}

Zigarro erradioaktiboak

1993/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Brasilen Sao Pauloko Unibertsitateko ikerlari batzuk frogatu dutenez, tabako-etxe batzuek zigarro erradioaktiboak saltzen dituzte. Tabakoak, beste landare askok bezala, uranio-apur bat edukitzea ez da harritzekoa, baina kantitate hori hutsaren hurrengoa da eta erretzailearentzat ez da arriskutsua izan ohi.

Brasilgo kasuan ordea, marka batzuetan uranio-tasak ohizkoa baino hamabi aldiz handiagoak dira. Europako zigarroetan 0,007 ppm-ko (milioiko 0,007 zatiko) uranio-kantitatea da ohizkoena, baina Brasilgo sei zigarro-markatan 0,28tik 0,88 ppm-rainokoak topatu dituzte. Azken kantitate honek, zigarro-pakete bat erretzea X izpizko bi saio hartzea adinakoa dela esan nahi du.

Adituek diotenez, ohizkanpoko tasa hauen jatorria tabako-landarea hazteko erabilitako ongarri batzuk izan daitezke, ongarri horiek uranio-lurretako fosfatoetatik atera direlako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia