}

Zonbien antzinako arrastoak

2010/08/19 Elhuyar Zientzia

Zonbiak ez dira atzo goizekoak. Biology Letters aldizkariak argitaratutako ikerketa baten arabera, inurri zonbien markak aurkitu dituzte 48 milioi urteko hosto fosil batean.

Gaur egun, ezagunak dira Tailandiako inurri zonbiak. Ophiocordyceps unilateralis onddoak Camponotus leonardi inurria infektatzen duenean, inurriaren mugimenduen jabe egiten da onddoa. Inurria koloniatik urruntzen da, onddoa hazteko kondizio egokiak dituen hosto bat aukeratzen du, hostoaren azpiko aldetik zain bati hozka egiten dio, eta bertan hiltzen da. Orduan, onddoa abiada bizian hazten da inurriaren gorpuan, eta esporak zabaltzen ditu, biktima berrien bila.

Hostoaren zainetan hozka egitean utzitako marken oso antzekoak ikusi dituzte ikertzaileek fosilean, eta Camponotus zonbien antzinako ahaideren batenak direla uste dute. Onddoen eta inurrien arteko parasitismo-erlazio konplexu hori oso aspaldiko kontua izan daiteke, beraz.

Irudiak: ezkerrekoa, Torsten Wappler; eskuinekoa, David Hughes.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia