Zituak: zibilizazioaren eraikitzaileak
1997/12/01 Lorenzo, Arantza | Uranga, Ane Miren Iturria: Elhuyar aldizkaria
Antzinako erromatarrek, uzta eta aleen jainkosari Zeres deitzen zioten, eta hori da gaztelaniazko zereal hitzaren jatorria. Historian zehar izan diren zibilizazio ezberdinak zereal zehatz baten inguruan eraiki izan dira. Esate baterako, Ameriketako indiarrak artoaren inguruan bizi ziren, asiarrek arroza zuten eta Europan berriz garia, nahiz eta Europako iparraldean eta ekialdean klimak baldintzaturik zekalea ekoiztu.
Gizakiaren historian zehar gaur egun arte, zituak eta hauekin egindako produktuak izan dira giza elikaduraren oinarri; zaporez atseginak, barietate ugarikoak eta kontserbatzen errazak baitira. Izan ere, ura eta gantz gutxi baitute.
Garia
Nahiz eta gaur egun ia mundu guztian erein, uztarik oparoenak lurralde epeletan lortzen dira. Euskal Herrian, Araba eta Nafarroan daude gari soroak. Arrazoi hau medio, Erdi Aroan bi lurralde hauek aberatsak ziren, eta Gipuzkoa eta Bizkaia, aldiz, txiroak, garirik ez zutelako.
Ereiteko garaian kontsumitzaileari gari horren bitartez eskaini nahi zaion azken produktua (ogia, gailetak, pastak, gosariko zerealak...) kontuan edukiz, hori lortzeko baldintzarik egokienak eskaintzen dizkiguten ale-motak erabiliko dira.
Garagarra
Grekoek eta erromatarrek ogia lortzeko erabili zuten lehenengo zitua garagarra izan zen, ondoren gariak ordezkatu bazuen ere. Hala ere, ezinbesteko zitua da Ekialde Hurbileko lurraldeetan.
Gehienbat garagardoa ekoizteko erabiltzen da, baina neurri txikian zopa eta entsaladetako laguntzaile gisa ere erabiltzen da.
Oloa
Batipat haurren elikadurako produktuetan eta gosariko zituetan erabiltzen da. Berarekin bakarrik ogia lortzea ezinezkoa da, harrotzeko gaitasunik ez duelako. Beste zituekin alderatuz bere iraupena murritzagoa da, duen koipe-kopurua gainerakoena baino hiru edo bost aldiz handiagoa delako.
Zekalea
Gariaren ondoren ogia egiteko gehien erabiltzen den zitua da. Bere ezaugarri batzuei esker argaltzeko dietetan erabiltzen da, ase-sentsazioa sortarazten duelako. Diabetikoentzat ere egokia da odoleko azukre-maila oso poliki igotzen duelako.
Arroza
Batez ere Tropikoko Lurraldeetan ereiten da, ur asko eta argitasun handia behar izaten dituelako, baina toki lehorretan ere hazteko gai da.
Arrozaren ekoizpena gariarena adinekoa den arren, behar duen lur-azalera gariak behar duenaren erdia baino apur bat gehixeago da eta zenbait lurraldetan elikatzeko erabiltzen diren janarien % 80 izaten da.
Artoa
Bere jatorria, Euskaldunok ongi dakigunez, Amerika da. Bertako indiarrek (aztekek, maiek eta inkek) lantzen zuten eta gaur egun ere Hego eta Ertamerikako herrialde batzuetan oinarrizko janaria da.
Garatutako herrialdeetan berriz, gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da gosariko “Corn Flakes” ospetsuak direla medio.
Berez artoa garia baino txiroagoa da proteina eta bitaminetan.
Artatxikia
Amerika aurkitu baino lehen Euskal Herrian artatxikia ereiten zen, baina artoa etorri eta gure soroetatik erabat desagertu zen. Izena ere kendu zion. Izan ere lehen artatxikiari artoa deitzen zitzaion.
Laburbilduz, zitu guztiak karbohidratotan aberatsak ditugu, % 77-87 dutelarik. Fintzen ez badira, zuntz-kantitatea handiagoa dute, bitamina eta mineraletan ere oso aberatsak direlarik. Proteina-kantitatea aldakorra da eta herrialde garatuetan ez dira aintzakotzat hartzen. Koipea berriz, oso urri dute.
Garai batean hartzen zen zitu-kantitatea handiegia zen, beste janaririk ez zegoelako, baina gaur egun kontsumoa urriegia da eskoletan, egun dugun ikerketak ondorioztatu digunez. Zoritxarrez hauek dietatik ezabatzen ari gara eta ordezko gozo-opilak, gailetak, etab. sartzen ditugu, berez gosariko zerealak eta meriendako otartekoak hobeak badira ere. Beraz, tarteko bidea lortzen saia gaitezen zituak egunero janez.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia