}

Zelularen ate elektrikoa

2001/06/08 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Kitzikatzeko gaitasuna duten zelula guztiek, adibidez, nerbio-seinalez, muskulu-uzkurdurez edo bihotz-taupadez arduratzen direnek, mintz zelularrean dagoen ioi-kanalen bidez egiten dute lan. Tentsio edo potentzial-diferentzia txiki baten eraginez, kanal horiek ioi lasterra pasatzen uzten dute; gero, bat-batean itxi egiten dira.

Azken 50 urteetan ikertzaileek bulkada elektrikoak sortzen dituen mekanismo zelular hori aztertu dute. 1970ean kanalak nola ixten ziren azaltzen zuen eredu bat proposatu zen. Eredu horren arabera, kanalean gora eta behera dabilen tapoi batek ixten du kanala. Orain, ordea, New Yorkeko Unibertsitateko Mac Kinnon ikertzaileak eta bere taldekideek mekanismoari buruzko azterketaren emaitzen berri eman dute.

Ioi-kanalak ixteko 'sugearen' eredua

Nature aldizkarian argitaratutako lanean, Mac Kinnon-ek kanalaren barruan dagoen sugearen irudia erabiltzen du tapoiarena beharrean. Mintz zelularra koipetsua da eta 'sugea' kanalaren erdian kokatzeko mugitzen da. Ikertzaileek bakterio baten ioi-kanalaren zatiak sistematikoki aldarazi zituzten funtzio hori kontrolatzen zuen zatia zein zen zehazteko.

Gainera, 'sugearen' itxura zuten molekulek ere tartea ondo ixten zutela ikusi zuten. Hori jakinik, sendagai berriak diseinatu ahal izango dira. Hain zuzen ere, dagoeneko badira ioi-kanaletan lan egiten duten sendagaiak, esate baterako zenbait anestesiko edota bihotz-taupada irregularrak kontrolatzeko erabiltzen diren sendagai batzuk.

Ioi-kanalen egitura nolakoa zen jakiteak lan handia eman zien, mintz koipetsuak detergentez garbitu eta analizatzeko proteinak bildu behar zituztelako. Azkenean, kanal asko ekoizteko gai zen bakterio eraldatua lortu zuten, eta horri esker, aztertu ahal izan zuten egitura. Emandako pausoa garrantzitsua bada ere, hemendik aurrera ugaztunen zelulen ioi-kanalak ikertzeko asmoa dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia