Zika birusa harreman sexualen bidez ere hedatzeko arrazoia argitu dute

2020/04/28 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zika birusak giza baginako zelula epitelialak infektatzen ditu, zelulen mintzean kokatuta dauden UFO hartzaileen bitartez. Irudian, fluoreszentziaz markatuta azaltzen dira UFO hartzaileak. Arg. James Mungin Jr., Meharry Medical College

Zika birusak giza baginaren traktua estaltzen duten zelulak infektatzen dituela argitu dute, berriki, AEBko ikertzaileek. Zientzialariek bazekiten, 2015an Asiatik Amerikara hasitako zabalkunde epidemikoaren aurretik ere, Zika birusa, eltxoez gain, harreman sexualen bidez ere kutsatzen zela. Baina, orain arte, ez da jakin izan nola gertatzen zen transmisioa. Izan ere, ez da ohikoa Flabibirus familiako birusen artean harreman sexualen bidez transmititu ahal izatea: Zika eta C hepatitisaren birusa dira gai diren bakarrak.

Ikerketa berriari esker identifikatu ahal izan dute zein den birusari zeluletarako sarbidea ematen diona: UFO hartzailea omen da, baginako zeluletako mintz plasmatikoan azaltzen den proteina. Hari lotuta lortzen du birusak bere mintza zelularen mintzarekin fusionatu eta barrura sartzea. Horrekin batera, argitu dute birusa baginako epitelioan erreplikatu eta kopuru handitan sortzea dela, gero, birusaren infekzioa gorputz osora zabaltzeko lehenengo urratsa.

Baginako zeluletarako sarrera-mekanismoa gehiago ikertzeko beharra azpimarratu dute lanaren egileek (Meharry Medical College, AEB), baina, era berean, adierazi dute birusaren sarbiderako mekanismo molekularra argitu izanak aukera emango duela UFO hartzailea blokeatzen duten antigorputzak sortu eta Zikaren aurkako tratamenduak garatzeko; oraingoz, ez baitago tratamendurik.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia