}

Zientziak eta teknologiak gizartean duten lekuaren bila

2009/11/12 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Hogeita hamar urte dira Europan zientzia eta teknologiaren gizarte-pertzepzioei buruzko galdekizunak egiten direla.Euskal Herrian, ordea, orain arte ez zen sekula aztertu zein leku betetzen duten gizartean zientziak eta teknologiak.

Hutsune hori betetzeko asmoz ekin zion 2008an Elhuyar Fundazioak , Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoko Kabinetearekin batera, "Zientzia eta teknologiaren irudikapenak Euskal Herrian (2008)" lanari. Atzo aurkeztu zituzten azterketak emandakoak Elhuyar Fundazioaren egoitzan.

Azterketari hiru alorretatik heldu zioten. Batetik, azterketa kualitatibo bat egin zuten, eta, horretarako, eztabaida-taldeak sortu zituzten Euskal Herri osoko herritar arruntekin, baita zientzia- eta teknologia-gaietako ikasle eta ikertzaileekin eta giza eta gizarte-zientzietako ikasleekin ere, eta elkarrizketak egin zizkieten zientzia eta teknologiaren arloko adituei.

Bestetik, gizartearen pertzepzioaren datu kuantitatiboak eskuratu zituzten. Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT) erakundeak 2006. urtean CISekin elkarlanean egindako Zientzia eta Teknologiaren Gizarte Pertzepzioaren 3. Inkesta Nazionalean bildutako informazioa erabili dute. Eta, azkenik, Euskal Herriko egunkarietan zientzia eta teknologiari lotutako gaiek duten presentzia aztertu zuen 2008an Elhuyar Fundazioak. Elhuyar Zientzia eta Teknika ren 2008ko azaroko alean eman genuen azterketa horren emaitzen berri, eta aldizkariaren hurrengo alean, abendukoan, egindako azterketa honen xehetasun gehiago ezagutu ahal izango dira.

Zientziaren alde onak eta txarrak agerian

Ikerketa horietatik atera daitekeen ondorio nagusietako bat da gizarteak, oro har, goraipatu egiten dituela zientzia eta teknologia. Eztabaida-taldeetan jaso da, esate baterako, zientzia eta teknologia berriei esker askoz bizimodu erosoagoa dugula, bizi-itxaropen handiagoa dugula, eta asko hobetu dela gure komunikatzeko gaitasuna. Jendeak uste du ikerketa eta garapena funtsezkoak direla herrien garapenerako eta ongizaterako.

Halaber, zientzialariak ere gizarteko talderik baloratuenen artean daude. Hain zuzen, azterketa kuantitatiboan ikusi ahal izan da zientziarekin lotutako lanbideek betetzen dituztela lanbide baloratuenen zerrendako lehenengo hiru postuak: medikuak daude lehenengo lekuan, 1etik 5erako eskalan 4,4 puntu eman baitizkiete, batez beste, herritarrek, eta zientzialariak bigarrenean eta ingeniariak hirugarrenean, 4 puntu eta 3,8 punturekin, hurrenez hurren.

Andoni Eizagirre (HUHEZI), Itziar Nogeras (ELhuyar), Iñaki Martínez de Luna (PSK) eta Eguzki Urteaga (EHU). (Argazkia: Iñigo Ibañez )

Goraipatu arren, eta beren funtzio soziala aintzat hartu arren, hain onak ez eta arriskutsuak diren alderdiak ere ikusten dituzte herritarrek zientzian eta teknologian. Zenbait muga etiko gainditu direla uste du jendeak, hala nola giza klonazioan edo enbrioien manipulazioan. Oro har, azterketa kuantitatiboan ikusi zenez, herritarren % 41,5ek uste du zientziak eta teknologiak ekartzen dituzten onurak kalteak baino handiagoak direla. % 37,5ek dio parekatuak direla onurak eta kalteak, eta % 8,5ek, berriz, kalteak handiagoak direla onurak baino.

Gainera, adierazi dute publizitatearen eta marketinaren bidez herritarrengan beharrak sortzen dituztela hainbat markak. "Ez diogu erosteari uko egiten, harrapatuta bezala gaude, eta ez dugu aterabiderik ikusten" dio parte-hartzaile batek. Aho batez adierazi dute eztabaida-taldeetan gurpil zoro batean biraka gabiltzala.

Indar handiagoa egin behar da

Zientzian eta teknologian gertatu diren aurrerapauso guztiak zientzialariek egiten dituzte, noski.Mundua ulertzeko nahiak, gauza berriak aurkitzeko gogoak, gizartearen esker ona sentitzeko grinak eta dirua irabazteko nahiak bultzatzen dute, besteak beste, jendea zientzialari bihurtzera eta ikerketan aritzera.

Hala ere, ikertzaileen lehen uneko bokazioa eta gogoa ahultzen joaten dela uste du jendeak, politikariek ez dietelako ematen zientziari, teknologiari eta berrikuntzari merezi duten garrantzia. Horregatik guztiarengatik uste dute nahi izaten dutela ikertzaileek atzerrira joan. Oro har, jotzen da atzerriko herrialdeetan, bereziki Europan eta Estatu Batuetan, diru gehiago inbertitzen dutela zientzia eta teknologian, eta ikerketa-sistema hobeki antolatuta dagoela. Jendearen ustez, Euskal Herrian lan-baldintzak oso kaskarrak dira ikertzaileentzat, eta, ikertzaileek, gainera, emaitzak lortzeko presioa dute.

Egoera hori izanda, zientzia-politiken berregituraketa bat egiteko eskatzen du gizarteak. Aldaketak ongizatea lortzera bideratu beharko lirateke, baita ikerkuntza egonkortzera eta ikertzaileen segurtasuna bermatzera ere. Hala, errentagarriak ez diren eremuak ere aintzat hartu beharko lirateke. Izan ere, jendeak uste du "zientzia eta teknologian ez inbertitzea dela geroan ez sinestea".

EAEn, baikortasun-puntu bat sumatzen da; herritarrek uste dute badaudela aldaketa-zantzuak. Alegia, erakundeak jabetu direla desafio eta erronka berriez, eta apustuak egiten hasi direla zientzia eta teknologiak ikertzea bultzatzeko. Zehazki, Innobasque eta, bereziki, Ikerbasque, aipatu dituzte aldaketaren erakusle gisa.

Nafarroan eta Iparraldean, berriz, zaharrak berri dituzte. Ipar Euskal Herrian, are gehiago, administrazio mailako aldaketak ikusten dituzte ezinbestekotzat zientziak eta teknologiak aurrera egin dezaten. Hain zuzen, funtsezkotzat jotzen dute Ipar Euskal Herrian unibertsitateren bat egotea.

Ez da jendearen interesekoa

Garrantzitsutzat jo arren, herritarrek ez dute aparteko interesik zientzia eta teknologiari buruzko gaiekin, beren eguneroko bizitzan baliagarriak ez zaizkien gaiekin, behintzat. Hau da, beren bizitzan eragin zuzena duten neurrian sentitzen dute herritarrek zientzia eta teknologiarekiko interesa. Hala, zientzia eta teknologiaren hiru arlo nabarmentzen dituzte intereseko gisa: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, direla Ipodak, Mp3ak, informatika, Internet eta abar; ingurumena, energia berriztagarriak eta garapen jasangarria; eta osasuna eta medikuntza.

Herritarren jarrera horrek isla zuzena du komunikabideetan. Hain zuzen, prentsa-azterketaren emaitzek adierazi dute teknologiarekin, osasunarekin, informatikarekin eta ingurumenarekin lotutako gaiak direla egunkarietako albisteetan gehien agertzen direnak. Garbi gelditu da, baita ere, egunkariek ez dutela zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko iritzi askorik ematen, eta are gutxiago euren iritzi propiorik.

Azterketan ikusi da, gainera, testu gehienak (1.089) oso garrantzi txikikoak direla, Richard Budd-en garrantzi-eskala irizpide hartuta (albistearen tamainan, hartzen duen espazioan, orrialdearen zenbakian eta erabilpen grafikoan oinarrituta); eta, erabateko garrantzia izan duten testuak, berriz, 55 besterik ez direla izan.

Azterketa honekin oinarri bat finkatu da, non gauden jakiteko. Izan ere, nekez jakingo dugu zientziaren komunikazioan, zientzia-politiketan, hezkuntzan eta beste hainbat arlotan zer eskaini, abiapuntua ezagutu gabe.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia