}

Zientzia komodin publizitatean

2009/07/25 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Publizitatea oso garrantzitsua da gure gizartean; ikusi besterik ez dago enpresek, eta, oro har, erakundeek zer dirutza gastatzen duten urtero publizitatean. Hain zuzen, jotzen da herritarren iritzia moldatzen dutela iragarkiek, eta jendeak eredutzat hartzen dituela bere jokabidea zehazteko.
Zientziaren eta teknologiaren hainbat arlotan egindako aurrerapenei esker garatu dituzte, besteak beste, krema kosmetiko.
Sunshinecity

Publikoarentzat deigarri izateko, iragarkietako mezuak zientzia-kontuekin lotuta agertzen dira hainbatetan. Berez, ez legoke arazorik iragarkietan behar bezala erabiliko balituzte zientzia-kontuak. Azken batean, egia da iragartzen dituzten produktu asko zientziaren eta teknologiaren hainbat arlotan egindako aurrerapenei esker garatu dituztela: automobilen ezaugarri berriak, zimurren kontrako kremak, eta hainbat esnekiri eransten dizkieten mikroorganismoak, adibidez.

Baina arazoak, egon, badaude publizitateak zientzia erabiltzeko duen moduarekin. Itxuraz, iragartzen ari diren produktuen xehetasunak azaltzen dituzte zientzia-kontuak aipatzen dituztenean. Askotan, baina, sinesgarritasuna handitzeko baino ez dute jotzen zientziara, zientziak ustez duen ospean babestera. Zientziak egia absolutua eta eztabaidaezina izango balu bezala.

Zientziaren indarraz baliatzea

Guk fidagarritzat joko dugun informazioa ematen saiatzen dira iragarleak, eta horregatik jotzen dute bide horretatik, Madrilgo Alcalá Unibertsitatean horren inguruan egindako ikerketa batean ondorioztatu dutenez. Izan ere, merkatuan produktu bakoitzeko hainbat barietate daude, eta kontsumitzaileok publizitatean oinarritzen gara askotan aukeran ditugun bertsio guztien artean egokiena zein den aukeratzeko.

"Ez da magia, zientzia da" dio azkenaldian telebistan ikus daitekeen xanpu-marka ospetsu baten iragarkiak. Kito. Beste azalpenik ez dute ematen. Zientzia baldin bada, nahikoa berme dauka. Ezin da zalantzan jarri.

Kontsumitzaileok publizitatean oinarritzen gara askotan aukeran ditugun bertsio guztien artean zein erosi aukeratzeko.
Ollie Crafoord

Beste batzuetan, salgai duten produktuaren oinarri zientifikoa ematen saiatzen dira iragarkietan, kontsumitzaileen artean fidagarriago agertzeko. Batzuetan, baina, erabiltzen dituzten kontzeptuak ezin dira zientifikotzat jo. Halako kremaren molekulek gorputzean metatuta dugun gantza irensten dutela esateak edo halako zerealek energia osasuntsua ematen digutela esateak ez dute zentzuzko ezer adierazten. Molekulek ez dute ezer irensteko gaitasunik. Eta energia energia da, ez dago besteak baino osasuntsuagoa den energiarik.

Tarteka, bestalde, azalpen bereziki konplexuetara jotzen dute iragarkiek. Oso pertsona gutxi dira gai iragarki jakin batzuetan esaten direnak ulertzeko. Esate baterako, larruazaleko zelulei denbora luzeagoan bizirik irauten laguntzen dien krema baten iragarkiak dio sirt-activating egiteko gaitasuna duela, eta sirtuinak bizkortzen dituela.

Alcalá Unibertsitateko ikertzaileek diote iragarki horien helburua dela ikusleei ikusaraztea guztiz ezinezkoa dela haientzat funtzionamenduaz jabetzea. Hala, ikusleengan sortu nahi duten sentsazioa da begi aurrean duten produktua oso konplexua dela. Horren atzean ideia bat transmititu nahi dute: konplexua baldin bada, oso baliagarria da.

Egia da oso zaila dela produktu baten funtzionamendua modu ulergarri batean azaltzea oso iraupen txikia duten iragarkien bidez. Kosmetikoen jarduera ulertzeko, adibidez, beharrezkoa da biokimikan gutxieneko ezagutza-maila bat izatea.

Sobera ongi dakite hori iragarleek, eta, hala ere, erabili egiten dituzte. Zilegi den edo ez aztertu gabe, argi dago bide horretatik joatea eraginkorra eta errentagarria zaiela; hala izango ez balitz, aspaldi izango zuten alde batera utzia...


Ortzadar-e n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia