Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana, 2015: Herrialde batek etorkizunaren alde egindako apustua
2012/09/01 Campillo, Igor - EHUko Euskampus proiektuaren zuzendaria Iturria: Elhuyar aldizkaria
Esaten da ekonomian indartsuen diren herrialdeek ez dutela aberats direlako inbertitzen zientzian, baizik eta aberats direla zientzian inbertitzen dutelako. Zientzian inbertitzeaz hitz egitea hezkuntzan inbertitzeaz hitz egitea ere bada, zeren eta biak, zientzia eta hezkuntza, txanpon beraren bi aldeak dira: hazkunde ekonomikoarekin eta aurrerapen sozialarekin truka dezakegun txanponarenak. Zenbait herrialdek, hala nola Amerikako Estatu Batuek eta Alemaniak, modu bat baino gehiagotan egin diote aurre krisiari, baina modu horietako bakar batean ere ez dute murriztu ikerketarako eta hezkuntzarako inbertsioa. Aitzitik, gehitu egin dute inbertsio hori. Zeren eta inork ez du zalantzan jartzen neurri premiazkoak eta are mingarriak ere hartu behar direla gaur egungoa bezalako krisi ekonomiko baten aurrean, baina hori inoiz ezin da egin herrialde baten hazkuntza ekonomikoan eta ondorengo belaunaldien ongizatean eragina izango duten jarduerak murriztearen kontura.
Hain zuzen ere, gaur egungoa bezalako egoera ekonomikoetan egin behar dira apustu tinkoak, eta denboran jarraituak, ekonomia sendo eta indartsu bat bermatzeko, eskala globalean lehiatzeko modukoa, eta ongizate- eta kohesio-maila handia izango duen gizarte oparo bat bermatzeko. Horixe proposatzen du Eusko Jaurlaritzaren 2015eko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak (ZTBP2015). ZTBP2015 plana zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren bidez aberastasuna eta ongizatea sortzera bideratutako plan bat da. Horren bidez, oraingo Eusko Jaurlaritzak apustu egiten du behar diren kondizioak eta bitartekoak sortzeko, Euskadi gai izan dadin lehen mailako zientzia eta teknologia sortzeko eta horretatik etekin sozial eta ekonomikoa lortzeko, hazkuntzari dagokionez, lehiakortasunari dagokionez, enpleguari, talentuari, nazioarterako proiekzioari eta ongizateari dagokionez. Apustu horrekin, jarraipena eman nahi zaie aurreko planen arrakasta-estrategiei, eta lortu nahi da Euskadiri ahala ematea bere erronka eta beharrei testuinguru global batean erantzun diezaien, epe luzera erantzuteko eta arrakasta izateko berme handiagoekin. Herrialdearen aldeko apustu gisa, ZTBP2015 erakunde arteko plan bat da, Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako sail guztiek zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-gaietan egin beharreko jarduera bideratzekoa.
Zientzia, teknologia eta berrikuntzako politikak badu Euskadin, jadanik, hiru hamarkadako historia, eta 80ko hamarkadaren hasieratik bertatik ezaugarri nabaria izan du helburu nagusien eta jarduera askoren aldeko jarraikortasuna. Analisi xeheagoetan sartu gabe ere, eboluzionatzeko gaitasuna aipa genezake politika horretatik: teknologia-eduki handiko industria-planak izan ditu hasieratik, eta, hala ere, jakin du pixkana pisu handiagoa ematen zientziari eta berrikuntzari; Europako eskualdeen berrikuntza-estrategietan txertatu da; informazioaren gizarteko planak bereganatu ditu garaiz; eta unibertsitate-planak garatu ditu. Horrekin guztiarekin, I+G+Baren lasterketan ongi kokatutako herrialdea gara, Euskadi lehenengo eskualdeen artean baitago I+G+Baren bilakaera neurtzen duten adierazle askotan. Horrez gain, Euskadi da gaur egun krisi-egoera hobekien eramaten ari diren autonomia-erkidegoetako bat. Bi gauza horiek lotuak daude, dudarik gabe.
Datu horiek gorabehera, ez dugu diskurtso triunfalistarik egin behar. Euskadik, 2010ean, BPGaren % 2,08ko inbertsioa egin du guztira I+Gan, eta Estatuko aurrenekoen artean jarri da horrela, baina oraindik urruti dago Europan aitzindari diren herrialde batzuek egindako ahaleginetik: hor ditugu, esaterako, Finlandia (% 3,96), Suedia (% 3,62) eta Alemania (% 2,82). Euskal Herrian, I+Gn egiten den gastua enpresei dagokie gehienbat, baina enpresa handien proportzioa apala da. Nabarmentzekoa da, gainera, euskal unibertsitateek protagonismo gutxi dutela, Estatuko eta Europako batez bestekoarekin alderatuta.
Hori da, hain zuzen ere, ZTBP2015 planak Euskadiko ZTBrako aurreikusten duen hobekuntza-aukerarik nabariena: unibertsitateen produktibitate zientifikoa handitzea, nazioartera proiektatzea, eta elkarri hobeki lotzea enpresa-ehuna, zentro teknologikoak eta unibertsitate-eremua. Aipatzekoa da, ZTBP2015 garatzeko elementu giltzarri izango den ekimen berezia baita, Euskampus Nazioarteko Bikaintasun Campusa, zeinaren buru baitira EHU, Tecnalia eta Donostia International Physics Center. Bikaintasun akademikoa, prestakuntza-eskaintza kalitatekoa eta nazioarterako erakargarria, eta lurraldearekin lotua dagoen eta erantzukizuna duen unibertsitate bat ez dira nahikoa ZTBP2015 planaren arrakasta bermatzeko, baina, dudarik gabe, ezinbestekoak dira horretarako.
Bide luzea dugu egiteko, beraz, ahalegin-adierazleen aldetik herrialde aurreratuen pare jarri nahi badugu. ZTBP2015 planaren xedea da 2015ean BPGaren % 3 I+Gan gastatzera iristea. Konkretuki, proposatzen da I+Gko gastuaren maila handitzea unibertsitateek, eta oraingo % 0,39tik % 0,55era igotzea 2015erako, eta goi-hezkuntzan gastua % 35 igotzea. Ahalegin-adierazle horiek neurtzen dute zenbat giza baliabide eta finantza-baliabide mugitzen diren, eta ezinbestean loturik joan behar dute emaitza-adierazle batzuekin, horiek ebaluatzen baitute zenbateraino lortzen diren planaren helburuak eta, azken batean, horiek erakusten baitigute nola laguntzen duen ZTB sistemak herrialdearen aurrerapen ekonomiko eta sozialean. ZTBP2015, batez ere, emaitzak lortzera bideratutako plan bat da, eta ZTB bultzatzen egindako ahaleginaren eta izandako eraginaren ebaluazioaren artean trazabilitate bat ezartzera bideratutako plan bat. Hogeita zortzi emaitza-adierazle jarri dira, eta haien artean aipa ditzakegu: langileko balio erantsi gordina 83.307 euroraino handitzea (gaur egun 70.686 dira); okupazio-tasa % 69tik % 72 baino gehiagora igotzea; I+G egiten duten enpresen kopurua oraingo 1.500etatik 2.500 baino gehiagora igotzea; intentsitate teknologiko handiko esportazioen ehunekoa % 15eraino gehitzea oraingo % 10etik; ISI argitalpenen kopurua % 30 handitzea; eta urtean 600 gradudun doktore berri izatera iristea (orain 400 dira).
Egungo testuinguruan, murrizketa eta dekretu batzuek itolarrian daukate ikerketarako gaitasuna eta goi-hezkuntzarako irispidea, eta horrek zail egingo du ZTBP2015ek ezarritako helburuak erdiestea. Tresnez eta ekimenez gain, beharrezko izango da gure jardueretan eta I+G+Ba kudeatzeko moduetan irekitasuna eta malgutasuna nagusitzea, ahalik eta gehien baliatuz dauden gaitasunak eta baliabideak, eta konektibitatea eta lankidetza sustatuz norberaren interesen gainetik. Izan ere, jokoan daukaguna ez da geure etorkizuna, baizik eta ondorengo belaunaldiena.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia