Izaro Basurko Pérez de Arenaza
Ingurumen-zientzialaria eta ekintzailea
"Zientzia ez da neutrala: norbaitek egiten du, norbaitentzako"
2021/04/16 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Izaro Basurko Pérez de Arenazak unibersitateko ikerketa-lana eta gizarte-mugimenduetako ekintzailetza uztartzen ditu, klima-larrialdiaren arloan. Horra iristeko, zientziaren bidea hartu du, baina mapetan nabarmentzen ez ziren bidezidorrak bilatuz eta aurkituz.
Zientziara ingurumenetik hurbildu zela azaldu du Basurkok; hain zuzen, Ingurumen Zientziak ikasi zituen, Salamancako Unibertsitatean. "Beti gustatu izan zaizkit ingurumena, ekologia, ekologismoa... eta horrela sartu nintzen mundu horretan. Prestige ontziaren hondamendiak eragin handia izan zuen horretan, akuilu bat izan zen, jakin nahi izan bainuen zientziak eta teknologiak nola jokatzen zuten eta zer egin zitekeen halako zorigaitzak eragozteko", gogoratu du Basurkok.
Basurkok berak parte hartu zuen Prestige-ren garbiketa-lanetan, eta ikusi zuen dena ez zela elkartasuna eta borondatea. "Batzuek hondamendiarekin negozioa egiten dutela baieztatu nuen".
Ingurumen Zientziak ikasten hasi zenean, ohartu zen zientzia eta teknologia ez direla neutralak: "norbaitek egiten dituela, eta norbaitentzako direla". Orduan, lankidetzaren munduan sartzen eta beste lurralde batzuk ezagutzen hasi zen. "Zientzia jendearen bizitza hobetzeko eta okertzeko erabil daitekeela ikasi nuen, edo dirua irabazteko, adibidez".
Hasieran bakarrik sentitzen zen, baina laster Mugarik Gabeko Ingeniaritza taldea ezagutu zuen, eta haiekin boluntario-lanetan hasi zen, baita Ekologistak Martxanekin ere. Horri esker, bere antzera pentsatzen zuen jende asko ezagutu zuen, eta, nahiz eta asko ez ziren unibertsitate-mundukoak, ikusi zuen badagoela zientzia egiteko beste modu bat.
Sisteman arrakalak irekitzearen alde
"Gizarte-mugimenduetan lan egiteak jendearengandik gertu egotea ematen dizu, haien kezkak eta arazoak ezagutzea. Baina, bestalde, egiten dituzun ikerketei ez zaie unibertsitatean egindakoen maila bera ematen, gutxietsi egiten dira", azaldu du Basurkok. "Nire ustez, garrantzitsua litzateke biak batzea. Alde batetik, zientziaren metodologia zorrotz jarraitzea, eta, bestetik, jendea aintzat hartzea eta aurrerapenen ondorioak aurreikustea".
Horrez gain, merkantilizazioaren arazoa aipatu du Basurkok: "Enpresa asko eta asko sartu dira unibertsitatean, eta dirua, ikerketak eta ospea haien interesak babestera bideratu dira. Aldiz, gizarte-mugimenduek askoz ere diru gutxiago dute, osperik ere ez dute, eta ezin dute aldizkari nagusietan argitaratu. Horrek, ikertzaile askori, ikertzeko ahalmena edo gogoa kentzen die". Komunikabideek ere, sarritan, lan akademikoak nabarmentzen dituzte, eta besteak itzalean utzi.
Hala eta guztiz ere, uste du sisteman arrakalak irekitzeko ahalegina egin daitekeela eta egin behar dela: "Ez da erraza inertziak haustea, baina, dugun prekarietatearekin zaila bada ere, baditugu aukerak zirrikitu batzuk irekitzeko, eta baliatu egin behar dugula iruditzen zait. Are gehiago, EHU unibertsitate publikoa dela kontuan hartuta".
Artikulu zientifikoen eta aldizkarien sistema, adibidez, esanguratsua iruditzen zaio. "Unibertsitate publiko baten bidez egiten duzu ikerketa, baina, gero, aldizkari batean argitaratzeko, ingelesez idatzi behar duzu, haien irizpideen arabera. Eta, argitaratutakoan, irakurri nahi duenak ordaindu egin behar du, ingelesez jakin behar du, eta Internet eduki behar du. Norentzat ari gara? Niri gustatuko litzaidake euskaraz ikertzea eta euskaraz idaztea artikulu horiek, baina, orduan, ez da inora iritsiko".
Dena den, EHUren leloa Eman ta zabal zazu dela gogorarazi du, eta horretan saiatzen da: gizarteari ematen ikasten duena. "Adibidez, energia-trantsizioan sartuta nago orain, eta udal batek edo beste eragile batek deitzen digunean, laguntza eske, guk iritzia ematen diogu. Eta horrek asko asetzen nau, paper bat argitaratzeak baino gehiago. Baita hitzaldiak emateak ere, gaztetxeetan, edo Goienerrek antolatutako saioetan, edo beste edozein lekutan; horrek ematen dizulako jendearekin hitz egiteko aukera, zalantzak argitzekoa... Horrelako gauzak egiteak asko asetzen nau, gizartearekiko betebehar hori dugula uste baitut".
Izaro Basurko Pérez de Arenaza
Donostian jaioa, 1981ean. Ingurumen Zientzietan lizentziaduna da Salamancako Unibertsitatean. Ikerketa eta lankidetza proiektuak kudeatzen ibili da azken urteetan, eta orain mPower izeneko proiektu europarrean dabil lanean, EHUn energia trantsizioari buruzko doktoretza egiten duen bitartean. Azken urteetan, Mugarik Gabeko Ingeniaritzarekin eta Ekologistak Martxanekin aritu da elkarlanean, eta egun Ekopol ikerketa-talde kontsolidatuko partaidea da.
eu es fr en ca gl
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia