Zergatik dira erresistenteak?
2002/03/15 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Penizilinaren aurkikuntzak eta antibiotikoen garapenak noizbait edozein gaixotasun sendatuko zen itxaropena ekarri zuten. Urteak pasatuta, ordea, bakterioek antibiotikoen eragina gainditzen 'ikasi' dute. Pixkanaka, XX. mendeko sendagaiak eraginkortasuna galtzen ari dira. Menderatutako gaixotasunak larri bihurtzen ari dira ospitaleetan. Arazo handia da.
Staphilococcus aureus bakterio arriskutsua da. Antibiotikoak ezagutzen ez zirenean, sistema immunologiko ahuleko pertsona asko hil zituen. Metizilinaz tratatuta, aldiz, kontrolpean izan da bakterio hori. Baina antibiotiko horrek gero eta bakterio gutxiago hiltzen ditu.
Erresistentzia hori nola garatzen duten ikertzeko modua aurkitu dute genetista batzuek: bakterioaren andui guzti-guztiak ez dira erresistente bihurtzen. Proiektu horretan bi talde ari dira elkarlanean: portugaldarra bata eta estatubatuarra bestea. Zientzialariek Europan, Estatu Batuetan, Japonian eta Hego Amerikan hartu dituzte Staphilococcus aureus bakterioaren laginak. Metizilinarekiko erresistente direnen eta ez direnen geneak konparatu dituzte (3.000 anduitik bost bakarrik ez ziren erresistenteak).
Hala, zientzialariek uste dute erresistentzia ematen duten geneak identifikatu dituztela. Dena dela, beste geneen ekarpena zein den ez dago argi, baina horietako batzuek erresistentzia indar dezaketela pentsatzen dute. Lan asko dago egiteko oraindik, baina genetistak bide egokia hartu dutelakoan daude.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia