Irtenbidea osasun-gailu eramangarrien hondakinentzat

Proiektu batek Europar Batasunean erabiltzen diren osasun-gailu eramangarriak birdiseinatzeko plan bat argitaratu du, gailu horiek ingurumenean duten eragina murrizteko pazienteen segurtasuna arriskuan jarri gabe.

DiCEk 25 makina-pilotu zabaldu ditu Belgikako, Espainiako eta Esloveniako farmazietan, eraikin publikoetan eta beste hainbat instalaziotan. ARG.: DiCE proiektua.


Osasun-gailu eramangarriak bizi-konstanteak edo datu klinikoak denbora errealean neurtu, erregistratu eta transmititzeko aukera ematen duten gailuak dira, hala nola diabetesaren sentsoreak, glukosa-neurgailuak eta tentsiometroak. 2020an, 83 milioi osasun-gailu eramangarri sartu ziren Europako merkatuan, eta mundu mailan 2.000 milioira igo liteke zifra 2050. urterako.

«Hondakin sanitario modura sailkatzen direnez, erabili ostean erraustu egiten dira»

Osasun-arreta pertsonalizatuagoa eta eraginkorragoa izatea ahalbidetzen duten arren, gailu horiek baztertzean sortzen diren hondakin elektronikoak ingurumen-arazo bilakatu dira. Hondakin sanitario modura sailkatzen direnez, erabili ostean erraustu egiten dira pertsonen arteko kutsadura saihesteko, eta haiekin batera kobrea, urrea, litioa, lur arraroak eta halako materialak dituzten osagarriak ere bai.

Osasun Digitala Ekonomia Zirkularrean deritzon proiektua (DiCE, ingeleseko sigletan) Horizon Europe programak lau urtetan finantziatutako ekimen internazional bat da, eta, haren baitan, proposamen bat garatu dute osasun-arreta digitala sistema zirkular bilakatzeko.

«Gailuen bizitza luzatzeak ingurumen-abantaila handiagoa ematen du gailuak birziklatzeak baino»

Zenbait lehentasun ezarri dituzte, haien artean gailuak konpondu edo berregokitu ahal izateko moduan birdiseinatzea. Izan ere, Europako Batzordearen arabera, produktu baten ingurumen-inpaktuaren % 80 diseinu-fasean zehazten da. Bestetik, garrantzia eman diote gailu horiek erabili ostean pazienteentzat erosoa den biltzeko sistema bat sortzeari. Izan ere, gehiengoak ez daki zer egin gailu horiekin erabili eta gero. Horrekin lotuta, 25 makina-pilotu zabaldu dituzte Belgikako, Espainiako eta Esloveniako farmazietan, eraikin publikoetan eta beste hainbat instalaziotan.

Gainera, proiektuak ondorioztatu du gailuen bizitza luzatzeak ingurumen-abantaila handiagoa ematen duela gailuak birziklatzeak baino, eta argitu du posible dela osasun-sistema zirkularrago bat eraikitzea fabrikatzaileek, hornitzaileek, gobernuek eta pazienteek batera lan eginez gero.

Irati Diez Virto

Elhuyar Zientzia

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Osasuna