}

Zer zen lehenik, itxura ala funtzioa?

2006/05/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Kaktusak ondo baino hobeto daude egokituta basamortuko giroari. Prest daude fisiologikoki eta anatomikoki inguruan duten ur-apurra xurgatzeko eta lortutakoari eusteko. Adibidez, transpirazioz ura galtzea saihesteko, espezie gehienek ez dute hostorik, eta zurtoinean egiten dute fotosintesia. Zurtoinak, gainera, ura gordetzeko balio du, eta, horregatik, lodia izaten da.

Ikertzaileek jakin nahi izan dute nola sortu diren moldaera horiek eboluzioan zehar, eta galdera honi erantzuten saiatu dira: zer izan zen aurrena, itxura-aldaketa ala ura aurrezteko estrategiaren garapena.

Galderari erantzuteko, Yale Unibertsitateko botanikariek Pereskia generoko kaktusei erreparatu diete. Botanikarien ustez, genero hori da primitiboena. Bi adarretan banatzen da, eta horietako batek ez du itxura aldetik gainerako kaktusen antzik, nahiz eta funtzio bertsuak dituen. Adibidez, hostoak ditu, eta hosto horiek ura gordetzeko eta fotosintesia egiteko egokituta daude, beste kaktusetan ezohikoa den era batera.

Pereskia generoko espezieen berezitasunak aztertuta, botanikariek ondorioztatu dute kaktusak ur-eskasiara lehenik fisiologikoki egokitu zirela, eta gero garatu zituztela ura aurrezteko eta gordetzeko aukera ematen dieten ezaugarri anatomikoak.

Argazkian, Pereskia godsefiana (Paul Brunelle/ Kaktusen eboluzioa eta filogenia).