. Ugalketa-teknika artifizialei esker basa animalien ugalketa menderatzea eta denboran zehar hedatzea posible da. Intseminazio artifizialaren teknikak ere garaturik daude dagoeneko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia