}

Ziurtasunik ez, poloetako izotzaren patuan

2008/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ziurtasunik ez, poloetako izotzaren patuan
2008/02/01 | Elhuyar
(Argazkia: Artxibokoa)

Antartikan egin duten ikerketa sakon batean baieztatu dute Hego poloko izotz-geruza txikitzen ari dela. Datu gisa, esan dute 2006. urtean bakarrik 200 mila milioi tona izotz galdu zituela; 1996an baino % 75 gehiago.

Dena den, arazo bakarra ez da izotza urtzea; urtzen den izotz adina elur egingo balu, ez legoke arazorik. Baina ez omen da horrelakorik gertatzen ari; hau da, elur bidez metatzen den baino izotz gehiago ari da urtzen.

Klima-adituak eztabaidatzen ari dira Lurraren berotzeak zer eragin izango ote duen munduko bi izotz-geruza handienetan, Groenlandian eta Antartikan. Izan ere, berotze globalak leku jakin batzuetan prezipitazio-tasa handitzea eragin dezake, eta, hori poloetan gertatuko balitz, litekeena da izotz-geruzak loditzea. 2005ean argitaratu zuten ikerketa batek zihoen Antartikako ekialdean izotza metatzen ari zela.

Badirudi lehenago ere gertatu dela horrelakorik. Orain dela 91 milioi urte inguru Lurrean gertatutako beroaldi batean, berotegi-efektua eragiten zuten gasak orain baino 3-10 aldiz ugariagoak ziren. Eta kondizio haietan izotz-geruza handi bat eratu zen Antartikan, garai hartako aztarnetatik ondorioztatu dutenaren arabera.

Gaur egungo klimari buruzko aurreikuspenek ez dute zehazten poloetako izotza guztiz urtuko den edo izotz-geruza handituko den. Dena den, ikertzaileak gehien kezkatzen dituena Antartikaren mendebaldeko eta Groenlandiako izotz-geruzak dira, horiek baitira geruza txikienak eta zaurgarrienak.

1
239
2008
2
014
Hidrologia; Klimatologia; Ekologia
Berriak labur
7

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia