}

Zerua ilundu egin da, Europan izan ezik

2009/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zerua ilundu egin da, Europan izan ezik
2009/05/01 | Elhuyar
(Argazkia: Imageafter)

Airearen poluzioa hazi egin da 1973tik kontinente populatu guztietan, Europan izan ezik. Hori ondorioztatu dute Marylandeko eta Texasko unibertsitateetako zientzialariek, munduko 3.250 estazio meteorologikotatik neurtutako ikuspen-maila kontuan hartuta.

Zeruaren ikuspen-maila 1973tik 2007ra jaitsi egin dela ikusi dute. Iluntze handiena Hego Asian eta Hego Amerikan gertatu da. Iluntze horretan, garrantzia izan dute aerosolek, baina erregai fosilak erretzean sortutako kedar-partikulak eta sulfatoak izan dira erantzule nagusiak. Europan soilik garbitu da zerua azken hogeita hamar urteetan. Ikerketa honek 2005ean Science aldizkarian argitaratutako beste biren kontrakoa esaten du. Orduan ondorioztatu zuten 1950etik 1990era zeruak ilundu egin zirela, baina 1990etik aurrera argitzera jo zutela mundu-mailan.

Airearen kutsadurak osasunarekin zerikusi zuzena izateaz gain, klima-aldaketan ere eragiten duela uste dute zientzialariek, nahiz eta ez dakiten zehazki nola. Batetik, kedarrek eta aerosolek lainoak areagotzea eragin dezakete, eta, atmosfera hoztu, laino horiek eguzki-izpiak islatzen dituztelako espaziora. Baina aerosolek, zenbaitetan, lainoak gutxitu egiten dituzte, ustez Txina iparraldean gertatu den moduan. Bioerregaien kedarrak, gainera, eguzki-argia xurgatu egiten du, espaziora islatu beharrean. Horren eraginez, troposfera berotu egingo luke, karbono dioxidoak eta berotegi-efektuko beste gasek bezainbeste. Horregatik, zientzialariek ezin dute zehaztu zer eragin duen airearen poluzioak munduko tenperaturan.

1
253
2009
5
012
Ekologia; Ingurumena
Albisteak
12

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia